Euskal Herriko joko eta kirol tradizionalak zenbait lan-ekintzez osatzen dira, jatorriz edo mailegatuta, euskal kulturarekin lotzen direnak. Jokoaren egungo moduak antzinako hainbat lanbiderekin lotutako eboluzioak dira (arrantzaleak, egurgileak, nekazariak edo harri-zulatzaileak). Jarduera horiek lotura estua izan dute herriko jaiekin eta herritarren artean egiten ziren apustuekin.
Ezagunenak kirol arloko federazioen bidez antolatzen dira, izan ere, federazio horiek arduratzen dira haien jardun eta sustapenaz, eta haien lana tokiko esparruan burutzen dute. Lau dira kirol-administrazio garrantzitsuenak: arraunaren federazioa, euskal pilotaren federazioa, Herri kirolen federazioa eta bolo-jokoaren federazioa.
Arraun federazioak jarleku finkoko estropadak antolatzen ditu, hots, arraunen indarrez mugitutako ontzien lasterketak (traineruak, trainerillak eta batelak). Estropada horiek kostaldeko herrietan egiten dira, hala itsaso zabalean nola itsasadarretan. Egin beharreko distantzia aldakorra da eta itsasoan kokatutako buiak inguratu behar izaten dira zenbaitetan. Maniobra hori ziaboga izenez ezagutzen da. Bi dira modalitate gailenak: serietan egiten den aldibereko lasterketan lau ontzi elkarren lehian aritzen dira, ibilbidea irekia izaten da ziabogan izan ezik eta ibilbidea azkarren egiten duenak irabazten du; erlojupekoan ontziak banaka ateratzen dira elkarren atzetik eta denbora onena egiten duenak irabazten du. Bigarren modalitatea estuarioetan eta ibai-ahotan egin ohi da. Estropadetako garaileari berriki bordatutako bandera bat ematen zaio garaipenaren ikur modura. Donostiako bandera 1879az geroztik antolatzen da eta hura da zahar eta ospetsuena. Azken urteetan arraunketa-liga bat antolatu da. Liga horretan hainbat klubek parte hartzen dute maila ezberdinetan. Goi-mailako kategorian Kantauri isurialde osoko taldeek parte hartzen dute. Normalean, arraunlariek neguan jarleku finko olinpikoa egiten dute eta udan jarleku finko tradizionala.
Euskal pilotaren federazioan hainbat kirol-modalitate barneratzen dira, funtsean, bi arau bereizgarrien arabera batzen direnak: zeharkako jokoa eta joko zuzena. Zeharkako jokoa "blé" izenez ere ezagutzen da eta bi talde edo pertsonen arteko lehia izaten da. Pilota pareta edo frontisaren aurka kolpatzen da zuzenean eta txandaka, metalezko txapa gaindituz. Pilotak, frontisetik itzultzean, lurzoruan markatutako arrastoen artean eman behar du punpa. Jokalari edo taldeetako batek kolpean huts egiten duenean, txandakatzearen araua hausten duenean edo pilotak bi punpa egin ondoren kolpatzen duenean tanto edo puntua zenbatzen da. Partidek tanto kopuru finko bat izaten dute. Kopuru hori ezberdina izaten da modalitateen arabera. Jokorako lanabesak eskua bera, pala (pala luzea, motza, larruzko paleta, gomazko paleta), sarea (eskumuturra asko bihurritzea eskatzen duen eskuzko erraketa), xistera (zesta punta, erremontea, joko garbia) eta fronteniseko erraketa izaten dira. Pilotak eskuz egiten dira eta neurri eta pisu askotarikoak izaten dira. Erdian latexa izaten da (kiski) artilez, kotoi-hariz eta bere baitan josten den ahuntzaren larruzko kanpo-geruza batez gaineztatzen dena. Gomazko pilotak modu industrialean fabrikatzen dira. Pilotalekuak dira pilota jokorako kirol-instalazioak eta pareta edo frontis bakarra izan dezakete, orduan, plaza libre izendatzen dira; frontisa eta ezker pareta ere izan dezakete, normalean halakoak dira pilotaleku irekiak; frontisa, ezker pareta eta errebotea ere izan dezakete, horiek pilotaleku industrialak izaten dira eta txapelketetan baliatzen dira; azkenik, trinketek frontisa eta barrutia ixten duten hiru pareta, zuloa, izkin-motza eta ezkerreko paretaren gainean teilatutxoa izaten dute. Zeharkako joko izendatzen da, izan ere, jokalariak joko-espazio berean daude eta pilotak paretaren aurka egiten duen errebotea da lehia sortzen duen elementua. Joko zuzenean talde aurkariak parez pare kokatzen dira, bi eremutan, bakoitza alde batean kokatzen delarik. Joko zuzenean joko-mota hauek bereizten dira: esku-ahur motzaren joko zintzotik eratortzen direnak, hots, pasaka izenekotik, non lehiakideak trinket baten jokatzen duten sare batek banatuta; eta esku-ahur luzetik eratorri direnak, hots, bote-luzea, laxoa eta errebotea, non lurzoruaren arrasto horizontalak sarearenak egiten dituen eta xaxa edo marren sistema batek agintzen duen, "blé" delakoaren arauak erantsita. Joko zuzenetan puntuazio-sistema jokokakoa eta hamabosnakakoa da, tenisaren antzera, izan ere, tenisak bezalaxe gorteetan dute jatorria joko horiek.
Herri kirolen federazioa kirol-modalitate zabal eta anitza baitaratzen duen instituzioa da. Joko horiek baserritik eta hartako langintzatik eratortzen dira. Atleten zeregin nagusia landa-ingurune tradizional batetik eratortzen den langintza da, eboluzionatu eta kirol bihurtu dena. Egurra moztea, pisuak garraiatzea, soro bat segatzea edo geografikoki elkarrengandik aparte dauden bi punturen artean mugitzea. Horiek, pixkanaka, tokiko kirol bilakatu dira interesak eta dagokion langintzan aditu diren bi lehiakideren arteko lehiaren ikusminez sortutako apusturako grinak eraginda. Bi koadrilen arteko apustuak pixkanaka txapelketa bilakatu ziren, hordagoa eragin duen tradizio zaharra desagertzearen kalterik gabe. Dema hiru modutara gauzatzen da: atletak ahalik eta denbora gutxienean langintza finko handia egitea, esate baterako, aizkora jokoa; atletak denbora jakin batean ahalik eta lan gehiena egitea, esate baterako, idi-proba; eta atletak ahalik eta lan-karga handiena egitea, esate baterako, harrijasoketa.
Kirol-jarduera ezagunenen artean hauek azpimarra ditzakegu: aizkora eta zerra erabiliz enborrak mozteko lehia, hots, aizkora eta trontza jokoa; sega erabiliz belarra mozteko lehia, hots, sega apustua; zezen-plazan egiten den korrika-lasterketa, hots, korrikalariak; artaburuak jasotzean datzan lasterketa, hots, lokotx apustua; zakuak garraiatzean datzan lasterketa, hots, saku lasterketa; pisua garraiatzean datzan lasterketa, hots, txinga apustua; lastozko fardoak altxatzeko lehia, hots, lasto altxaketa; idiak erabiliz harriak arrastaka eramatean datzan lasterketa, hots, Idi-proba; harriak garraiatzeko lehia, hots, gizon-proba; eta, ardatzaren baitan gurdia mugitzeko lehia, hots, orga jokoa. Jarduera horietan aritzen diren kirolarien artean familiaren barnean sustraitu ohi da tradizioa.
Herri kirolen federazioaren barnean sokatirak aparteko aipamena merezi du. Haren jatorria ez dago batere argi, baina kultura ugaritan aurkitzen da. Taldeen arteko norgehiagoka izaten da. Talde bakoitza sokaren mutur banatan kokatzen da eta erdian lerro bat marrazten da, hala talde bakoitza bestea lerro horretara erakartzen saiatzen da sokatik tira eginez. Joko Olinpiko modernoetan bost aldiz barneratu da: 1900. urtean Parisen (Frantzia); 1904an San Luisen (AEB); 1908an Londresen (Erresuma Batuak); 1912an Stockholmen (Suedia); eta 1920an Anberesen (Belgika). Txapelketa lehiakideen pisuaren arabera antolatzen da eta tiraldiak kautxu edo belardi gainean egiten dira. Azalera bakoitzak bere teknika berezia du tiraldia egiteko. Munduko txapelketak antolatzen dira nolabaiteko maiztasunez.
Euskal Herrian bolo-jokoaren eta doitasun handiko jaurtiketen barruan modalitate ugari daude, eskualdeko federazioek kudeatzen dituztenak. Arabako lautadan aski sendotutako bertsio batean jokatzen da, lau bolotako esku-ahur izenekoa, non parte hartzen duten herriak elkarren aurka aritzen diren. Halaber, aski ezagunak dira burdina batera jaurtitako fitxa batekin jokatzen den toka jokoa edo metalezko igel batera jaurtitzen dena, hots, igela jokoa; dena den, joko horiek ez dute egitura lehiakor sendorik.
Orokorrean, helduen jokoek apustutik lehiaketarako jauzia eman dute, txapelketaren eta errekorren logikari jarraiki. Jokoaren eite profesionalak lotura estua du diru-iturri eta finantzaketarekin. Euskal pilotak, arraun-estropadak eta, zenbaitetan, harri-jasotzeak hedabide handien eta sortzen duten publizitatearen finantzaketa izan dezakete. Gainerako modalitateek berezko bitartekoei, administrazioen babesari eta kirol nahiz folklore ikuskizunetik lortzen den diru-sarrerari esker irauten dute. Aisialdiaren kultura tradizionalean emakumea pixkanaka ari da kirol-joko horietan barneratzen, gehienbat pilotan, arraunean eta sokatiran.
Helduen joko eta kirol tradizionalak joko kontzeptuaren barnean sartzen dira, euskaldunek jendaurrean duten jokabide-ereduan. Ezagunak dira jokoari erreferentzia egiten dieten atsotitzak: Jokoa ez da errenta; jokoan atzo erronka, biharko errenka.
