Kontzeptua

Igitaigile eta segagileak

Igitai xaflak gerrarako arma bezala erabili izan ziren. Lehenengoak asiriarrak izan zirela uste da, gerrako gurdietako gurpiletan jartzen zituzten, aho edo xafla gisan. Erdi Aroan, igitaia kirten edo helduleku bati lotuta erabiltzen zuten oinezko soldaduek, zaldien belaunpeak hausteko. XVI. mendean, Alemanian, igitaiak arma bihurtzea debekatu zitzaien errementeriei, heriotza zigorpean.

Beste erreminten kasuan bezala, igitaiak eta segak errementariek egin izan dituzte betidanik, lurrean egoten ziren ingude txiki batzuen gainean "hortza zorrozteko". Kirtena berriz, arotzek egiten zuten, baita sega-potoa ere, sega zorrozteko harria gordetzeko ontzia, segalariek gerrian lotuta eramaten zutena.

Industrializazioa hasi zenetik, eta batez ere XX. mendetik aurrera, errementariak tresna horietan espezializatzen joan ziren. Makinaren bat erabiltzen hasi ziren, baina funtsean behintzat, lantegia zegoen bezala mantendu zuten, sutegia eta eskuzko erreminta guztiekin. Hori zela eta, segagile eta igitaigileek betiko fabrikazio prozesu eta teknologiak mantendu zituzten, herriko, zonako eta baita eskualdeko eskariari erantzuten zioten bitartean. Euskal Herriko errementaririk ezagunena Aramaiokoa izan zen. Juan Garmendia Larrañagak ikerketa eta azterketa luze eta sakon bat egin zuen hari buruz.

Igitaigileen lanak garrantzi handia izan zuen Ciudad Real probintziako La Solana herrian. Bertan errementari asko zegoen, horien artean aipagarrienak Reguillo familiarena (La Pajarita marka) eta C. Romerorena ziren. Azken horrek oraindik jardunean dirau. Han inguruan igitaigile eta segagile artisau ugari zegoen, eta denen artean Espainiako eskaria hornitzen zuten.