Kontzeptua

Hizkuntza ukipena

Atal honetan, gizarte berean hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten direnean, hizkuntza horien artean sortzen diren erlazioak azaldu dira, baita hizkuntza-komunitateen arteko erlazioak ere. Erlazio dinamiko horiek beraien gizarte-ingurunean aztertu dira. Hizkuntza-ukipenaren ondorio indibidualak, linguistikoak eta sozialak banan-banan erakutsi dira, jokoan diren prozesuak azalduz.

Hizkuntza-ukipenari buruzko ikuspegi orokor eta globala eman nahian agertzen da hizkuntzen ekologia nozioa, hizkuntzen arteko erlazio konplexuak ulertzeko modelo bat ekartzen digu eta.

Hizkuntza-ekologia: Hizkuntza baten eta bere ingurumenaren arteko harremanak aztertzen ditu (Haugen, 1972). Ingurumena definitzeko kontuan hartzen ditu alderdi psikologikoak (hizkuntza horrek beste hizkuntza batzuekin duen harremana hiztunaren buruan) eta soziologikoak (gizartearekin duen harremana komunikazio bide gisa).

Ekologiak organismo bizien eta ingurunearen arteko harremanak aztertzen ditu eta ez dira izaki bizidunak. Halere, zientzia biologiko horren hurbilketa zientifikoa baliagarria izan daiteke gizarte-zientzietan.

Oro har, hizkuntzen eta hizkuntza-komunitateen arteko erlazioak ekologiaren ikusmoldearekin uler daitezke. Hizkuntzek eta hizkuntza-komunitateek elkarrekin dituzten harremanak sistema dinamikotzat hartzen ditu hizkuntzen ekologiak, eta haien arteko orekaren eta hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik aztertzen ditu. Desorekatik aldaketa, erregulazioa sortzen da.

Hizkuntza bakoitzak bere zoko ekologikoa okupatzen du hizkuntza-ekosisteman, bere funtzioek eta ingurumenarekiko erlazioek determinatzen dutena (Calvet, 1999: 35). Asko aldatzen dira hizkuntzen egoerak munduan toki batetik bestera, eta eragiten dituzten faktoreak edo parametroak oso konplexuak dira. Hizkuntzen ekologiak tresna deskribatzaile zenbait ekartzen ditu horiek ulertzeko.

Maila gorena da hizkuntzen arteko mundu antolaketa. Munduko hizkuntzek galaxia bat egiten dute eta hiztun elebidunek elkartzen dituzte. Batetik, hizkuntza zentralak ditugu, adibidez, ingelesa mundu osoarentzat edo errusiera sobietar bloke ohian; bestetik, periferikoak, euskara bezalakoak. Eskuarki, hizkuntza periferikoko hiztunek hizkuntza zentral bat ikasten dute, edo goragoko hizkuntza bat bederen. Hau da joera orokorra, elebitasun bertikala.

Lau maila dira hizkuntzen grabitazio-sistema horretan: ingelesa bakarra maila gorenean, hamar bat hizkuntza bigarrenean (arabiera, errusiera, frantsesa, gaztelania, hindia, portugesa, swahilia...), ehun bat hirugarren mailan (banbara edo wolofa Afrikan adibidez, txekiera edo armeniera Ekialdeko Europan) eta laugarrenean besteak (Calvet, 1999: 78-79), euskara tartean.

7. taula: hizkuntzen grabitazio-sistemako mailak (Calvet, 1999)
1. mailaHizkuntza hiperzentrala (hyper-centrale): ingelesa
2. maila10 bat hizkuntza superzentral (super-centrale): frantsesa, gaztelania, swahilia...
3. maila100 / 200 hizkuntza zentral: banbara, wolofa, txekiera, armeniera...
4. maila4.000 / 5.000 hizkuntza periferiko: euskara, okzitaniera, bretoiera...

Hizkuntza/gizarte bikoteak sistema autorregulatu bezala funtzionatzen du, giza egitatea kontuan hartzen duena. Hizkuntza egoeren autorregulazioa eta hizkuntzen barne-erregulazioa dira.

Kreolerak, adibidez, aklimatazio kasuak lirateke, belaunez belaun transmititzen diren hizkuntzak bilakatuak direlako ingurune berri batean.

Hizkuntzen ekologiak edo ekolinguistikak hizkuntzen eta ingurumenaren arteko harremanak aztertzen ditu, esan nahi baita hizkuntzen arteko harremanak, eta hizkuntza horien eta gizartearen artekoak; izan ere, gizartea hizkuntzen ingurumena da. Noski modelo hori metafora bat da, baina erlazio konplexu horiek ulertzen laguntzen digu, printzipio deskriptibo eta esplikatzailea ekarriz.

Modelo deskribatzaile eraginkorra izateaz gain, hizkuntzen ekologia hizkuntza-desberdintasuna mantentzeaz arduratzen da, hizkuntzek, denek, "txiki"-ek barne, gizadi osoari aberastasuna ematen diotela argudiatuz.