Kontzeptua

Frantziako estatua

Egun ezagutzen dugun Estatu nazioa azken berrehun urteetako garapenetik eratortzen den eraikuntza historikoa da. Entitate horrekin ordura arte gainjarritako hainbat botere moduren nagusitasuna zuen espazio politiko bat gainditu nahi da, haren lurralde-unitatea erdietsiz eta, ondorioz, zentralizazio-prozesu politiko geldoa gauzatuz. Dinamika horri esker erdi aroan baino zabalagoak diren unitate politikoen garapena ahalbidetzen da, lurralde jakin baten barnean subiranotasun edo agintaritza ezarri nahi duena; horrek, aldi berean, azpiko entitateek agintaritza eta subiranotasun oso edo partziala galtzea dakar.

Estatuen eraikuntzan, hasiera batean, Estatuko erdiguneak Gizartea eta Komunitate nazionala eraikitzen ditu, modu horretan, hainbat funtzio ekonomiko, politiko eta kultural betez. Gizarte Nazionala hainbat alderditatik eratortzen da: a) merkatu batu baten eta Administrazio eraginkor baten sorreratik; b) derrigorrezko irakaskuntza unibertsalaren bidezko masen sozializazio politikotik; eta c) sufragio unibertsalaren moduko mekanismo politikoen bidezko integraziotik. Beste alde batetik, Komunitate Nazionala herritarrek Estatuari zor dioten leialtasuna elikatzen duen kultura politiko batetik eratortzen da eta nazio-kidetasun sentimendua sorrarazten du (Letamendia, 1997).

Era berean, lurraldearen gainean gauzatzen den boterearen kontrol politikoaren ezaugarriak ikusiz Estatuen azterketa egitera urreratu ahal gara. Horrela, baitaratzen den lehen eredua eredu unitarioa da eta "itsasoko nazio inperialen" esparru geografikoan ezartzen den absolutismoaren ondorioz sortzen da. Aipatu nazio horien artean kokatzen zen Frantzia. Estatu bat eraikitzeko ezinbestekoa zen hiri boteretsu asko elkarren ondoan ez metatzea eta aipatu lurralde horietan errazagoa izan zen hura gauzatzea Kontrarreforma Katolikotik urrun zeuden neurrian. Seiler irakaslearen arabera (1999) menderapenean oinarritutako eraikuntza izan daiteke Frantziako nazioaren eraikuntzaren ezaugarria. Hala, Estatua eraiki ahal izateko:

"bortxatze fisiko legitimoaren monopolioa erabili zen, zentzu weberiarrean esanda. -Gaineratzen duenez- Estatua gizartearen gidari gisa azaltzen den eraikuntza-eredu baten ondorio da".

Elementu horri so Frantzia Estatu "indartsu" modura egituratzen da eta Estatu horretan gizarte zibilak badu nolabaiteko espazio bat, berezkoak zaizkion eraketa korporatiboak desagerrarazi ostean.

Dena den, ordura arte motela zen eraikuntza-prozesu nazionalak abiadura bizkortu zuen Frantziako Iraultzaren ondotik eta borondatezko izaera hartu zuen. Izaera hori honako elementuetan islatzen da, besteak beste: (a) antzinako probintzia eta nazio historikoen aurka bideratzen den departamenduen araberako mugaketan; (b) kulturen eta hizkuntza gutxituen aurkako txosten suntsitzaileetan; edo (c) haien desagerpenera bideratutako gomendioetan (horietako zenbaitek oso izenburu adierazgarria ageri dute, esate baterako Gregorie Txostenak: "Informe sobre la necesidad y los medios de aniquilar los patois y universalizar el uso de la lengua francesa") -Patoisak suntsitzeko eta frantses hizkuntzaren erabilera unibertsalizatzeko beharra eta bitartekoei buruzko txostena- (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Hala eta guztiz ere, hirugarren Errepublikan zehar (1870-1875), herrialdeko biztanleen erdia baino gehiago eta landa-zonaldetako biztanleen %80 inguru frantsesaz aparteko hizkuntzetan mintzatzen dira. Horrela, hezkuntza funtsezko oinarri bilakatu zen arestian aipatutako Gizarte Nazionalaren sorkuntzan. Modu horretan, Ferry Legeen bidez (1880-1887) doako eta derrigorrezko oinarrizko eskola-sistema bat ezarri zen, frantsesezko irakaskuntza soilik barneratzen zuena. Nolanahi ere, hezkuntza-sistema ez da eremu urriko kulturatako kideen frantseste-prozesuaren errudun bakarra eta, gainera, ezin daiteke behartutzat jo guztiz. Hala, frantsesa (francité) ez da soilik ikuspegi etniko eta kulturaletatik abiatuz definitzen, aitzitik, errepublikanismoa, laikotasuna eta arrazionalismoa onartzearen ildotik definitzen da nagusiki. Modu horretan eratzen da Estatuen legitimitatea sostengatzen duen Komunitate Nazionala sortzeko beharrezkoa den kultura nazionala.

Modu berean, Estatuaren oinarri gisa baliatu ahal den merkatu bat sortzeko beharrezkoa den garapen ekonomikoari esker, industrializazio- eta urbanizazio-prozesu bat abiatu zen. Horren ondorioz, etnikoki orientaturiko nekazari asko deserrituak izan ziren eta Frantziaren ideal horrekin adostasun betean ziren handikietako eliteek aipatu prozesua baitaratu zuten (Rudolph, 1989). Azkenik, lehen Mundu-gerraren ostean, periferietan bizi ziren biztanleek ere aipatu prozesua baitaratu zuten, modu horretan, estatuko eraikuntza-prozesua gauzatu zelarik, itxuraz erdigunearen eta periferiaren artean liskarrik izan gabe (Izquierdo, 1998).

Esan dugun modua Estatua eraikuntza-prozesu bikoitzaren ondorioa da, hots, Gizartea eraikitzeko prozesuaren eta Komunitatea eraikitzeko prozesuaren ondorioa. Baina eraikuntza bikoitz horretan beste talde batzuk alde batera uzten dira, erdigunean nagusitzen den taldearekin ezberdinak direnak. Talde horiek Estatuak banatutako ondare kultural, politiko eta are ekonomikoak ez dituzte berdintasunezko baldintzatan jasotzen. Talde horiek jarrera pasiboa izan dezakete, baina, era berean, litekeena da jarrera aktiboa izatea, beren hizkuntza, erlijioa eta kultura babesteko; edo, beranduago, haien lurraldearen barnean nolabaiteko instituzionalizazio politikoa eskatzeko (Letamendia, 1999). Edozein kasutan ere, periferiako mugimendu nazionalisten garrantzia eta iraunkortasuna aurrez aipatutako eraikuntza bikoitzak (Komunitatea eta Gizartea) erdigunean duen indarraren baitakoa izango da, neurri handi batean, batutako merkatu bat eraikitzeko gaitasunaren arabera egongo dena. Hala, Frantzian gune politikoaren eta gune ekonomikoaren arteko kontraesanik gertatzen ez den arren (biak Parisen kokatzen dira), Espainiari dagokionez, ardatz ekonomikoa politikaren periferian kokatzen da (Euskadi eta Katalunia); horrek, hein batean, bi Estatu horietako mugimendu periferikoek izan duten garapen ezberdina azaltzen du (Ahedo, 2006).

Azkenik, kontuan izan beharrekoa da mendebaldeko gizarteetan bizitza sozial eta ekonomiko osoa ez dela Estatuan garatzen. Ekintza independentea hartzen duen eremu handi bat dago, norbanakoena eta elkarte pribatuena. Dena den, Estatuaren eta gizarte zibilaren arteko muga lausoa da, horren ondorioz, bi gizarte-eredu bereizi behar ditugu ezinbestean: alde batetik, Estatu Indartsuarena, gizarte zibiletik aparte eta haren gainetik kokatzen dena, bigarrenari egitura emanez; beste alde batetik, Estatu Ahularena, sinpleagoa, mugatuagoa eta gizarte zibilaren mugakidea dena (Keating, 1996). Bi estatu-egitura horiek bi oinarri teorikoen kausa eta ondorio dira. Horrela, Lockeren pentsamendua, gizartea arriskuetatik babesteko sortutako Estatuari dagokiona, Estatu Ahularen eredu anglosaxoiarekin bat dator eta hura bultzatzen du. Bestalde, Rousseauren pentsamendua, ondasun ezberdintasunak usteldutako gizartea berrantolatzeko "borondate orokorrean" oinarritzen denari dagokiona. Hori da Frantziako iraultzaileek baitaratzen duten ikuspegia eta, paraleloki, estatuaren zentralizazio indartsu batekin gauzatzen dutena (Letamendia, 1997). Horren harira, Frantzia da Estatu Indartsuaren adibide onena, zentralizazioaren tradizioa delarik nazioaren eta batasunaren adierazpide nagusia. Partikularren eta tokikoen interesen aurrean gailendu zen absolutismotik eratorritako unitate-printzipioa, askoz ere haratago eramana eta iraultzaren ondoko erregimenek legezkotasun demokratikoz hornitu zutena.

Modu horretan, Estatuaren eredu unitarioa eta eredu indartsua elkartzean (Frantzian islatzen dena) Estatu modu berri bat ezartzen da, komunitate nazionaleko kidetasuna lurraldean bizi den ororen aukera delarik, legearen aurrean guztiak berdintasuna izaki. Askatasun indibidualak erdigunean bilakatzen dira eta, hain zuzen, herri-subiranotasunaren doktrinaren ondorioz Estatu naziotik igarotzen ez diren ekintza modu kolektiboak ez dira legitimotzat hartzen. Rousseauren tradizioak eduki hiritarrez hornitzen du Frantziako nazionalismoa, nazioa eraikitzeko abiapuntutzat norbanakoa hartzen duen neurrian; baina bi errealitate horien artean tarteko espaziorik uzten ez duen ikuskera bat ahalbidetzen du: Estatuaren eta norbanakoaren arteko agintaritzak ez du lekurik. Horrenbestez, demokraziak unitate nazionala, zentralizazioa eta uniformetasuna esanahi du (Keating, 1996).