Kontzeptua

Guimbarda

Tronpa, Tronpia, Mosugitarra, Mosumusika

Euskarri bati loturik duten mihi bat behatzekin eraginez dardaratzen dutela, eta idiofono malguen taldekoak diren soinu-tresna hauek mundu zabalean ezagutzen dira. Hotsa eragiten duen mihia toki batzuetan metalezkoa da eta besteetan banbu-kanaberazkoa. Galizian trompa eta birimbao, Italian scacciapensiari, Errusian truba, Catalunyan zanfonya eta beste zenbait izenekin ezagutzen badira ere, Europan guimbarda eta munduan jew?s harp (juduen harpa) izenekin ezagutzen da nagusiki.

Gure artean nagusiki tronpa izenarekin ezagutzen bada ere, "mosugitarra" eta "mosumusika" izenekin ere ezagutzen den soinu-tresna hau Euskal Herrian asko jotzen omen zen, eta XX. mendearen hasieran oraindik entzun zitekeen Gipuzkoan eta Bizkaiko Durangaldean ibiltzen ziren tronpa-jole batzuen musika.

Gure tronparen euskarria metalezkoa da eta giltza zahar baten itxura hartzen du. Pieza batekoa den euskarriak bi zati ditu: sasi zilindrikoa den kirten gisako aldea eta paraleloki eta parean jarritako bi punta luze. Kirten aldean euskarriari lotuta eta bi punten artean erdi erditik pasatzen den altzairuzko mihi bat du. Esku batekin hartuta eta tronparen punta ezpainen artean hortzen kontra jarrita, altzairuzko mihia eraginez honen bibrazioz lortzen da hotsa. Aho-barrunbeak erresonantzia kaxarena egiten duela, honen barruko espazioaren bolumena aldatuz tonu ezberdinak lortu daitezke.

Aita Donostiak euskal soinu-tresnei buruz argitaratutako idatzian tronpari buruz zenbait xehetasun ematen ditu eta besteak beste esaten digu: Durangokoei "tronperriko" deitzen zieten goitizenez, bertan tronpak egiten baitziren, eta jo ere bai. Durangoko dendetan 1890-1895. urte inguruan tronpak saltzen ziren eta 1906-1910. inguruan jotzen omen zuten, oso ongi jotzen ere. XIX. mende hasieran, Hernaniko plazan "Tronpa dantza" izeneko dantza egiten omen zen. Dantza honek, izena, bere musika emailearen soinu-tresnengandik hartzen zuen, tronpekin (guimbardes) jotzen zen eta. Aita Barandiaranek esan zionez, XX. mendearen hasieran Ataunen jendeak tronpa musikarekin dantzatzen zuen (Donostia, 1983).

Donostiako San Telmo Museoko dokumentazioan ikus daitekeenez XX. mende hasieran bazituzten Gipuzkoako tronpa zahar batzuk eta soinu-tresna honi buruzko informazio ugaria. Oraindik kontserbatzen dute 1916an eskuratutako Ikaztegietako Artano baserritik zetorren "trompa".

San Telmo Museoko artxiboetako informazio artean eta Julio Caro Barojak idatzitako Los vascos liburuan ageri da soinu-tresna honi buruzko bestelako informazioa. Horietan irakur dezakegun bezala, Durangaldean, XV. mendean, inguruko familia ospetsu bateko Fray Alonso Mella erlijiosoak heretiko mugimendu bat antolatu eta burutu zuen. Mugimendu haren partaideek tronpa jotzen omen zuten kale izkinetan jarrita, abisuak pasatzeko eta beraien bileretako dei gisa. Historia hori dela eta Durangokoei burla egiten omen zieten laurehun urte beranduago, eta hauek ez zuten bat ere gogoko eman zieten "tronperriko" goitizen hori.

1970-1990 hamarkadetan zuzenean jasotako informazioan ikusten da tronpa kaleetan, ostatuetan, sagardotegietan eta etxeetako sukaldeetan jotzen zela.

Bedaioko Juan Antonio Sarasola (1887-1983) txistulari zenak esaten zuenez, bere amak ilunabarretan, Zumizketa baserriko sukaldean jotzen zuen tronpa txiki bat besteek kanta eta dantza zezaten.

Idiazabalgo Felix Izagirrek (1916-1995) hau esan zigun: bera haurra zela, neguan, iluntzean etxeko haurrekin sukaldean elkartuta zeudenean, hauek esaten zutela; <> eta "tronpa" jotzen zuela.

Ezagutu dugun azken tronpa joleari buruzko berriak, Orioko San Martin auzoko Sarobe baserrian bildu ditugu bertako Jose Peñak emanak. Mutiko zenean bere etxera etortzen omen zen Aretxabaletako gizon handi bat, Nikolas Garmendia. Hau eskale gisa, kontrabandoan, eskopetak konpondu, pistolak saldu eta horrela ibiltzen omen zen. Saroben egon eta lo egiten zuen. Sukaldean bertan asko jotzen omen zuen tronpa eta oso ondo gainera, era guztietako kantu eta dantzak. Tronpa handi bat zuen, horia kolorea. <>. Bukatutakoan, kortxozko funda edo kaxa batean gordetzen omen zuen.

Antzuolako Benito Lamariano Agirre (1909-2000) dultzaineroak bere haurtzaroan ezagutu zuen herriko kaleetan etxez etxe "tronpia" jotzen ibiltzen zen eskale bat.