Jaialdiak-Ekimenak

Gasteizko Euskal Zinemastea

Gasteizko Euskal Zinemaren Astea 1985ean sortu zen. Caja Vital Kutxa Fundazioaren ekimenez eta Jose Luis Ramos, Kutxako Gizarte eta Kultura Ekintzaren arduraduna, izan zen hasiera hartan ekimenaren arima.

Zazpigarren artea gasteiztarrengana hurbiltzeko ahaleginez betetako urteen ondoren, Ramosi urtero euskal zineari aste bat eskaintzea otu zitzaion. Euskal zinearen nortasunari buruzko eztabaidak alde batera utzita, euskaldunek zuzendu edo ekoiztutako zinea proiektatzean zetzan Astearen filosofia, ikuslegoaren aurrean ezagutarazteko eta sustatzeko helburuarekin. Lehen edizioetan, euskal zinearen egunerokotasuna erakusteaz gain, Euskadiko Filmategiaren lankidetzari esker, erakunde honek gordetako antzinako filmak eman ziren. Bederatzigarren ediziotik aurrera (1993) euskal zuzendari bati eskainitako ziklo bat eskaini zen, zuzendariaren ibilbidea aztertzen zuen liburu batekin. Pedro Olea izan zen ziklo horretako lehen protagonista.

Laurogeigarren hamarkadan sortutako euskal zine modernoarekin batera Astea ere hazi egin zen, eta urtez urte, Euskadiko zinemagintzaren ekoizpenaren errealitatea zehaztasunez ezagutzeko ezinbesteko hitzordu bilakatu da. 2007tik aurrera, betiere Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren barruan, KREA Espresio Garaikidea Kulturgunea arduratu da Zinemastea antolatzeaz. Aro berri honetan, sariketa honen indarra agerian geratu zen 24.edizioan (2008), bertan 40 zinema proposamen baino gehiago (luzemetraiak eta film laburrak) aurkeztu ziren ikuslegora eta Natxo Vigalondo, Borja Crespo eta Koldo Serra bezalako zinegileen parte hartzeaz gozatu ahal izan zen.

2009an ekitaldiak 25. urteurrena bete zuen. Euskal zinemagintzan sortutako pelikula berriak eskaini ziren, esaterako: Un poco de chocolate, La casa de mi padre, Los cronocrímenes edota La buena nueva, ... Horrez gain, gazte jendeari zuzendutako tailerrak antolatu ziren, euskal laburmetraiei atal berezia eskaini zitzaion -Kimuak egitasmoari aparteko arreta ere emanez- eta "25 años/25 urte" atzera begirako erakusketa burutu zen euskal zinemagintzaren historian zehar sortutako lan esanguratsuenak bilduz. Horrek guztiak Zinemastea Euskal Herriko zinemagintzaren hedapenerako eta sustapenerako gunerik garrantzitsuenetako bilakatu zuen.