Arkitektura

Huarteko Markesaren jauregia. Tutera

Euskal Herriko lurraldean barroko korronte artistikoa XVII. mendearen erdialdean hasi zen zabaltzen eta XVIII. mende osoan zehar luzatu zen. Kronologiaren ikuspuntutik, hainbat fase edo aldi bereiz daitezke; lehenengoa, klasizismo izenekoa eta XVII. mendearen erdialdekoa dena, bigarrena, XVII. mendearen bukaerari dagokio, eta hirugarrenak, XVIII. mende guztia hartu zuena.






XVIII. mendearen hasieran hainbat aldaketa politiko eta ekonomiko bizi ziren eta egoera berri hau ondo islatzen da euskal lurralde osoan eta esparru artistiko guztietan. Gogora dezagun, ekonomiaren oparotasunaz batera, bai noblezia eta bai burgesia aberastu egin zirela eta irabazitako diruarekin jauregi asko altxatu zirela jaioterrietan, hiribilduetan eta hirietan, beraien leinua goresteko eta besteei beraien egoera ekonomiko berria erakusteko.

Nafarroaren kasuan, arkitektura zibilari dagokionez, arkitektura erlijiosoa baino ugariagoa izan zen. Hiri eta hiribildu gehienetan Erdi Aroko hirigintza mantendu zen eta estu eta trinko trazatu honetan altxatu ziren garai berri honetako eraikin zibilak, udaletxeak, hospitaleak, eta nabarmenenak, hau da, jauregiak eta jauretxeak. Eraikuntza mota hauetan ezaugarri nagusiak eta orokorrak errepikatzen dira baina hainbat berrikuntza, egituretan eta arlo artistikoetan, ere nabaritzen dira. Hau kontuan hartuta, alderdi geografikoaren arabera (Ebro ibaiertza, mendialdea eta erdialdea), bereizketa egin behar da.

Periodo honetan jauregi asko eraiki zen Erriberan eta horietako bat Huarteko markesarena da, Tuteran kokatuta dagoena. Eraikuntza hau Tuterako hirigune historikoan aurkitzen da, mendebaldeko aldean. Herreria kalean dago eta jauregiko orubea Erdi Aroko hiru partzelaren elkartzearen emaitza omen da. Diego Huarte eta Frantziak sustatu omen zuen jauregi honen eraikuntza eta garai hartako hiriaren arkitektoarekin, Jose Marzal y Gil, hitzartu zuen obra. Datuen arabera, 1742 eta 1745 urteen artean eraiki zen.