Kontzeptua

Besta berriak Ipar Euskal Herrian

Besta Berri Kristoren gorputzaren omenez Eliza katolikoak Erdi Aroan agindutako besta bat da. Xipri (Arbelbidek oroitarazten duen bezala, Liège-n serora batek ukan ikuskari baten ondotik hasi ziren besta horren ospatzen hiri horretan 1247an, eta Urbano IV aita santuak Eliza guztira hedatu zuen 1264an (Arbelbide, 2001, 5. or.). XIII. mendean sortu besta Pazko edo Eguberri baino aise berantago sortu zuten, eta euskaraz "Besta Berri" izena atxiki zuen. Gaur egun, Trinitate ondoko bi igandeetan ospatzen dira Besta Berri eta bere zortziurrena. Napoleon I.a enperadorearen garaiko konkordatuan (1804) deliberatu zuten Frantzian Besta Berri, ordu arte ortzegunez ospatzen zena, ondoko bi igandeetan ohoratuko zela. XX. mendean oraino, Ipar Euskal Herriko toki anitzetan "Besta Berri xahar" markatzen zen ortzegunarekin, eta ondoko igandeetan Besta Berri eta zortziurrena. Elizaren besta horrek ukan du bere garrantzia Ipar Euskal Herriko gizartean. Hiru ataletan aztertuko dugu hemen: besta nola iragaten zen, zer sinbolo gurutzatzen ziren, eta besta nola aldatu den mendeetan zehar.