Kontzeptua

Igitaigile eta segagileak

Jarraian, erreminta horrek atzeko ertz osoan izaten duen nerbioa ateratzen zioten. Horretarako, xafla gabi batekin kolpatzen zen, kasu horretan pieza hotzean zegoela. Bitartean, gabiaren aurrean eserita zegoen langileak, kolpeen artean, pieza aurrera eta atzera mugitzen zuen.

Eragiketa horren ondoren, piezaren gainazala oso irregularra geratzen zen, eta horregatik beharrezkoa zen leuntzea, lauketa izeneko eragiketa baten bitartez. Azken hori, aurreko eragiketa gehienak bezala, gabia baten bitartez egiten zen.

Langileak, makina aurrean zuela, pieza tenaza batzuekin bi ertzetatik hartzen zuen, eta eskuz alde guztietara mugitzen zuen pieza, gainazal guztia bi mailu buruen artetik pasa eta horien golpe azkarrei esker, sega xafla fin eta ahurra uzteko, hau da, sega batek duen behin betiko forma emateko. Horretarako buru kurbadunak erabiltzen ziren. Jarraian, ahoan soberako materiala kentzen zen, metala mozteko eskuzko guraize batzuekin. Lan hori begi hutsez egiten zen, eta gero eredu batekin konparatzen zen. Geroago, guraizeen ordez zizaila mekaniko bat jarri zuten, forma kurbaduna zuena eta segak mozteko aparailu bat zuena. Gainera, makina hori erabiltzeko ez zen inolako espezializaziorik behar.

Kirtena tresna berezi batekin berotu ondoren, tolestu egiten zen. Jarraian, altzairua tenplatu eta gogortu egiten zen. Horretarako, 840 ºC-ko berun-bainu batean berotzen zen pieza, eta hoztu, berriz, 300 ºC-ra zegoen nitrato eta potasan. Izan ere, pieza azkar hozten bazen, pitzatzeko arriskua zegoen. Horregatik, tenplaketa biguna ematen zioten, horrela nekazariek, sega kamusten zenean, eskuz zorroztu ahal izateko.

Tenplaketaren ondorioz, xafla deformatu egiten zen, eta uhin horiek ezabatzeko, pieza leundu egiten zen. Eragiketa hori lan zaila zen, eta ondo egiteko gutxienez urtebetez ikasi behar zen. Langileak, berriz ere bi mailu-buruen artean jartzen zuen sega xafla, eta behar bezala mugituta, kolpeen bidez, xafla leuntzen zuen.

Gero xafla eskuz zuzentzen zuten. Horretarako, langileak ezkerreko eskuarekin sega hartu eta ingude baten gainean jartzen zuen, forma egokia zuela ikusi ahal izateko. Hala ez bazen, gehienetan geratzen zen bezala, mailu batekin kolpatzen zuen, eskuz, eta behar zen puntuan, deformazioa zuzendu eta sega erabat zuzen uzteko.

Langileak jakin behar zuen non kolpatu behar zuen sega, baita nolako indarrez egin behar zuen ere. Hori urte askotako eskarmentuari esker bakarrik ikas zitekeen, eta horregatik segagintzako lanik zailenetarikoa izateaz gain, estimu handikoa zen eta oso ondo ordaintzen zen.

Jarraian, urez bustitako harriekin leundu eta berdintzen zen sega xafla. Harri horiek borobilak eta handiak ziren, 1970eko hamarkada arte harearrizkoak. Diametroa 1,50 m eta zabalera 20 cm inguru zuten, ez zuten oso abiadura handian biratzen eta beti urez bustita egoten ziren. Langileak erreminta bi eskuekin hartu, eta harrizko gurpilaren goiko aldean labaintzen zuen.

Prozesuaren hurrengo pausoa, polea sabelduak erabiliz, xafla eskuz leuntzea zen. Horretarako ez zen inolako trebetasun berezirik behar. Gero, xaflaren bi aurpegitan marrazkia zeritzona markatzen zen: segaren gainazalean kolpe marka txiki batzuk egiten ziren, bata bestearen ondoan, ondulazio txiki batzuk sortuz. Marka horiek sega apaintzeko besterik ez zuten balio. Horiek egiteko, langileak sega gabia txiki batean, goiko burua puntaduna eta behekoa laua zuena, jartzen zuen, eta golpe kadentzia azkar baten bidez, markak sega xaflan geratzen ziren. Lan hori egiteko trebetasun eta arreta behar zen.

Gero, ebaketa-ertz osoari ahoa jartzen zitzaion, ahoa zorrozteazeritzona. Goiko burua kurbatua eta beheko buru zapala zuen gabi batek emandako kolpe azkarren bidez, ertza zapaldu egiten zen, fin eta zorrotz utzi arte.

Langileak sega eskuekin hartu eta ertz osoa buruen artetik pasatzen zuen, arrabol gidari batzuk erabilita. Altzairuzko xafla hotzean kolpatu eta deformatzeko eragiketa horiekin lortu nahi zena ahalik eta tentsio gehiena ematea zen. Horri esker oso aho fin eta zorrotza lortzen zen, nekazariek lana ondo egin ahal izateko. Horregatik ziren horren ospetsuak era horretan egindako segak.

Horren ondoren, sega xafla berriz ere begiz aztertzen zen, ahoa zorroztean sortu zitezkeen deformazio txikiak ingude eta mailu baten bidez zuzenduz.

Horrela bada, sega egiten amaitzen zen. Gero, lantegiko zigilua jartzen zitzaion tintaz, pixka bat iraotzen zen lasto kolorea eman eta berniz geruza batekin estaltzeko; eta handik biltegira pasatzen zen, paketetan sartzeko.

Azaldu berri dugun prozesu berbera jarraituz, ekoizpen garai onenetan, lantegiko 72 langileak eguneko 400 edo 500 sega ekoiztera iritsi ziren. Handik urte batzuetara, 50 langile bakarrik aritzen ziren segak egiten, eta eguneko 300 edo 350 pieza bakarrik ekoizten zituzten, fabrikatutako modelo ezberdin kopuruaren arabera.