Dokumentazio zentroak

Herri Musikaren txokoa

Herri Musikaren Txokoa herri musikaren inguruko topaleku eta dokumentazio zentroa denez bere jarduerak, arlo ezberdinetan, herri musika eta soinu-tresnak ezagutzera, ikertzera, zabaltzera eta sustatzera zuzenduak daude eta horregatik erakusketaren bisitak eta dokumentazio zentroaren kontsulten zerbitzuak eskaintzeaz gain, besteak beste herri musika inguruko honako jarduerak antolatzen ditu

Herri Musika Kontzertuak

Hiru hilean behin, dagokion urtaroaren izenaz, herri-musika kontzertu bat antolatzen da bi musikari talde gonbidatuz: bata Euskal Herrikoa, eta bestea kanpokoa.

Herri Musika Jardunaldiak

2002. urtez geroztik, edizioz edizio Herri Musikaren inguruko gai monografiko bat harturik eta beti aukeratutako gaian dabilen beste erakunde edo elkartearekin batera, urtero Herri Musika Jardunaldiak antolatu dira. Bertsolaritza eta Herri Musikaren arteko lotura izan zen 2002ko 1. edizioko gaia, Herri dantza-herri musika 2. ediziokoa. 2004ko azaroan, 3. Jardunaldiak "Herri musika eta herri dantza hezkuntza sarean" gaia harturik ospatu ziran. 2005an Herri Musikaren 4. Jardunaldiak: Danbolinteroen iragana, oraina eta geroa. 2006ko azaroan H. M. 5. Jardunaldiak "Panderoaren inguruan" izendapen eta gaiarekin ospatu ziren. 2007ko 6. Jardunaldiek "Albokaren iragara, oraina eta geroa" izenburupean ospatu dira.

Erakusketa Mugikorra

Euskal herri musikan erabilitako soinu-tresnen erakusketa. Bost gunetan antolatuta: Idiofonoak, menbranofonoak, kordofonoak, aerofonoak eta hots-jostailuak, 125 soinu-tresnez osatutako erakusketa mugikorra. Mota askotako kultur eta musika talde eta elkarteek antolatzen dituzten ospakizunetan antolatzen dugu erakusketa hau.

Oiartzungo Herri Musika Eskola

1999-2000 ikasturtean, Herri Musikaren Txokoak bultzaturik Oiartzungo txalaparta taldearekin batera Txalaparta Eskola martxan jarri zen eta 2002-2003 ikasturtetik aurrera Txalaparta Eskolaz gain Alboka Eskola martxan jarri zen. 2004-2005 ikasturtean eskolak beste urrats garrantzitsua eman zuen, txalaparta eta alboka erakusteaz gain, dultzaina-gaita eskola martxan jarri zen. Ordura arte hori guztia Oiartzungo Udalak babesten zituen helduentzako ekintzetako egitarauan kokatzen zen eta 2004-2005 ikasturtean Herri Musikaren Txokoak hartu zuen Herri Musika eskola honen kudeaketa erabateko ardura. 2005-2006. ikasturtean Herri perkusioa (panderoa, danborra-atabala, txaramelak eta kanabera) ikasteko laugarren eskaintza zabaldu zen.