Kontzeptua

Gorpuzti edo Besta Berri

Dagoeneko 1317an Arnaldo de Barbazan gotzainak Iruñan, Erreinuko hiriburuan, Sakramentu txit Santuaren ohorezko Kofradia eratu zuen. 1388an Martín de Zalba gotzain jaunak dekretu bat promulgatu zuen festaren eta Gorpuztiaren zortziurrenaren handitasuna finkatuz. Iberiar Penintsulan, festa Iruñatik (1317) eta Bartzelonatik (1319) sartu zen. Euskal Herrian, dantza, jantzi, bere zutoihaldun kofradia, kantu, drama sakro eta orokorrean tradizio kuttun euskaldun sorta oro Jaungoikoaren Gorputz biziaren omenaldiarekin lotu zen berehala. Aipatutako Corpus Dominus Kofradia, bere alde, partikularrek egindako dohaintzei esker aurkitzen dugu Baionako artxiboetan (1549) eta Tuterako Corpore Christi delakoa, Nafarroakoetan.

Jesusen bihotz guztiz santuari egindako gurtzak eragin handia izan zuen 1660an Iruñako predikuarekin jesuiten misio berezi batean, eta 1731n Tafallako Pedro de Calatayud Jaunaren predikazioarekin. 1609an Iruñan ospatutako Gorpuzti festetan, Antonio Venegas de Figueroa gotzain jaunak euskarazko literatura lehiaketa bat deitu zuen Sakramentu txit Santuaren omenez. Pedro de Ezcurra, Aldareko gorputz sainduari poesiagatik eta Miguel Aldaz, Gorputz Sainduari izenburua zeraman poesiagatik izan ziren sarituak. Ezagutzen den lehen euskarazko literatura lehiaketa da.

Iruñan, abadeek ere parte hartzen zuten dantza eta drama sakroak ospatzen ziren. Esate baterako, 1622an, La fuente de Jacob izenekoa aurkeztu zen. Bertan 22 txantrek, 12 ministrilek eta musikariek parte hartu zuten. Kaperek beste zenbaitetan baino gabon-kanta bereziago eta iraunkorragoak konposatu behar zituzten. Korporazio ofizialen eta herriko gremioen, kleroen, txantreen, musikarien eta ikusleen parte hartzea zuen prozesioarekin ematen zitzaion amaiera festa handiari.

Tantum ergo delakoa da eguneko funtsezko kantua. Euskal Herrian oso ezagun bihurtu da erlijio kutsu sakona duen, Ignacio Busca Sagastizabal musikari euskaldunaren Goratu dezagun alkar arrurik XXII. Nazioarteko Kongresuaren eukaristia-ereserkia. (Erref. Eliz abestiak, 1952, 8.orr; Gora Jainkoak, 1972, 44.orr.).

Beran, Nafarroan, prozesioan bi gizonek parte hartzen dute, sindikoak eta zinegotzi batek, lebita beltzez jantziak eta trikornio handi batez estaliak. Sindikoak herriko bandera astintzen du alde batetik bestera aldareko Sakramentuaren aurrean, danbor-joleak hurrengo doinua jotzen duen bitartean: Sindikoak eta bere adiskideak jarraitzen dio eta zuriz jantzita, txapela gorri batekin, apretetan zinta gorriekin eta gerriaren eta sorbaldaren artean laxo gorri bat daraman mutiko batek zerbitzatzen dio.

Gorpuztiaren festa osatzen duten elementu profanoen artetik, drama sakroa eta errituzko dantza dira adierazgarrienak. XVI. mendean hedatzen da eta hartzen du indar gehien dantzak Gorpuztiaren prozesioetan. Oñatiko (Gipuzkoa) dantzari ospetsuak 1560 ingurukoak dira. Prozesioan zehar, bertan dantzatzeko prestatutako dantza bereziak egiten dituzte, korpus-dantzak izenez ezagutzen direnak. Dantzen gastuak erlijio entitateek eta udalerriek ordaintzen zituzten. Tuteran, Nafarroan, komedia bat antzezten zen eta ijitoen dantza bat dantzatzen zen. Lekeition ere, Bizkaian, 1559an prozesioetan ijitoek dantza egiten zuten. Gorpuzti dantzen datuak daude XVI. mendean Errenterian (1576, hamabost dantzari), Markinan (1576, Bizkaia), Balmasedan (1604an dantza eta kriskitinei zazpi maskara gehitzen zaizkie), Bilbon (Nafarroako dantzariak ekarri zituzten eta ohikoa zen komediak antzeztea), Donostian (bertan, Felipe IV.-aren etorrera zela eta ehun dantzariz osatutako talde batek dantzatzen du), Oiartzunen (1682an berrogeita hamarrek eta ezpata-dantzari batek dantzatu zuten), Tolosan (Gipuzkoan, bertan dantzari talde bat, erraldoiak, munstroa eta dominguilloa aritzen ziren -XVIII. mendea-), Gasteizen (bertan Sakramentu txit Santua ezpataz osatutako arku baten azpitik igarotzen zen) Uztarrozen, Izaban (Nafarroa, hemen eskopetarien alardea egiten zen) eta Baionan (dagoeneko XVI. mendean danbor-jole eta txistulariek prozesioetan parte hartzen zuten) eta gaur egun, Iholdin, Armendaritzen, Heletan, Arberoan, Bidarrain eta Iparraldeko herri askotan elizan dantza egiten da eta bertatik martxan atera ohi da dantzarien erritmora, abadea ere ateratzen delarik.

Festari poztasuna zerion egunsentia altxa eta iluntzeraino. Ez zen gainerakoak bezalako festa. Batasunaren festa zen eta hortik datoz Tantum ergo-aren gantzutze erlijioso sakona, hainbat familiak altxatutako aldare xume edo aberats bakoitzean egiten ziren errituzko geldialdiak. Izaban hiru aldare altxatzen ziren ibilbidean zehar: bi, aparteko auzoetako erdi mailako familiei zegozkienak eta bat bere etxean, zahartuta eta txiro, bakarti bizi zen sasi-eskale bati zegokiona. Lurreraino iristen zen dafaila zuriz estalitako mahai bat; arku baten moduko olana borobildua eta barnean, kandelak zituzten zutargiak eta "zilarrezko hosto" lehor ugari zituzten edalontzi batzuk, zeinaren disko distiragarri eta gardenek beste Erreinu bateko txanponak ekartzen zituzten gogora. Bizilagun guztiez osatzen zen prozesioa iristean, kalea hutsik geratzen zen, prozesioa hemen geratzen zen eta Barbareta sasi-eskale, txiki, desitxuratu eta itsusiaren aldare zuri ñimiñoaren barnealdean kokatzen zen aldareko Sakramentua.