Donostia, hogeigarren mendeko hirurogeiko hamarkadan, narratibaren hiri sustatzaile bihurtu zen. Hiru idazle gaztek, Santiago Aizarnak, Fernando Bandresek eta Fernando Orlandok, Donostia Hiria Ipuin Lehiaketa sortu zuten, eta lehen edizioan Jose Maria Mendiola donostiarrak (1929-2003) irabazi zuen, "Hamar mila zikoina" (1960) kontakizunarekin. Gertaera hori akuilu bat gehiago izan zen Guerra Garrido bezalako idazle izan nahi zutenentzat. Donostiako literatur mundua gehiago berpizten lagunduko du Mendiolak, 1962ko Nadal saria eskuratu baitzuen, Muerte por fusilamiento eleberriarekin. Hainbat instantzia -Donostia Hiria Ipuin Lehiaketa, Agora Argitaletxea, Gipuzkoa Saria, Veteres, Espelunca, Gipuzkoako Ateneoa, Akademia Errantea, Noray aldizkaria, Barandiaran Galeria, etab.- lagungarri izan ziren garai bat eraikitzeko, non Donostia nolabaiteko literatura-ametsetako hiri bihurtzen baitzen. Agertoki horretan inskribatu behar da Guerra Garridok bizitza literarioan egindako sarrera.
