Hiztun batek edo giza talde batek bi hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen dituenean, hizkuntza horietan eraginak izan daitezke. Bi hizkuntzek elkarri, edo bietatik batak besteari, eragiten diote. Eragin horiek izendatzeko, termino generikoa interferentzia da.
Halere, interferentzia terminoa esanahi estuan ere erabilia da, hau da, hiztunak diskurtso-egoeran bere hizkuntzaz kanpoko elementuak sartzen dituenean, hizkuntzari mailegatzen dionean edo hizkuntza hori kopiatzen duenean. Hizkuntza bera, sistema, kode edo egitura abstraktu gisa ez da ukitua. Orduan bat-bateko hautua da, ez hizkuntza-komunitatearena.
Elebidunaren kasuan, bi hizkuntza alternantzia-mota bereizi behar dira. Alde batetik, egoera desberdinen arabera gertatzen den hizkuntza-alternantzia, hau da, alternantzia situazionala deitzen dena.
Bestetik, kode-aldaketa (gaztelaniaz alternancia de códigos, frantsesez alternance codique, ingelesez code-switching). Esakune edo berbaldi berean hizkuntza bat baino gehiago txandakatuz hitz egitea da; adibidez, esaldi bat euskaraz hasi eta erdaraz amaitzea (kode-alternantzia), ala esaldi berean euskara eta erdara nahastea (kode-nahasketa).
Weinrichek interferentzia terminoa honela definitu zuen:
Interferentziak, hizkuntzaren sail egituratuetan kanpoko elementu sartzearen ondorioz, eredu berregituratzea berekin ekartzen du, sistema fonetiko osoan adibidez, morfologiaren eta sintaxiaren zati handian, eta hiztegiaren eremu batzuetan (1953: 1). Beraz, interferentzia fonetikoak, interferentzia sintaktikoak eta interferentzia lexikalak ager daitezke.
Hona, adibide gisa, interferentzia fonetiko-mota bat. Honetan elebidunak ez dio elementu fonetiko bat mailegatzen sorburu-hizkuntzari, baina hizkuntza horren eraginagatik xede-hizkuntzak egiten duen bereizketa fonologiko bat ez du gauzatzen (under-differentiation of phonemes, Weinrich, 1953: 18). Euskaran hiru kontsonante txistukari frikatibo ahoskabe ditugu, z, s, x idazten direnak. Erdararen eraginagatik gazteek eta euskaldun berriek gehienetan, baina ez denek, s erretroflexa x bezala ahoskatzen dute, s hori erdaran ez delako. Zeharkako interferentzia daukagu hor. Fenomeno hori orokor bihurtzen baldin bada, orduan sistema fonologikoa aldatu dela esanen dugu.
Interferentzia gramatikala ez da oso alderdi landua. Hitzen ordena eta morfologia-mailako kalkoak izaten dira ohikoenak, hala nola, nor-nori-nork erabiltzea nor-nork aditzetan: adibidez, Ikusi dizut esan Ikusi zaituten ordez.
Hona, berriz, interferentzia lexikal-mota bat, zubererazko esaldi batean:
Gük, laborariek, "impôts" paketa pakatzen dizügü.
"Guk, laborariek, zerga asko ordaintzen dugu" (+-zü- zukako alokutiboa).
Hiztunak frantses impôt hitza sartu du, bat-batean heldu zaiolako. Ez dakigu legar edo zerga euskal izenak ezagutzen zituen, frantses hitzaz errazago oroitzen zen beharbada. Laborari, paketa eta pakatu aldiz ez dira interferentziak, baina bai hizkuntza erromanikoei mailegatu hitzak, zubereran sartuak dira aspaldidanik.
Interferentzia horiek sartzeko modu ezberdinak daude. Bi era nagusi bereiz ditzakegu kode-aldaketan: kode-nahasketa eta kode-alternantzia.
Kode-nahasketa
Kode-nahasketa da esakune berean hizkuntza bat baino gehiago erabiliz hitz egitea; adibidez, esakune bat euskaraz hasi eta erdaraz amaitzea.
Hona esaldi bat euskaraz hasten dena eta frantsesez amaitzen dena:
Bai, segur, on paie trop d'impôts.
"Bai, ziur, zerga gehiegi ordaintzen dugu".
Kode-alternantzia
Kode-alternantzia da esaldi batetik bestera hizkuntza aldatzea. Normalki bi hizkuntza-kodeen ezaugarriak babestuak dira egoera horretan. Kode-nahasketa egoeran, aldiz, bi hizkuntza-kodeak nahasten eta hurbiltzen dira era batez.
Kode-alternantzia fenomeno hori ongi ezaguna da Euskal Herrian: solasaldi batean euskaraz agurtzea eta ondotik erdaraz aritzea. Adibidez: Egun on? Comment vas-tu? Demain, tu es là? "Egun on? Nola zara (zoaz)? Bihar, hor zaude?", edo alderantziz erdaraz aritzea eta bukaeran agur edo adio esatea.
Interferentziak, kode-nahasketa eta kode-aldaketa, hiztun elebidun baten hizkeran agertzen dira, hizkuntza bat erabiltzen duenean. Hizkuntza, gizartearen komunikatzeko tresna den aldetik, ez da ukitua. Fenomeno horiek indibidualak dira.
Weinrichekin ohartu gara interferentzia kontaktuan diren bi hizkuntzetan izan daitekeela. Baina, praktikan, interferentzia gehienetan norabide berean gertatzen dira, hizkuntza batetik bestera, gehiengotik gutxiengora, hain zuzen ere. Gehienetan, interferentziak linguistikoak ez diren faktoreengatik gertatzen dira, hala nola elebidunaren hiztun-ezaugarriak, ukipenean diren bi hizkuntzen banaketa funtzionala, etab. Euskararen kasuan erdaretatik euskararako transferentziak dira ohikoenak.
Maileguak eta kalkoak bereiztea garrantzitsua da: alde batetik, interferentzia eta, bestetik, inkorporazioa. Interferentzia mailegu puntuala da, norbanakoarena; mailegua, aldiz, talde-fenomenoa, sistematikoa. Kronologian interferentzia aurretik gertatzen da, bigarren etapan mailegua bilaka daitekeena.
Ondorioz, ez da beti erraza interferentzia-kasuak eta mailegatze-kasuak bereiztea. Integrazioa kode linguistikoan, hizkuntzan hain zuzen, erlatiboa da.
Era orokorrean, maileguak ez dira erabaki ofizialen ondorioak, baina bai lehenik hiztun baten, eta ondotik batzuen aukerak. Beraz, maileguak interferentzia integratuak dira, hizkuntza-komunitate osoak emeki-emeki onartzen dituenak.
Halere, mailegatze-prozesua eta, era orokorragoan, hizkuntza baten lexikoaren aldatzea ez dira beti horrela gauzatzen. Turkiako adibidea aipatzekoa da: turkierak zuen hiztegia aski sakonki aldatu izan zen 1920-1930. urteen artean. Aldaketa hori Mustafa Kemal errepublikako lehendakariaren nahia izan zen. Jatorri arabiarra zuten hitzak ordezkarazi zituen; hitz turkiar zahar batzuk aurkituz, bizi ziren adiera dialektal batzuk erabiliz, hizkuntza-familia berekoak ere mailegatuz (azerbaijanerakoak adibidez), hizkuntzaren hitzen multzoa arras aldarazi zuen (Calvet, 1987: 190).
Hizkuntza-akademiak maileguak kontrolatzen saia daitezke. Euskararen kasuan, 1986an Euskaltzaindiak maileguzko hitz berriei buruzko arau batzuk eman zituen Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak liburuxkan (1986).
Maileguak, edozein eratan hautatuak ez direnez gero, indar-erlazioaren lekukoak dira. Hizkuntza bati eta ez beste bati, alor batean eta ez bestean mailegatzen zaio. Gaur egun ingelesak hizkuntza askori zientzietako, finantzetako, merkataritzako eta abarretako hitzak ekartzen dizkie; frantsesak bere aldetik sukaldaritzakoak, modakoak eta arteari loturikoak eman ditu.
Informatika-lexikoan asko dira ingelesetik euskaran sartuak diren hitz mailegatuak, baina baita mailegu semantikoak ere, esan nahi baita mailegatzen duen hizkuntzan hitz horrek berez ez duen esanahia, baina beste hizkuntzak baduena: sagua euskaraz, mouse ingelesetik, sagu-kurtsore, mouse cursor, etab. Maileguak sintomak dira, nazioarteko erlazio ekonomikoen, gizarte-erlazioen seinaleak.
Hizkuntzek beste aukera bat dute: hitz berriak sortzea, neologismoak, hizkuntza horien legeei jarraituz. Euskal Herrian Euskaltzaindiaren eta erakunde berezitu batzuen lana izan da, hala nola UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroarena, eta da oraino, behar berriak etengabe agertzen direlako.
Bere garaian, XIX. mendeko bukaeran, Sabino Arana Goirik euskarazko hitz berri asko asmatu zituen Bizkaian, hiztegia berritzeko asmoz, erdaratiko hitzez garbituz. Beste eskualdeetara hedatu ziren, bereziki, Gipuzkoara. Ipar Euskal Herrian ez zuen, hala ere, eragin handirik izan. Sabino Aranak sortu zituen neologismo asko politikaren eremukoak dira (Euzkadi, alderdi, burukide) edo hizkuntza, literatura eta kultura arlokoak (idazki, antzoki, zenbaki). Batzuek bizirik diraute, baina gehienak galdu egin ziren denborarekin eta gaurko hiztunek ez dituzte erabiltzen.
Kalkoak dira hizkuntza batek beste bateko hitz, esamolde edota egitura sintaktikoak itzuliz sortzen dituen hitz, esamolde edota egitura sintaktikoak. Beraz, kalkoak morfologiaren eta sintaxiaren arloetan ere sor daitezke. Itzulpena ez da osoki librea, sorburu-hizkuntzari lotzen baitzaio. Hitzez hitzeko itzulpenaz gutxi-asko egiten dira kalkoak.
Euskarazko txartel elektronikoa, adibidez, gaztelaniazko billete electrónico-ren kalkoa izan daiteke (billet électronique frantsesez). Gaztelaniazkoa bere aldetik ingelesezko electronic ticket-etik etor daiteke. Esamoldea ez da mailegatua izan, baina bai itzulia, euskaratua.
Hona hemen kalko-sintaxi adibide bat zuberotar hiztun baten hizkeran, baina kalko okerra.
1950eko hamarkadan Mauleko geltokian zuberotar batek geltokiko txartel-saltzaileari galdetu zion frantsesez la [po] du train, s'il vous plaît? "Paueko trena, plazer baduzu?".
Euskara frantsesa baino hobeto zekien hiztunak eta Paueko trena euskal egitura kalkatu zuen. Le train de Pau izanen zen itzulpen ona frantsesez. Frantses izen-sintagman izen determinatzailea izen determinatuaren ondoan kokatzen da; euskaraz alderantzia da, izenaren aurrean kokatzen da. Gainera, euskaran genero markarik ez da, baina frantsesez train "tren" maskulinoan eman behar da. Beraz le izan behar zen eta ez la esan zuen bezala. Gehiago ere bai: la peau [po] izenak "larrua" adiera du. Ondorioz, frantsesez egin zuen esaldiaren esanahia hori zen literalki: "treneko larrua, plazer baduzu?".
Lehen hizkuntza desberdina duten bi hiztunek mintzatu nahi dutenean edo bataren hizkuntza baliatuko dute, edo bestearena. Baina elkar ulertzeko nahian bietatik batek bestearen hizkuntza ez baldin badu menperatzen, hirugarren hizkuntza bat erabil dezakete: komunikazio-hizkuntza (lengua vehicular gaztelaniaz, langue véhiculaire frantsesez); lingua franca ere batzuetan erabiltzen da.
Gauza bera da bi hizkuntza-komunitate desberdinen kasuan: komunikatzeko beste hizkuntza bat beharko da baliatu, komunikazio-hizkuntza bat. Horrela, hizkuntza baten komunikazio-tasa (taux de véhicularité) neur daiteke hizkuntza horren hiztun-kopuru osoaren eta ama-hizkuntza gisa dutenaren arteko erlazioa kalkulatuz (Calvet, 1987: 89). Ingelesaren oraingo komunikazio-tasa, adibidez, biziki gora da.
Halere, hizkuntza-erkiderik ez baldin badute, beste hizkuntza bat asmatuko dute, hizkuntza misto eta murritza, elementu eta osagai gutxiz osatua. Sortzen duten hizkuntzaren konplexutasuna bete behar dituzten komunikazio-funtzioen araberakoa izango da. Hizkuntza-mota berri hori pidgina edo sabira deitzen da. Printzipioz, pidgina ez da inolako hiztunen ama-hizkuntza, elkarrekin komunikatzeko tresna berria delako. Elkarrekiko hizkuntzarik ez duten norbanakoek edo komunitateek horrelako hizkuntza-tresna berriak sortzen eta erabiltzen dituzte.
Pidginen agerpena hiztun eta hizkuntza desberdinen ukipenari zor zaio. Elkar ulertzen ez duten hiztunak batzen direnean, hizkuntza komunik ez dutelako sortzen dira. Baina komunikazio-tresna linguistiko berri hori esparru eta une jakinetara mugatzen da.
Hasieran helburu komertzialetarako soilik erabiltzen ziren pidgin zenbait hiztun batzuen ama-hizkuntza bihurtu dira. Beste kasu batzuetan Amerikara eraman ziren Afrikako edo Asiako esklaboek, nagusien mendebaldeko europar hizkuntzaren eta beren hizkuntzaren arteko fusioaz, hizkuntza berria sortu zuten, hizkuntza komun bat garatzeko premia zutelarik, beren haurren ama-hizkuntza bilakatu dena. Hizkuntza horiek kreolerak deitzen dira.
Oinarritzat hartutako europar hizkuntza horiek frantsesa, gaztelania, ingelesa, nederlandera eta portugesa izan dira, kolonizatzaileena. Hizkuntza horiek kreoleren substratuak dira.
Soziolinguistek hiru kreolera-barietate bereizten dituzte. Lehena, oinarri eman dion europar hizkuntzatik hurbilena dena, akrolektoa; bigarrena, europar hizkuntzatik urrun dena, basilektoa; hirugarrena, mesolektoa, akrolektoaren eta basilektoaren artean dagoen tarteko hizkuntza-barietatea da.
Kreoleren egituratzearekin hizkuntzek beren morfologia flexiboa galtzen dute, gutxi gorabehera. Kreoleren beste ezaugarri bat da azkar hazten direla, kontaktuan ez diren hizkuntzak baino azkarrago.
Halere, ikertzaileak ez dira ados kreoleren sorkuntza-prozesuari buruz. Batzuen ustez, kreolerak herri-hizkuntzak dira, hizkuntza menderatzailearen lexikoarekin (europar hizkuntzaren funtsezko hiztegia) eta Afrikako edo Asiako hizkuntzan oinarritua den sintaxiarekin. Baina azken alde hau ez da zinez frogatua izan. Ohartu behar da esklaboak, jatorriz, hizkuntza asko eta desberdinetakoak zirela. Afrikako hizkuntza horiek kreoleren superestratuak lirateke.
Bigarren hipotesiak dio hurbilketaren hurbilketaren bidez sortu direla. Esklaboak, lehen etapan, europar hizkuntzaz partzialki jabetu dira; gero esklabo-kopurua emendatzen zelarik, esklabo berriak lehen esklaboen bidez jabetu ziren hizkuntzaz eta horrela kreolera sortu, hurbilketaz hurbilketa.
Dena den, kreoleren sorkuntza hizkuntza-ukipen bereziaren emaitza da, prozesua zernahi den. Lehen determinatzailea hiztunen historia soziolinguistikoa da eta ez hizkuntzaren egitura. Lehen hizkuntza desberdinetako hiztunak izan behar dira, ukipeneko eleaniztasun-egoera berri batean daudenak, beraz. Kreolizazioak jatorrizko ez diren hiztun gehiengo handia behar du (John Holm, 2004: 24).
Kreoleren sorkuntza, batetik, hizkuntza-ukipen egoera berezien ondorioa da, eta, bestetik, hizkuntzaren aldaera-mota berezia da. Kreolerak hizkuntza gazteak dira, horregatik garrantzitsuak dira hizkuntzen sorkuntza ulertzeko.
Ondorengo azpiatalean hizkuntzen heriotza aztertuko da. Ohar daiteke galzoriko hizkuntzen forma ere ukitua dela. Hizkuntzaren forman bertan desagerpen-sintomak irakur daitezke. Sintomak linguistikoak, fonologikoak, morfologikoak, gramatikalak, lexikalak edota semantikoak izan daitezke.
Sistema fonologikoa beste hizkuntza batekoan nahas eta urtu daiteke. Fonemen fluktuazio asko izan daitezke, esan nahi baita hizkuntza horren esanahiak bereizteko balio bereizgarria duten soinuak ez daudela guztiz finkatuta, nahasi egiten direla. Sistema fonologikoa, fonemen sistema, beraz, murriztu egiten da fonemak edo fonema aurkakotasunak galduz.
Morfologia sinplifikatu egiten da. Hitzen formen konplexutasuna murrizten da eta kategoria gramatikal batzuena ere bai. Galzorian ez dauden hizkuntzetan ere sinplifikazio-prozesua indarrean izan daiteke, baina hizkuntza-sistemaren beste zati zenbaitetan sinplifikazioak konpentsatuak dira aberastasun edo konplexifikazioen bidez.
Sintaxia aukerakoa bilakatzen da, esan nahi baita erlazio sintaktiko batzuk ez direla markatzen, testuinguruak edota komunikazio-egoerak sintaxiaren ahaltasuna ordezkatzen dutelarik. Lexikoaren aberastasuna murriztu egiten da eta, polisemiarengatik, hitzek esanahi bat baino gehiago eduki dezakete.
Hitzak mailegatzeak, halere, ez du hizkuntza automatikoki arriskuan jartzen. Ingelesaren hiztegi erdia kasik frantses jatorrizkoa da; halere, ingelesa ez dago galzorian, alderantziz egon ere. Baina desagertzeko den hizkuntza baten kasuan, mailegatze masiboak ez du hizkuntzaren lexikoa aberasten, integrazio morfologikorik gabeko ordezkapena baizik ez da gertatzen. Hizkuntzaren hitzekin gertatzen den bezala, hitzak sortzeko ereduak ere galdu egiten dira. Esanaldiak beste hizkuntza batekoak itzuliz sortzen direnean, hizkuntza absortzio-arriskuan dago.
Estilo aberastasuna ere gal daiteke. Normalizatu gabeko hizkuntzetako hiztunek, sarritan hizkuntza-erregistro bakar bat erabiltzen dute, hizkuntza-barietate bakar bat. Komunikazio-egoera jakin batean hiztunak ez daki erregistro egokia hautatzen, solaskideen, lekuaren, unearen araberakoa. Hizkuntza-barietate desberdinen arteko hauturik ez dauka, bat bakarrik menperatzen duelako.
Asko dira, beraz, galtzeko zorian dagoen hizkuntza baten ezaugarri linguistikoak. Zenbat eta sintoma horietako gehiago izan hiztun baten hizkeran, orduan eta mehatxatuago egongo da hizkuntza, hiztun horren kasuan bederen. Fenomeno indibidual horiengatik hizkuntza-komunitate baten hizkuntza gero eta pobreago bihur daiteke, desagertu arte.
Aurreko lerroaldeetan jadanik euskararen interferentzia, mailegu eta kalkoen adibide eman da. Hona beste argibide batzuk.
Euskara eta hizkuntza-ukipena historian zehar
Euskararen historia, hizkuntza gehienena bezala, hizkuntza-ukipen historia da. Badakigu euskara hizkuntza zaharra dela. Halere, euskararen historia Historiaurrean eta Antzinatean ez da ongi ezaguna. Garai hartako beste hizkuntzak desagerturik dira, eta beste batzuk bilakatzeko eraldatu edo ordezkatuak izan dira (ikus 3.3.5.).
Ondorioz, orduko hizkuntza-ukipenaren eragina ez da batere sakonki aztertu izan. Iberiera, hizkuntza ez-indoeuroparra, aipatzen da euskararen hitz batzuen antzekotasuna azpimarratuz. Iberieraz honako hitzok aurki zitezkeen: abar "adar", bios "bihotz", biskar "bizkar", etab. (Etxegoien "Xamar", 2006: 20). Ez dago argi, hala ere, hitz komunak ziren ala ez, eta zergatik; nork besteari mailegatu dizkion; beste hizkuntza bati zor zaizkion...
Bestalde, zelteraren eragina ere aipatzen da, hori hizkuntza indoeuroparra, Iberiar penintsulan zeltek eta iberiarrek bat egin zutelako. Dirudienez, gezi, landa, maite, mando zelterari mailegatuak dira (Etxegoien "Xamar", 2006: 30).
Ukipenaren historiaren segida ezagunagoa da, latinaren eragina hain zuzen. Gaur egun gaztelaniaren, frantsesaren eta ingelesaren eraginak dira indartsuenak.
Zubererak Biarnoko gaskoiari hartutako hitzez
Gaskoia Gaskonian mintzatzen den okzitanieraren dialektoa da, hizkuntza erromanikoetako bat, Erdi Aroko lehen erdian agertu zena. Zubererak Biarnoko gaskoiari 1.600 hitz inguru maileguan hartu dizkio, bi hizkuntza horiek luzaz kontaktuan izan dira eta. Orain harreman linguistiko horiek agortuak dira, hiztun gutxi baitira biarneraz aritzen direnak.
Gaskoiak zubererari hitz asko eman dizkio sentimenduen, kalifikatzaileen (erdeinuzkoak ala ez), ekintza-izen eta aditzen, eguneroko tresna eta tekniken eremuan. Aitzitik, ekarpena ahula da familiaren, erlijioaren, denboraren edo espazioaren eremuetan, adibidez.
Horrek erakusten du erlazio ekonomikoak emankorrak zirela eta Biarnoa era batez garatuago zela, baina baita biarnesa hizkuntza literarioa zela ere. Familia-giroan, aldiz, euskara bakarra zen eta erlijiozko funtzioa ere bazeukan. 3.3.2. lerroaldean hizkuntza-funtzio sozialak aurkezteko dira.
Hona, besteak beste, hiru mailegatze-era desberdin. Zubererak biarnesetik hitz edo elementu bat hartzen du beste hitz bat sortzeko.
- Eratorpena, atzizkia mailegatuz: ematxot "emakume txiki" (emazte "emakume" euskal izena + -òt atzizki txikigarri gaskoia), mintzaje "mintzaira, hizkuntza" (mintzatü euskal aditza + -atge atzizki gaskoia).
- Eratorpena, hitza mailegatuz: faizuzü "modutsu" (faizu "molde, modu" hitz gaskoia + -zü oparotasun euskal atzizkia), pintukari "ardozale" (pintu "pinta, txopin" hitz gaskoia + -kari euskal atzizkia).
- Hitz-elkarketa, bi hizkuntzen hitzak baliatuz: eskümantxo "eskularru" (eskü "esku" euskal izena + mantxo "zorro" biarnes izena), moskofi "mokofin" (mosko "moko" euskal izena + fi "fin" adjektibo gaskoia).
Euskañola
Hizkuntza bat ikastean edo ongi jakiten ez denean, hutsune bat izaten da. Zerbait adierazi nahi eta modu egokia ez aurkitzean, lehen hizkuntzaren hitza edo esapidea erabiltzeko joera izaten da. Kasu horretan kode-nahasketa orokortua duen hizkera-mota ager daiteke. Euskara eta gaztelania nahasten dituena euskañola deitu izan da.
Euskañola bera edo antzekoak beti izan dira Euskal Herrian, euskara eta gaztelania, euskara eta okzitaniera edo frantsesa harremanetan bizi izan direlako. XVIII. mendeko apaizen sermoiak, adibidez, anitz euskañolez idatziak ziren (Joxean Agirre, 2008). Adierazkortasun bila erdarara jotzea mendekotasunaren sintoma da, erdaraz euskaraz baino hobeto egiten denaren seinalea. Baina seinale positiboa ere bai, euskarara hurbiltzeko urratsa den neurrian; izan ere, horren alternatiba erdaraz mintzatzea izan ohi da.
Norbanakoaren komunikazio-estrategia da, hiztunak euskaraz mintzatu nahi duenean erabilia.
Iparraldean euskañolak ez du esamolde baliokiderik, frantsesa eta euskara lotuko lituzkeenik. Horrek ez du esan nahi batzuek frantsesa eta euskara nahasten ez dituztenik euskaraz mintzatu nahi dutenean.
Frantsesaren eta okzitanieraren kasuan izen bat asmatu izan da, francitan (français + occitan); franglais (français + anglais), frantsesa eta ingelesa nahasten dituena, etab. Beraz, fenomeno hori biziki hedatua da munduan zehar. Hego Amerikako eta Ertamerikako jatorriko hiztunek AEBetan egiten duten ingelesari spaninglish-a esaten zaio. Norbanakoaren hizkeran gertatzen den bi hizkuntzaren nahasketa bereziak dira. Hiztunek hizkuntza batean jabetze-maila altuagoa dutenez, beste hizkuntza erabiltzean lehenengoaren agerpen-txertatze puntual eta errepikatuak egitean datza fenomeno hau.
Euskal pidginak
Euskaldunak, arrazoi ezberdinak tarteko, bidaiariak izan dira historian zehar. Horren ondorioz, herri askorekin harremanak izan eta komunikatzeko modua bilatu behar izan zuten. Badirudi euskaldunek Kanadako tribu algonkinoekin kontaktua izan zutela, Montagnis-Innu eta Mikmak herriekin hain zuzen ere. Bestetik, Bakkerrek (Bakker eta beste, 1991) uste du San Lorentzo irlako Irokes, Inuit eta Abanki herriek ere izan zutela nolabaiteko pidginik.
XVII. mende hasieran balea-harrapaketak euskaldun asko bultzatu zituen Islandia eta Kanada aldera. Bertako biztanleekin eta bertara euren moduan joandako beste arrantzale batzuekin komunikatzeko, eusko-islandiar pidgina sortu zuten.
Nicolaas Deen holandarrak (1937, in Bakker eta beste, 1991) Islandian izan zen pidginaren inguruko ikerketa egin zuen. Gainera, pidgin horren inguruko hiztegi bat ere agertu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak (1991) honen lana Peter Bakker eta beste aditu batzuenekin batera argitaratu zuen Basque Pidgins in Iceland and Canada liburuan.
1625. urteko beste kronika batek dioenez, arrantzale euskaldunek indiarrei Nola zaude? galdetzen zietenean, indioek Apezac obeto erantzuten omen zuten.
Dena dela, euskarazko pidginen testigantzen artean, esaldirik luzeena honakoa da: Christ Maria presenta for mi balia, for mi, presenta for ju bustana. Esanahi zehatza hauxe da: "Kristo eta Mariak balea ematen didatenean emango dizut buztana".
Lexikoari dagokionez, hona hemen adibide batzuk:
| Pidgina | Euskara |
|---|---|
| elege | errege |
| endia | gauza asko |
| kea | kea |
| kezona | gizona |
| makia | makila |
| echpada | ezpata |
| origna | oreina |
Komunikazio-hizkuntza baten bila bi euskalkidunen artean
Teorian, komunikazio-hizkuntza da ama-hizkuntza bera ez duten partaideen artean erabiltzen den hizkuntza. Halere, hemen bestelako adibidea dugu. Lerro hauen idazlearen aita espartin-merkataria zen eta, behin, Azpeitian (Gipuzkoa) euskaraz hasi da mintzatzen, bere ama-euskalkiaz, zubereraz. Saltzaileak, zuberotarraren hitzak ez ulertuz baina euskara zela konprenituz, bere ama-gipuzkeran erantzun dio. Ezin ulertuz, zuberotarrak segitu zuen ongi menperatzen ez zuen gaztelanian eta orduan elkar ulertzen hasi ziren. Elkarrizketa horretan, bi solaskideek, ama-hizkuntza bera izanik ere, komunikatzeko beste hizkuntza bat hautatu behar izan zuten.
Batzuetan hizkuntza beraren aldaeren arteko aldea hain handia da, hiztunek beste hizkuntza bat erabiltzea bila dezakete, normalean hedadura eta prestigio handiagoa duen hizkuntza edo, bederen, batera duten hizkuntza.
