Pintoreak

Hombrados Oñativia, Gregorio

1902an Zarautzen (Gipuzkoa) jaio eta 1978ko abuztuaren 18an Tolosan zendutako pintorea.

Oso gazte zelarik Baionara mugitu zen eta Luis Dupuis pintore maisuaren eskolak jaso zituen Arte Ederretako Udal Akademian. Handik Parisera joan zen eta euskal pintore entzutetsuen (Leon Bonnat, Henri Zo eta Denys Etcheverry) eskolak jaso zituen. Frantzian egindako joan-etorrietan hainbat erretratu egin zituen, bere kabuz saltzen zituenak ikasketak ordaindu ahal izateko.

Bera da euskal historia osoa mihisetan erakutsi duen lehen pintorea.

Euskal Herriko gai eta usadioen margolan ugari egin zituen eta baita Gipuzkoako eliza askotan dauden erlijio-lanetan inspiratutako lanak ere; halaber, bestelako irudi batzuk ageri dira korporazio ofizialetan eta bilduma partikular ugaritan.

Honatx bere obra azpimarragarrienak: Zumalacárregui en la batalla de Descarga, Francisco de Ibarra funda Nuevo Durango, Las Juntas de Guernica de 1631, Aparición de la Virgen de Aránzazu a Rodrigo de Bulzategui, Francisco de Ibarra en California, Juramento solemne de Fuenterrabía, Iparraguirre canta el Gernikako, Muerte del almirante Alonso de Ugalde, Juan de Tolosa funda Zacatecas eta Arbola en el café de San Luis. Horien artean aparteko aipamena merezi du Descubrimiento de América izeneko mihise izugarri handiak, Donostiako Udal Liburutegian dagoena. Kolorez, balentriaz eta exotismoz mukuru den diskurtsoa, xaloki bizitako gertakizun historiko loriatsuaren zerbitzura.

Pinturarekin batera arte-kritika lanak ere burutu zituen. Horren harira estatuko nahiz nazioarteko aldizkari eta egunkari (El Diario Vasco nagusiki) askotan arteari buruzko artikulu eta aipamen ugari kaleratu zituen, horietako asko eite kriptiko eta "makurrekoak". Gainera, bizitzan zehar Diccionario monumental del arte-y artistas de Euzkadi izeneko obra osatzeko datu andana pilatu zuen. Dena den, azkenik, lan hori ez zen editatu.