Adierazi dugu herri elebakar gutxi direla munduan, nazio-hizkuntza bat bakarrik izanik ere, Frantzian bezala. Halaber, hiztun elebakar osoak gutxi dira, esan nahi baita hizkuntza bakarra jakin eta erabiltzen dutenak. Azken finean, hiztunek, denek, elebakarrak izanik ere, hizkuntza-barietate desberdin batzuk erabiltzen dituzte, formaltasun-mailaren, egoeraren edota solasgaiaren arabera (ikusi Hizkuntzaren aldakortasuna). Ildo horretatik esan genezake elebakarrik ez dela edo, bederen, hizkuntza-erregistro bakar bat duenik ez. Hemen elebitasunari buruz arituko gara.
Bi hizkuntza jakitea eta txandaka erabiltzea da elebitasuna, erabiltzaile horiek elebidunak dira. Soziolinguistikaren adar batek, hizkuntzaren soziologia deitutakoak, elebitasuna (edo eleaniztasuna) komunitateetan, taldeetan aztertzen du, hizkuntza bakoitzaren funtzio sozialak kontuan hartuz bereziki.
Psikolinguistika, bere aldetik, elebitasunari buruz interesatzen da jarduera psikologikoen argitan, banakako faktore psikologikoak kontuan hartuz bereziki. Pedagogiarekin batera, hizkuntza ikaste- eta jabetze-prozesuez ere kezkatzen da.
Elebitasuna: elebitasuna hiztun edo giza talde batek bi hizkuntza jakin eta erabiltzea da.
Elebakartasuna: elebakartasuna hiztun edo giza talde batek hizkuntza bakarra jakin eta erabiltzea da.
Elebitasun sozialetik bereizteko, autore batzuek elebitasuna (soziala) eta elebiduntasuna (norbanakoarena) bereizi izan dute, baina eskuliburu honetan ez dugu bereizketa hori erabiliko.
Banako elebitasuna bi hizkuntzetan neur daiteke, ondorengo trebetasunak kontuan hartuz: ulermena eta mintzamena, irakurmena eta idazmena. Beraz, hizkuntza-gaitasunak ahozko hizkuntzan eta hizkuntza idatzian ebaluatzen dira; baita konpetentzia bikoitzak ere, esan nahi baita trebetasun horiek bi hizkuntza ezberdinetan neurtzen direla eta, batzuetan, alderatu. Europako Kontseiluak bultzatutako Europako Erreferentzi Marko Bateratuan trebetasun horietako bakoitzean eskura daitezkeen gaitasunak zerrendatu eta mailakatu dira, era ezberdinetako eskalen bidez, programa didaktikoak eta ebaluazio zein auto-ebaluazio sistemak egituratu ahal izateko (Europako Kontseilua, 2001).
Elebiduna izateak, hala ere, ez du esan nahi hiztunak hizkuntza bietan gaitasun berdina izan behar duenik. Hizkuntzen erabileraren errealitateak erakusten digu egiazko elebitasun orekatua utopikotzat hartzekoa dela, aparteko talentudun poliglota batzuen kasuan izan ezik.
Batzuek bigarren hizkuntza irakurtzeko bakarrik baliatzen dute (bibliografia kontsultatzeko, adibidez), beste batzuek mintzatzeko (baina alfabetatu gabe). Beraz, elebitasun-gradua aldatu egiten da aipatu ditugun lau gaitasun horien arabera. Oro har, hizkuntza baten menderapen oso nozioak adiera handirik ez du.
Halere, elebiduna hiztun osoa izan daiteke bi hizkuntzatan, esan nahi baita hizkuntzaren erabilera-eremu osoak gutxi gorabehera mendera ditzakeela, gizarte-funtzio guztiak betetzeko gai izanez, hizkuntza-kontzientzia biziarekin. Baina hiztun oso esapideak ez du esan nahi elebidunak bi hizkuntzetan gaitasun berdin-berdinak dituenik.
Elebitasun-motak
Elebitasuna, beraz, jabekuntzaren zein erabileraren arabera sailka daiteke, hiztun ezberdinak bereiziz. Hiztun bakoitzak bere hizkuntza-perfila egin dezake, hizkuntza bakoitzean duen ibilbidea eta gaitasun-mailak adieraziz. Horretarako, oso tresna baliagarria da Hizkuntza Portfolioa.
Ikus ditzagun elebitasuna sailkatzeko zenbait irizpide:
Ikaste-ordenaren araberakoa. Sailkapen hori bi hizkuntzak ikasteko hurrenkeraren arabera egiten da. Ama-hizkuntza, etxean gurasoengandik ikasitako lehen hizkuntza jakinez aitaren hizkuntza ere izan daitekeela, eta lehen hizkuntza (H1), haurtzaroan lehenbizi ikasitako hizkuntza, ez dira arras sinonimoak. Ondorioz hobe da azken esamolde hori erabiltzea. Bi hizkuntza batera ikas daitezke haurtzaroan bakoitza gurasoetako batengandik. Orduan haurrak bi lehen hizkuntza dituela esan dezakegu. Euskaldun zaharrak dira euskara ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza bezala ikasi dutenak. Bigarren hizkuntza (H2) lehen hizkuntzaren ondoren ikasten den hizkuntza da, eskolan, autoikaskuntzaz, edo zuzeneko esperientziaren bidez jasotakoa. Euskaldun berrientzat euskara da bigarren hizkuntza.
Beste alderdi garrantzitsu bat H2-ren eskurapena gertatzen den adina da. Honen arabera, elebidun goiztiarra deituko zaio H2 umetan eskuratu duen pertsonari eta elebidun berantiarra nagusitan egin duenari. Ezberdintasun honek berebiziko garrantzia hartzen du hiztunak izango dituen garapen neuropsikologiko, kognitibo eta soziokulturaletan. Maitena Etxebarriak dioenaren arabera, hiru izan ohi dira elebitasuna eskuratzeko garaiak: haurtzaroa (haurtzaro-elebitasuna), nerabezaroa (nerabezaro-elebitasuna) eta helduaroa (helduaro-elebitasuna) (Etxebarria, 1995).
Gaitasunaren araberakoa. Elebitasun asimetriko edo desorekatua dugu, hiztunak bi hizkuntzen ezagutza-maila berbera ez duenean, eta aurkakoa, elebitasun simetriko edo orekatua, teorikoa beraz, hiztunak bi hizkuntzen ezagutza-maila berbera duenean.
Elebitasun kenkagarria edo kentzailea da, bigarren hizkuntza ikastean, hiztunak lehendik zekien hizkuntzaren galera dakarren elebitasuna; kontrakoa, elebitasun gehigarria edo gehitzailea, bigarren hizkuntza ikastean, hiztunak lehendik zekien hizkuntzaren galerarik ez dakarren elebitasuna.
Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek beste bi elebitasun-mota bereizten dituzte. Elebitasun konposatuaren kasuan, elebidunak errepresentazio kognitibo bakarra du baina bi hizkuntza-kode; elebitasun koordinatuaren kasuan elebidunak bi errepresentazio kognitibo ditu eta bi hizkuntza-kode.
Hiztunak duen kultura-identitateak ere garrantzi handia hartzen du elebitasuna sailkatzean. Hiztun elebiduna kulturbiduna ala kulturbakarra izan daiteke. Izan ere, bigarren hizkuntza bat ikasten duen hiztunak eskuratzen duen hizkuntza berriaren ezaugarri kulturalak beregana ditzake, taldeko partaideekin elkarreraginean. Horrelakoetan jatorrizko hiztunek taldeko partaidetzat hartzeko aukera gehiago izango ditu eta, beraz, kulturbiduna izango da, bere jatorrizko testuinguruan zein berrian integratua egongo baita. Alderantziz, hizkuntza bera ezagutza, hizkuntza inolako integrazio-ahaleginik egin gabe bereganatzen duen hiztunak ez ditu kultura-arauak ulertuko eta arrotz sentituko da berea ez den kulturan. Kulturbakarra izango da. Halere, badira kultura bien jabe diren gizaki elebakarrak ere, hizkuntza bera erabiltzeko moduan ez ezagutuagatik ere kulturaren ezaugarri gehienak ezagutzen dituztenak. Gauzak horrela, honako bereizketa egin dezakegu: elebidun kulturbiduna, elebidun kulturbakarra, elebakar kulturbiduna eta elebakar kulturbakarra.
Elebitasun funtzionala. Ikaskuntzaren ereduaren eta gaitasunaren arabera, José Maria Sánchez Carrión "Txepetx" euskal soziolinguistak hiztunen sailkapen bat aurkeztu zuen (Sánchez Carrión, 1987). Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza atalean landua, Txepetxen sailkapenean hizkuntza bat baino ez da hartzen kontuan, euskara, hain zuzen ere. Lehen ikaskuntza edo naturala haurtzaroan, etxean, familian egiten da; bigarren ikaskuntza edo ikaskuntza kulturala eskolan edo autoikaskuntzaz egiten da.
Horren arabera, A hiztunek hizkuntza familian, haurtzaroan ikasi dute eta naturaltasuna daukate. B hiztunak hizkuntza ikasten ari diren helduak eta gazteak dira, naturaltasunik lortu ez dutenak. AB hiztunak jatorrizko hiztun kulturizatuak dira, esan nahi baita hizkuntza familian, haurtzaroan bereganatu, eta eskolan ikasi eta landu egin dutela. BA hiztunek, berriz, hizkuntza bigarren hizkuntza gisa ikasi dute, ez familian, eta gero naturaltasuna berenganatu dute.
Sailkapen hori elebidunei aplikatuta, bi hizkuntzen ikaskuntza-eredua kontuan hartuz, elebidunen ondorengo tipologia proposatu zuen Txepetxek, elebakardunekin hasiz: elebakardunak, erdi-elebidunak ("semibilingües"), sasi-elebidunak ("pseudobilingües"), elebidunak, bizielebidunak (Sánchez Carrión, 1987: 158). Orotara sei elebidun-mota sailkatu zituen, lehen eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntza bereiziz (ibid.: 162), ikaskuntza natural edo kultural irizpidearen arabera. Bizielebidunak, adibidez, AB-BA elebidunak dira bi hizkuntzak, familian, haurtzaroan, eta eskolan ikasi dituztelako edo naturaltasuna berenganatu dutelako, bi hizkuntzetan A hiztun izateko.
Eleaniztasuna: eleaniztasuna hiztun edo giza talde batek hiru hizkuntza edo gehiago jakin eta erabiltzea da.
Pertsona batek hiru hizkuntza edo gehiago ezagutzen eta erabiltzen dituenean eleaniztuna dela esaten da. Elebitasuna bezala, eleaniztasuna mota askotakoa izan daiteke.
Eleaniztasunaren kudeaketa eta garapena hezkuntza-politikaren eta hizkuntza-politikaren adarretatik bat da (ikus 5. atala). Helburu horiekin, Europako Kontseiluko Europako Erreferentzi Marko Bateratuak kultura-aniztasunaren eta eleaniztasunaren balioa azpimarratzen du:
Europako kultura eta hizkuntzen ondarea balio handiko baliabidea da, babestu eta garatu beharrekoa, eta ezinbestekoa da hezkuntzan ahaleginak egitea aberastasun hori, orain arte bezala komunikaziorako oztopo izan ordez, elkar aberasteko eta ulertzeko tresna izan dadin (Europako Kontseilua, 2001: 15). Ikuspegi eleanitzak hau esan nahi du, ordea: gizabanakoak hizkuntza baten kultura-ingurunean duen hizkuntza-esperientzia zabaldu ahala, hasi familia-hizkuntzatik eta gizarte-hizkuntzaraino, oro har, eta beste herri batzuetako hizkuntzetaraino gero (izan eskolan edo unibertsitatean ikasiak, edo zuzeneko esperientziaren bidez ikasiak), hizkuntza horiek eta kultura horiek ez ditu adimeneko gune berezietan gordetzen; aldiz, komunikazio-gaitasun bat garatzen du, hizkuntza-arloko ezagutza (ibid.: 16).
Euskal Herrian ere eleaniztasuna gero eta gehiago bultzatu da hezkuntzan. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, adibidez, honakoa dio bere azken Ikastolen Hizkuntza Proiektuan:
Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegi berriaren ondorioz, hizkuntzek inoiz baino garrantzi handiagoa dute eskolan, hizkuntza baita, azken batean, giza garapenerako tresna nagusia, eremu guztietan eta gure egiteko guztietan dugun bitartekoa (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, 2009: 31). Globalizazioaren ondorioz gero eta errazagoa da pertsonen mugikortasuna, eta gero eta handiagoa, beraz, kultura-aniztasuna kudeatzeko beharra (ibid.: 35).
Soziolinguistek hizkuntza-errepertorio nozioa baliatzen dute norbanakoak dauzkan hizkuntzen eta hizkuntza-barietateen multzoa izendatzeko. Banakako elebitasunaren kasuan bezala, oro har eleaniztasuna ez da orekatua. Hizkuntza bakoitzean ahalmen desberdinak izanik, gaitasun konplexu eta desorekatua bezala ikusten dute, eta hizkuntza-errepertorio moten araberako sailkapen asko badira.
Gaitasun elebiduna edo eleaniztuna etengabeko bilakaera prozesu batean kokatzen da. Hiztun elebidun baten bizi-ibilbideak bariazio handiak eragiten ditu bere errepertorioan sartzen diren hizkuntza eta hizkuntza-barietate desberdinen ezagutzan eta, ondorioz, erabileran. Hiztunek beren lehen hizkuntza gal dezakete denborarekin, erabiltzeko aukerarik ez baldin badute.
Elebakarren kasuan ere, erabiltzen duten hizkuntza bakar horren ezagutza aldatu egiten da bizitzan zehar. Erabilera-eremuak eta uneak ere aldatzen dira gizartearen bizimodu-aldaketekin batera.
Soziolinguistek hiztunen tipologia asko proposatu dituzte. Arestian Txepetxen elebidunei buruzkoa ikusi dugu. Hizkuntza-komunitate jakin batean hizkuntzen jabetze-mailaren araberako sailkapen bat honakoa izan daiteke.
Bi muturrak dauzkagu: batean hizkuntza-jabetza (hiztun osoak), bestean ez-jabetza (ikasi ez dutenak) eta desjabetzea (hizkuntza galdu dutenak). Hiztun osoekin, hots, hizkuntza horrekin gizarte-funtzio guztiak betetzeko gai diren hiztunekin, hiztun ez osoak ditugu, erdi-hiztunak (ingelesez semi-speakers, gaztelaniaz semilocutores, frantsesez semilocuteurs).
Azken horiek sailkatzeko gaitasun-maila balia dezakegu: hiztun inperfektuak, ez osoak izanik ere, erabilera-egoera guztietan mintzatzeko gai direnak; hiztun inperfektu ahulak, hizkuntza-gaitasun murriztuagoa dutenak (weak semi-speakers ingelesez); eta hitz edo esamolde batzuez baino oroitzen ez direnak (ingelesez rememberers). Horrelako gaitasun-mailako eskala zehaztu daiteke.
Azken mailak, oroitzen direnenak, adierazten du hiztun horiek hizkuntza hori hobeki menperatzen zutela lehen. Beraz, ez zaie aplikatzen hiztun berriei, hizkuntza ikasten dutenei. Hizkuntza-komunitate jakin batean galtzen ari den hizkuntza gutxituaren kasuan erabilia da, edo beren jatorrizko hizkuntza galtzen ari diren etorkinen kasuan, adibidez.
Beraz, hizkuntza-galera nozioa giza talde batean nahiz hiztun batentzat erabil daiteke. Hiztun baten hizkuntza jakin baten ezagutzak atzera egin dezake denboran zehar. Baina, hiztuna hizkuntzarik gabe egoten ez denez, beste hizkuntza batek ordezkatzen du galtzen den hizkuntza hori.
Hizkuntza galtzen denean, aipatu dugun hiztunaren errepresentazio kognitiboa hizkuntza ordezkatzailean gauzatzen da eta ez galtzen den hizkuntzan. Hurrengo lerroaldean, galera- mekanismo hori euskara lehen hizkuntza izan duten pertsonekin irudikatuko dugu.
Hiztunengan hizkuntza-galera gertatzen denean, fenomenoa gizartera heda daiteke, eta horrek elebitasunera eramaten gaitu. Hizkuntza bat galtzeak beste batez jabetzea inplikatzen du ordezkapen- mekanismoaren bidez, nahitaez. Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena lerroaldean hizkuntza-ordezkapena gizarte-ikuspuntutik azalduko da, hizkuntza batek beste hizkuntza baten erabilera-eremuak eta uneak irabazten dituenean gertatzen dena argitzeko. Baina nabari da hizkuntza-ordezkapena eta -galera fenomenoak hiztunengan gauzatzen direla.
Azaldu ditugun nozio horiek guztiak euskararekin eta Euskal Herriko herritarrekin adieraz daitezke. Euskaldunek, denek, bakoitzak bere eraz, badakite intuitiboki zein diren hizkuntza-ukipenaren ondorioak, denak baitira, gutxienik, elebidunak.
Euskaldun-motak: zaharrak, berriak, hartzaileak
Euskara eta erdarak kontuan hartuz euskaldun-motak finka daitezke. Euskal soziolinguistikan euskaldun berri, euskaldun zahar eta euskaldun hartzaile nozioak oso erabiliak dira.
Arestian esan dugu euskaldun berrientzat euskara bigarren hizkuntza dela. Lehen hizkuntza erdara izanik, euskaldun berriak euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten du. Euskaldun berri gehienak errazago moldatzen dira erdaraz euskaraz baino.
Euskaldun zaharrarentzat, aldiz, euskara lehen hizkuntza da eta euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten du.
Elebidun hartzailea da, euskaraz hitz egiteko gai ez dena, baina ondo ulertzeko eta irakurtzeko gai dena. Hau da, trebetasun hartzaileak ahozko ulermena eta irakurmena garatuta dauzka, baina trebetasun sortzaileak (mintzamena eta idazmena) ez.
Hartzaileak hizkuntza irakurtzeko baino ez badu behar (bibliografia kontsultatzeko, adibidez) ez du hitz egingo. Hiztun-mota hau ez litzateke traba izan behar komunikazioa euskaraz egin dadin; adibidez, batzar batean, berak erdaraz jardun arren besteek euskaraz jardutea ahalbidetzen du. Euskaldun hartzailearen aurkakoa euskaldun sortzailea da, hau da, ahoz nahiz idatziz jarduteko gaitasuna dutenak.
Euskaldun aktiboak eta pasiboak
Sailkapen hori gehiago zehaztu daiteke lehengo hizkuntza(k) eta oraingoa(k) irizpidetzat hartuz. Hona bi adibide. Euskaldun zahar pasiboa da, lehen hizkuntza euskara izanik, euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duen arren, etxeko nahiz bizitzako beste arloetarako gaztelania edo frantsesa erabiltzen duen euskalduna. Aldiz, euskaldun berri aktiboa da, lehen hizkuntza erdara izanik, euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duen eta esparru askotarako hizkuntza euskara duen euskalduna. Dena dela, euskaldun aktiboen kasuan gerta daiteke ezin hitz egin izatea, aukerarik ez izateagatik.
Euskaldun elebakarrak, elebidunak, erdaldunak
Iduri luke euskaldun elebakarrik gehiago ez dela gaur egun. Euskal Herriko hiru lurraldeetan (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) egin zen 1991ko lehen inkesta soziolinguistikoak euskaraz baino ez zekiten hiztun multzoa aipatzen zuen: biztanleen % 1, hau da, 23.500 lagun, gutxi gorabehera. Halere, % 76 erdaraz "zertxobait" hitz egiteko gai ziren. 1996ko bigarren inkesta soziolinguistikoaren arabera euskaldun elebakarrak erdira jaitsi ziren: biztanleen % 0,5, gutxi gorabehera 12.400 lagun. Baina, geroztik, 2001eko eta 2006ko inkestek ez dute euskaldun elebakarrik aipatzen. Gehiagorik ez delako, ala, segur aski, gutxi direlako. Oso bestelakoa zen egoera XX. mendearen hasieran: 2003an Santa Graziko (Zuberoa) emakume batek bere 100 urteak ospatu zituen. Kontatzen zuen arratsalde bat bakarrik iragan zuela eskolan eta frantsesa ez zekiela.
Erdaldun elebakarrak elebidunak baino gehiago direla jakinda, esan daiteke euskara gutxiengoaren hizkuntza dela (ikusi Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena), elebidun-kopurua emendatu izanik ere 1991tik 2006ra. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena; Ipar Euskal Herrian, aldiz, adinekoen artean. Baina emendatzen den elebitasun hori asimetrikoa da, erdarak hizkuntza nagusiak direlako gizartean, oro har, eta euskaldunen ehuneko handian ere bai. 2006an, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, elebidunen banaketa honako hau da: erdal elebidunak, erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak, % 38,9 ziren; elebidun orekatuak, % 30,3, bereziki gazteen artean; eta euskal elebidunak, % 30,7 (Eusko Jaurlaritza, 2008).
Eleaniztasuna Euskal Herrian
Historian zehar euskaldun batzuk elebidunak edo eleaniztunak izan dira, era desberdinetan. Zuberoan adibidez, zubereraz gain, biarnera edo frantsesa gutxi-asko ezagunak eta erabiliak ziren. Gaztelania ere batzuen hizkuntza-errepertorioan izan zatekeen. Fenomeno hori norbanakoarena zen. Laborari zenbaitek, adibidez, tratulari biarnesekin negozioan zirenez, dialekto gaskoi hori menperatzen zuten, beraien abereak saltzeko, bederen.
Gaur egun Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren proiektuak eleaniztasunaren hautua egiten du:
Ikastolak Hezkuntzaren eta Hizkuntza Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz. Hots, bertako hizkuntza propioaz eta ukipen-hizkuntzez gain (gaztelania eta frantsesa), nazioarteko harremanetan nagusi den hizkuntza-maila onean erabiltzea lortu nahi du... (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, 2009: 41, hizki lodiak jatorrizko testuan dira).
Beraz, ikastoletan, euskara, gaztelania edo frantsesa, eta ingelesa (nazioarteko harremanetan nagusi den hizkuntza gisa) ikasiko dituzte haurrek.
Euskararen galtzea inkesta soziolinguistikoen arabera
Arestian esan dugu hizkuntza-galera, hizkuntza-fenomeno guztiak bezala, maila indibidualean edo komunitate-mailan azter daitekeela. Komunitate-mailan, 2006ko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, lehen hizkuntza euskara izan duten arren, orain euskara guztiz edo partez galdu dutenak biztanleriaren % 3 inguru dira (Eusko Jaurlaritza, 2008).
Iparraldean fenomeno hori indartsuagoa da: lehen hizkuntza euskara edo euskara eta frantsesa izan dutenen artean, 16.000 pertsonek euskara galdu dute guztiz edo partez (% 24,9), esan nahi baita biztanleria osoaren % 6,95. Euskal Autonomia Erkidegoan 59.973 lagunek euskara guztiz edo partez galdu dute, biztanleria osoaren % 3,24; Nafarroan 11.700 dira, % 2,29.
Halere, eta, oro har, galerak irabaziak baino txikiagoak izan dira.
| Iturria: IV. Inkesta Soziolinguistikoa (Eusko Jaurlaritza, 2006). | ||||
| Herrialdea | 1991 | 2006 | ||
|---|---|---|---|---|
| Guztira | Elebidunak | Guztira | Elebidunak | |
| EAE | 1.741.500 | 419.200 | 1.850.500 | 557.600 |
| Nafarroa | 420.700 | 40.200 | 508.900 | 56.400 |
| Iparraldea | 208.900 | 69.100 | 230.200 | 51.800 |
| Euskal Herria | 2.371.100 | 528.500 | 2.589.600 | 665.800 |
Arrazoi indibidualak: objektiboak eta subjektiboak
Euskararen ezagutzak atzera egiteak norbanakoaren baitan arrazoi ongi ezagunak dauzka, eta euskara galdu duten hiztunak ez dira kasu bereziak hizkuntza gutxituen hiztunen artean.
Haur-denboran, euskarak etxean eta auzo-giroan zeukan indarra, ez zuen beste gizarte-eremuetan. Elizaren eragina, euskararen goi-mailako gotorleku zena, gero eta ahulago bilakatu zen. Lanean eta herriko kiroletan zuen lekua galduz joan zen. Lan-munduan ofizio izateko erdara beharrezkoa zen, euskara batere ez. Erdara zen gizartean gora egiteko gakoa. Administrazioan, hezkuntzan eta abarretan erdara hizkuntza bakarra zen. Irakaskuntzak rol garrantzitsua izan zuen euskararen galtze- prozesuan: jakintzaren hizkuntza erdara zen, baita eskolako hizkuntza bakarra ere.
Biztanleria baserritik hiri erdaldunetara joan zen. Mugikortasunagatik edo sakabanatzeagatik hiztun batzuk isolatuagoak ziren eta euskaraz mintzatzeko beharrik ez zuten.
Ezkontza mistoek ere beren eragina izan zuten: bikotekideetako batek euskara ez zekienean besteak maizenik ez zuen euskara transmititzen. Hego Euskal Herrian euskaraz mintzatzea publikoki debekatua izan zen frankismoaren garaian eta euskaraz hitz egiten zuenarentzat zigor gogorrak zeuden, gaztelaniaz azkarrago ikas zezaten. Ipar Euskal Herrian ere Bigarren Mundu Gerra arte, eskolan euskaraz mintzatzen zen haurra zigortua zen. Horri buruzko adibide ugari eta argiak aurki daitezke J.M. Torrealdairen El libro Negro del Euskera liburuan (1998).
Denborarekin, eta bereziki XX. mendeko lehen zatian, ordura arte euskararen eta erdararen arteko indarrean zen oreka partziala desegin da.
Euskara galtzeko arrazoi indibidualak objektiboak zein subjektiboak izan ziren. Euskarak ez zuen balio praktikorik, baina ezta subjektiborik ere. Prestigioa erdararen alde zen, modernitatea erdararen alde. Euskara garai batean baztertu, gaitzetsi egin zen eta, ondorioz, hizkuntza-leialtasuna ahul bilakatu zen. Euskaldun izatea ez zen ezaugarri kultural eta sozial positiboa; euskara hizkuntza zaharkitua eta lehengo garaikotzat hartzen zen. Gutxiagotasun konplexua handituz zihoan euskaldunarengan. Arrazoi horiengatik denengatik hizkuntza-atxikimendua ahulduz joan zen (hizkuntza-jarrerez eta irudikapenez ikusi Hizkuntza-ideologia).
Kasu batzuetan hizkuntza-alienaziora heltzen zen, esan nahi baita euskaldunaren sentimendua euskararen aurka bihurtzen zela. Jatorri linguistikoa ahaztuz edo ukatuz, jatorrizko euskaldun askok euskara baztertzen zuen, eta bere bizitzako esparru euskaldunetan erabiltzeari uzten zion.
Noski hiztun bakoitzaren euskararekiko ibilbidea berezia da; hemen galtze prozesuaren ezaugarri batzuk baino ez dira azaldu. Arrazoi horiek desagertu ote dira gaur egun?
