Kontzeptua

Igartubeiti baserria

Gipuzkoako Foru Aldundiak Igartubeiti erosi zuen, desagertzear zegoen euskal ondare eraikiaren elementu esanguratsua babestearren. Zenbait faktorek eragin zuten erabaki hori: Euskal Herriko baserri zaharrenen artean eredugarri izatea, bilakaerako urrats guztien irakurketa garbia egiteko erraztasuna, ondo komunikaturiko kokalekua edo interesa duten gipuzkoar ondarearen parte diren beste elementu batzuetatik gertu kokatua egotea. Arkeologia, arkitektura, etnografia, historia eta dokumentazio arloetan eginiko azterlanek baserriaren historia sakonki ezagutzea ahalbideratu zuten.

Ikerlanaren helburua antzinako baserritarren bizimodu eta usadio tradizionalak zabaltzea zen. Baserri eraberrituak 1630. urtean ustez izan zuen konfigurazio eta giroa irudikatzen ditu, handitua izan ondoren eta dolare zaharra oraindik martxan zegoela.

Museoa baserri berak eta eraikin berri batek osatzen dute. Azken honi aurrenekoaren interpretazio zentro funtzioa egokitu zaio. Eraikin berri hau erdi lurperatuta dago, XVI. mendean baserria ezartzeko aukeratu zen lur plataformaren azpian hain zuzen ere. Horrela, mota guztietako interferentziak saihestu nahi izan dira, baserriaren protagonismoa segurtatuz. Pabilioi berriaren gainean inguruko parajeez gozatzeko begiratokia dago. Habe-dolare gotikoa funtzionamenduan jartzen da urtean behin. Sagardo egitea tokatzen den garaian jartzen da martxan, XVI. mendean erabiltzen zen prozedura bera burutuz.