Kontzeptua

Igitaigile eta segagileak

Altzairu puska lodi eta motz bat hartu eta lehenbizi, aurreforma ematen zitzaion estanpazio bidez. Aurreforma horrek ez zuen batere antzik behin-betiko piezaren formarekin. Poliki-poliki, hainbat pausotan, pieza luzatzen eta zabaltzen zen, eta behin betiko forma ere ematen zitzaion, gehienetan, Austriatik eta Alemaniatik ekarritako mailu mekanikoen bidez, nahiz eta batzuetan mailu horiek Euskal Herrian egindakoak izan. Langileen piezak bi mailuen artean jartzen zituzten, eta eskuz mugitzen zituzten. Kasu askotan lan hori eskuz bakarrik egiten zen. Horretarako, lantegian bertan egindako karbono-altzairua (Irati 11) erabiltzen zen, oso kalitate onekoa. Prozesua oso neketsua zen, eta 35 pauso edo eragiketa egin behar ziren sega-aho bat egiteko.

Aurreforma egiteko, 30x11 mm inguruko pletina erabiltzen zen, atal bakarrekoa. Bi ertzetan estanpatzen zen, eta horrela egurrezko kirtena heltzeko besoa ateratzen zitzaion. Lan hori lantegiko estanpazio tailer orokorrean egiten zen, eta ondoren sega-lantegira eramaten zen, eta bertan gainontzeko prozesua egiten zen, pieza amaitu arte.

Behin aurreforma eman ondoren, pieza erditik mozten zen, bi atalak pisatu eta mozketa bitartez soberako materiala kentzen zen. Atal bakoitzetik sega bat ateratzen zen. Pieza landugabe horiek behin-betiko segaren luzeraren erdia besterik ez zuten, eta askoz ere lodiagoak ziren. Beraz, hainbat eragiketen bidez, beharrezkoa zen pieza luzatu eta zabaltzea.

Piezaren luzaketa (xafla ateratzea), langile espezializatuek egiten zuten. Fuel-oliozko labe batean pieza berotu ondoren, baleztazko gabi baten bidez kolpatzen zen. Horrelako bi makina zituzten, eta bakoitza langile batek maneiatzen zuen. Horitutako pieza labetik ateratzen zuten, tenaza batzuekin helduta, eta trebetasun handiz, gabiaren ingude gainean jartzen zuten, eta aionarekin makina martxan jartzen zuen pedalari ematen zioten, horrela mailuak pieza behin eta berriro kolpatzeko. Golpe horiei esker, materiala mugitzen joaten zen, eta aurreforma luzatu egiten zen. Piezak ezpata baten antza hartzen zuen, ertz batean oso fina eta kirten aldean lodiagoa baitzen. Erdialdean 4 eta 5 mm arteko lodiera izaten zuen.

Eragiketa hori egin ondoren, materiala behar zen luzeran moztu eta soberan zegoena kentzen zitzaion. Jarraian, zeharka zabaltzeari ekiten zitzaion. Horretarako, beste labe batean berriz ere tenperatura berean berotzen zen pieza. Gero, langileak ezpata mailu-kolpeen bidez pixka bat okertzen zuen, horrela sega-xaflaren forma emateko. Jarraian, sega bi tenaza motzekin ertz batetik eta erdiko aldetik heltzen zuen, eta berriz ere gabi pneumatikoaren azpian jartzen zuen. Gabi hori lantegian bertan egindakoa zen, eta oinarekin jartzen zen martxan. Gabi horrek emandako kolpeen bidez, materiala aldeetara mugitzen zen, horrela pieza zabalduz eta finduz.

Langileak, kolpe artean, pieza mugitzen joan behar zuen: lehenbizi alde batera, gero bestera; gero aurrera eta atzera. Horrela, piezaren gainazal osoa gabiarekin kolpatzea lortzen zen. Maniobra horiek eskuz egiten ziren, inolako eredu edo erreferentziarik gabe, langile bakoitzaren eskarmentuan eta jakintzan bakarrik oinarrituta. Poliki-poliki, hasiera batean ezpata itxura zuen piezari sega itxura ematen zioten.

Mugimendu horiek zirela eta, langileek gorputza makinara hurbildu eta handik urrutiratu behar zuten. Baina hori ez zitzaien zaila gertatzen. Izan ere, sabaitik zintzilik zeuden aulki kulunkari batzuetan esertzen ziren, eta hankak puntu finko batean jarrita bultzatzen zuten gorputza.

Aho erdia behar bezala zabaldu ondoren, piezari buelta eman eta beste aho erdia zabaltzen zen. Eragiketa baten eta bestearen artean pieza hoztu egiten zen, eta horregatik beharrezkoa zen berriz ere labera sartzea (lau edo bost aldiz), berriz ere lantzeko beharrezkoa zen tenperatura hartzeko. Lan hori laguntzaile batek egiten zuen: tenaza batzuekin pieza hotzak hartu eta labean sartzen zituen; eta era berean, pieza beroak beste langileei ematen zizkien, azken horien beharren arabera. Metala lantzen zutenek eta laguntzaileek lantalde bakarra osatzen zuten, baina bakoitzak bere lana bakarrik egiten zuten. 1970eko hamarkadatik aurrera, langile guztiak bi lanak egiten hasi ziren, horrela egunean hainbat aldiz metala lantzeko lana eta labeetakoa tartekatuz. Forjariak erreferentziazko eredu bat izaten zuen alboko mahai batean, eta noizean behin lantzen ari zen pieza horren gainean jartzen zuen, forma eta tamaina zuzena zuela ikusteko, eta hala ez bazen, beharrezko aldaketak egiteko.

Segak ekoiztu ziren azken urteetan, sei gabi zituzten, bakoitza bere lantaldearekin. Lana zaila zen, eskarmentu, trebetasun eta arreta handia behar zuen langilearen aldetik, horrela pieza gabien artean behar bezala mugitu eta honek kolpea behar zen lekuetan jaso zezan. Eragiketa horien guztien amaieran, pieza luze eta fin bat lortzen, lodiera aldakorrekoa. Ertz bat kirtenarena baino finagoa zen, horrela gutxi gora behera sega itxura zuena.