Kontzeptua

Igartubeiti baserria

Erdi Aroko establimenduaren ordez eraiki zen baserri berria zurez eta harriz egindako eraikin trinko eta handia zen. 14 x 14 m-ko oina zuen, bi pisutan antolatua eta bi isurialdeko estalkiarekin babestua. Klima euritsuari aurre egiteko teilatu-hegal handiak zituen. Egurra erabili zen batez ere, aurre eta alboetako fatxaden oinarrietan eta atzeko fatxada osoan izan ezik. Hauek harrizko hormak erabiliz altxa ziren. Gainontzeko fatxadetan barne espazioa mihiztatutako oholtzaren bitartez ixten zen.

Igartubeiti zaharraren egitura lau habearteko lau portikok osatzen zuten. Egitura guztia pieza bakarreko haritzezko zutabe handiz zegoen eraikita. Era horretan sortzen zen armazoiaren erdian habe-dolarearen masera edo prentsatzeko plataforma txertatzen zen, goiko pisuan.

Igartubeiti bezalako Gipuzkoako baserri berrien arkitekturari egokitu zitzaion dolarea presio etengabea lortzeko sistema ezagun bat zen, palanka eta kontrapisu flotatzaile baten bitartez eragiten zena. Egituraren erdiko bi portikoetako zutabe zentralak bikoitzak ziren. Habe bikoitza edo bernia horien artean 10 metro inguruko palanka bat igarotzen zen. Palanka hau maseraren kontrako muturrean torloju bertikal bati lotua zegoen. Torlojua forjatua zeharkatuz beheko oineraino iristen zen. Aldi berean, beheko muturra harrizko kontrapisuari lotua geratzen zitzaion. Azken hau lurrean ezarrita zegoen sukalde eta eskatzaren artean. Masera neurri handiko habeen bitartez sendotzen zen, prentsada bakoitzean palankak eragiten zuen pisua jasateko.

Baserria produkziora zuzendutako eraikina izan zen garai honetan beste edozein garaiarekin alderatuta. Ezaugarri hau erabileren barne antolamenduan argi islatua geratzen zen, non etxebizitzak azalera erabilgarri osoaren % 15 bakarrik hartzen zuen. Etxebizitza beheko solairuan, hego-sortaldeko erpinean zegoen kokatua eta bi piezatan banatzen zen. Alde batetik, espazio nagusi bat aurrealdean atari, sukalde eta distribuzio funtzioak betetzen zituena. Bestetik, haren ondoan eta ekialdera begira logela bakarra baserriko biztanle guztientzako. Ukuiluak, upategiak eta lan-tresnak gordetzeko eremuak betetzen zuten behe-solairuko gainerako azalera, espazio bakar batean antolaturik. Espazio guzti hauek banantzen zituzten pareta eskasak mihiztaturiko oholtzen bidez eginak ziren, kanpo-itxituren moduan.

Goiko solairuan dolarea eta bere palanka-beso handia ziren nagusi. Azken elementu honen presentziak espazioaren erabilera eta zatiketa mugatzen zituen. Horregatik zatitu gabeko eremu bakar batean antolatu zen. Dolarea inguratzen zuten espazioak baserriko produktuen biltegi bezala erabili ziren. Tailerra, gaztagintza eta bestelako eraldaketa prozesutarako tokiak ere solairu honetan egokitu ziren.

Sukaldea bizitza etxetiarraren muina zen. Bazkalorduetan familiako kide guztiak bertan biltzen ziren erdi-suaren berotan. Lanean ere bertan ziharduten, eguzkia ezkutatzen zenean.

XVII. mende hasieran handitze-lan garrantzitsuak bizi izan zituen Igartubeiti baserriak. Jatorrizko baserria hegoalderantz eta bi alboetarantz handitu zen 19 x 21 m-ko oin angeluzuzendun eraikina bihurtuz. Estalkia luzatu egin zen atxikitako espazio berriak babesteko. Aurrealdeari gehituriko habeartean egurra bakarrik erabili zen. Bertan pieza bateko haritzezko zutabeak altxatu ziren berriro ere. Alboetako habearteak, aldiz, harrizko horma sendoekin itxi ziren. Aurrealdeko habelarte berria irekia utzi zen, aterpe zabal baten moduan. Goiko solairu mailan berriz zurezko oholtza iltzatuaren bitartez itxi zen. Eraldaketa aurretik baserria ixten zuten fatxadak ia osoki mantendu ziren, ukuilu partean izan ezik, aurrerantzean barne-itxitura bihurtuta.

Erabileren antolakuntza ez zen gehiegi aldatu espazio berrien gehikuntzarekin. Beheko solairuan sukalde-atariak bere kokalekua mantendu zuen. Jatorrizko logelak, ordea, banatzaile eta ehundegi funtzioak hartu zituen. Ekialdeko zabalkuntzan hiru logela berri egokitu ziren. Kontrako aldean, ukuilura atxikitako azalera berria upategi eta biltegi funtzioak hobeto antolatzeko balio izan zuen. Bestalde, goiko pisuan hasierako espazioa garbi mantendu zen, banandu gabe, habe-dolarea oraindik lanean jarraitzen zuen eta. Espazio zabal hori beste berri batzuez inguratuko zen, artoaren lehortegia hegoalderantz eta biltegi eremu berriak alboetan.

Geroztik baserriak ez zuen eraldaketa nabarmenik jasan. Ohiko mantentze-lanek eta zenbait aldaketa txikik aurrez deskribaturiko konfigurazioa apenas itxuraldatu zuten. Atari, sukalde eta banatzaile bezala funtzionatzen zuen piezan emandako aldaketa izan zen guzti horien artean azkena, XX. mendearen erdialdean. Igartubeitiko azken biztanleek espazio hau partekatu egin zuten komun, korridore, ukuilu eta sukalde berri bat bertan antolatuz. Sukaldeko horman leiho zabal berri bat ireki zuten eta baita burdinurtuzko ekonomika ipini ere. Bestalde, XVIII. mendera iritsi baino lehen habe-dolare handia erabiltzeari utzi zitzaion. Seguruenik beste dolare txiki eta erabilera sinpleagoko batengatik aldatuko zuten. Hurrengo urteetan zehar dolare zaharraren elementu mugikorrak desmuntatzen joan ziren.

XX. mendeko azken hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak Igartubeiti museo bezala guztiz birgaitzeko prozesua ireki zuen. Goitik behera desmuntatu zen ondoren berriro altxatzeko, XVII. mendeko egoera ustez izan zena berreskuratuz.