Kontzeptua

Frantziako estatua

Hainbat bide daude sistema politiko jakin bat jorratzeko. Hemen, Frantziari dagozkion ezaugarriak emateko, Estatuak antolatzeko irizpide eta arauen izaera gehiengo edo adostua bereizten dituen ardatzean Frantziak hartzen duen tokia hartuko dugu abiapuntutzat. Horretarako, Arend Lijphartek (2001) egindako ekarpenetan oinarrituko gara, hogeita hamasei herrialdetako gobernu moduak aztertu baititu. Autore horrek adierazten duenez, gehiengoaren eredua baztertzailea, lehiakorra eta liskartsua den bitartean, barneratzea, ituna eta konpromisoa dira adostasunezko ereduaren ezaugarriak. Hori dela eta, Estatuak bi eredu horietako batean kokatzerakoan hainbat kategoria ezartzen ditu bi dimentsiotan biltzen dituenak: (a) boterea antolatzeko moduarekin lotutako ezaugarrien adierazpide den "dimentsio exekutibo/alderdikoia", eta (b) sistema federal edo unitarioaren arteko kontrastearekin lotutako hainbat zantzu aztergai dituen "dimentsio federal/unitarioa". Ikusiko dugun moduan, bi dimentsio horiek, bereziki bigarrena, arestian aipatutako Estatuaren eraikuntza-prozesua abiapuntutzat hartuta azaltzen dira.

Ikuspegi hori hartuta estatu demokratikoak aztertzeko hainbat ezberdintasun hartzen dira abiapuntu gisa: (a) boterea alderdi bakarreko gehiengozko exekutiboetan metatzea edo boterea alderdi ugariz osatutako koalizio zabaletan banatzea; (b) Bigarren dimentsioa (federal/unitarioa) aurrerago aztertuko dugu sakonki. Hemen, Estatuen izaera adostasunezkoa edo gehiengozkoa izatea baldintzatzen duten hainbat ezberdintasun aipatuko ditugu: bere gauzatze unitario edo zentralizatua, eta legegilea ganbera bakarrean edo bi ganbaretan metatu edo banatzea.

Lijphart irakasleak adierazitako lehen dimentsioa alderdiek exekutiboan duten partaidetzarekin lotuta dago. Gobernu-erei so, alderdi bakarreko exekutiboak nahiz koalizioz osatutako kabineteak aurki ditzakegu. Lehenengoak, izenak adierazten duen moduan, alderdi bakarraz osatzen dira eta botere osoa exekutiboan eta legegilean metatzen da. Aitzitik, koalizioz osatutako kabineteak mota askotarikoak izan daitezke, duten babesaren arabera: (a) kabinete irabazle minimoak parlamentuan eserleku gehien dituztenak dira, horri esker, irabazle gisa defini daitezke, nahiz eta gehiengo osoa eskuratzeko behar ez dituzten alderdiak ez dituzten baitaratzen, horregatik "minimo" gisa ezaugarritzen dira; (b) gehiegizko dimentsioa duten kabineteek legegilearen eta exekutiboaren kontrola erdiesteko behar dituzten alderdiak baino alderdi gehiago baitaratzen dituzte; azkenik (c) dimentsio urrikoek ez duten parlamentuaren gehiengoaren babesa jasotzen.

Jakina, gehiengozko-adostasunezko eskala baten barnean, alderdi bakarreko kabinete irabazle minimoa kokatuko litzateke gehiengozko izaera indartsuena duen muturrean, gehiegizko dimentsioa duena, aldiz, adostasunezko izaera indartsuena duen muturrean kokatuko litzateke. Lehenengo ereduan behar-beharrezkoak diren alderdiek soilik bereganatzen dute boterearen kontrola; bigarren ereduan, gobernuak gehiengoa izaten jarraitu arren, hainbat alderdi bazter utz ditzake.

Demokrazia bakoitzaren egituran ezartzen diren koalizio politikoez gain, badira egiturazko hainbat elementu alderdiek exekutiboan parte hartzeko modua baldintzatzen dutenak. Zehatzago esatera, sistema politikoak izan dezakeen izaera parlamentarioak edo presidentzialak baldintzatzen ditu dimentsio honetan agertzen diren ezaugarriak: eredu presidentzialean irabazle minimoak izan behar dira berez, izan ere, Estatuburuak kargua betetzeko hautatzen dira, bizirauteko legegilearen konfiantza behar izan gabe.

Lijphart irakaslearen arabera, Frantzian gehiengozko ereduarekiko joera nagusituko litzateke, izan ere, (a) kabineteen %71,9 irabazle minimoak izan dira 1945. urtetik 2000. urtera (Estatu Batuetan, gehiengozko ereduaren paradigma nagusietako batean, antzeko kopuruak ageri dira), eta (b) %53,1 alderdi bakarrarekin osatzen dira.

Exekutiboaren eta legegilearen arteko harremanari dagokiona da Lijphart irakasleak aipatzen duen beste ezberdintasun bat. Joerari so, badirudi gehiengozko ereduan exekutiboak legegilea kontrolatzen duela eta, aitzitik, adostasunezko ereduan exekutiboaren eta legegilearen arteko harremana orekatuagoa izan behar dela. Bestela esanda: Frantziako sistema presidentziala gehiengozko eredu batekin lotzen da gehienbat, eta Espainiako parlamentarioak, esate baterako, adostasunezko zantzu gehiago ditu.

Sistema presidentzialak "gehiengozko" gisa hartzeko joerak Estatuburuari Konstituzioan aitortzen zaion garrantzia du iturburu. Estatuburu hori, gehienetan, epealdi jakin baterako hautatzen da (baldintza normaletan) eta epealdi horretan ezinezkoa da hura dimititzera behartzea Parlamentuaren konfiantzazko mozio baten bidez. Horri dagokionez, Frantziako Konstituzioan ezartzen denez, Presidenteak ez du erantzukizun politikorik, ez Gobernuan, ezta Parlamentuan ere; hori dela eta, haren ekintzak Lehen Ministroak berretsi behar ditu edo, hala badagokio, horretarako ardura duten ministroek (19. artikulua).

Bestalde, bada eredu presidentziala eta parlamentarioa bereizten dituen beste ezaugarri bat; izan ere, lehenengoan, Presidentea herritarren bozka bidez hautatzen da (zuzenean edo herritarrek hautatutako hauteskunde-kolegio baten bidez); aitzitik, Lehen Ministroak legegileak hautatzen ditu. Horren harira, Frantziako Konstituzioan (6. artikulua) ezartzen denez, Errepublikako Presidentea zuzeneko sufragio unibertsal bidez hautatzen da zazpi urterako (2000. urteko irailean egindako erreferendumaren ondoren bost urtera murriztu da). Horrek (a) garrantzia gailena ematen dio, izan ere, beste instituzio batzuetako hautetsiek baino agintaritza moral handiagoa esleitzen zaio, eta (b) autonomia handiagoa esleitzen dio alderdi eta talde politikoei dagokienean. Hautaketa bi itzulitan egiten da. Bigarrenean, lehenengoan boto gehien eskuratu dituzten hautagaiek soilik parte hartzen dute. Sistema horri esker hautagai ugari aurkez daitezke bakoitzaren alderdiaren babesarekin (8 1995ean, 16 2002an, 12 2007an). Hautagai horiek, lehen tokietan geratzeko aukera gutxi izan arren, jasotako babesak bil ditzakete, boto gehien jaso dituzten hautagaiekin kontrapartidak negoziatzeko, bigarren itzulian hautetsi horien babesa jasotzearen truke. Une horretatik aurrera, hauteskunde-sisteman botoak barreiatzea debekatzen da eta, beraz, hautagaietako bat herritarren gehiengo osoz hautatuko da.

Bi hautagai nagusiek gutxiengo zerrenden eskutik jaso dezaketen bultzada horren garrantzia erabakigarria izan da Frantziako Estatuan, izan ere, sesioaren hastapenean egoera onenean lekutzen den hautagaiak ez du gehiengoaren bermea bigarren itzulirako (eta, ondorioz, presidentetza ez du bermaturik), ez bada beste aukera batzuen babesa eskuratzearen bidez. Hala, 1981eko hauteskundeetan François Mitterrandek lehen itzulian Giscard d'Estaing hautagaiak baino boto gutxiago jaso arren, bigarren itzulian Presidentetza lortzeko behar zituen babesak eskuratu zituen.

Dena den, Frantziako sistema presidentzialaren "gehiengozko" ezaugarri horiek badituzte hainbat xehetasun Estatu horretan botereak duen buru biko izaera aintzat hartuz, izan ere, herritarrek hautatutako Presidente bat eta parlamentuan hautatutako Lehen Ministro bat daude boterean. Sistema mota hori erdi presidentzial gisa sailka daiteke eta arazo nagusi bat baitaratzen du, hau da, aipatu bi kargu horitako bakoitzak politikaren esparruan duen garrantzia zehaztea. Bide horretatik, Frantziak zantzu presidentzial garbiak dituela irudi luke; hala ere, konstituzioko eskumenak albo batera utziz, Estatuburuaren boterea parlamentuko gehiengo indartsuen babesean oinarritu da historikoki. Horrek, fase presidentzialak eta parlamentarioak txandakatzen dituen eredu batera eramaten gaitu, Konstituzioan ezartzen denaren aurka.

Horrela, 1986ko legegintzarako hauteskundeetan eskuineko alderdiek garaipena lortu ondoren (horren ondorioz, Jaques Chirac Lehen Ministro hautatu zuten eta Mitterrand sozialistak eskuratu zuen Errepublikako Presidentetza), legegilearen eta exekutiboaren arteko orekan oinarritutako fase bat abiatu zen. Apurka, botere exekutiboa Presidentearekin lotzeari uzten zaio eta Lehen Ministroaren garrantzia areagotu egiten da, izan ere, Presidenteak (Konstituzioaren arabera botere exekutiboa) Gobernuko edozein erabaki gauzatzeko ezintasuna topatzen du, Parlamentuan bere proposamenak blokeatu egiten baitira bere alderdiak bizi duen gutxiengodun egoera dela-eta. Hori dela eta, bizikidetasun aldi horrek legegileak garrantzia gailena hartzea dakar (eta, ondorioz, gobernuak), exekutiboaren nagusitasun aldiekin txandakatzen dena, betiere, Presidentea eta Lehen Ministroa babesten duten indarrak berdinak badira. Pixkanaka, bizikidetasun zikloak igaro ahala Presidentearen garrantzia galdu egin zen, kanpo-politikarekin eta defentsarekin lotutako auzi batzuetan izan ezik. Horrela, azkenik, zazpi urteko agintaldia bost urteko bihurtu zen erreferendum bidez. Modu horretan, Lehen Ministroaren eta Presidentearen jardunek bat egingo lukete bizikidetasun aldi horiek ekidite aldera: horrek, ziur aski, botere legegilea indartzea ekarriko luke. Edozein kasutan ere, 2002ko presidentziarako hauteskundeetan eta legegintza-hauteskundeetan eskuinak garaipena lortu ondoren eta, bereziki, 2007an erdietsitako garaipenari eta Sarkozy Presidentearen izaera "bereziari" esker Presidentearen karguak indarra hartu du berriz ere, izan ere, agintaldia 5 urtera murriztu denez, parlamentuan gehiengoa izatea bermatzen da presidentetzan dagoen artean.

Azkenik, eredu presidentzial horrek lotura estua dauka Frantziako Estatuan dagoen alderdien egiturarekin. Alderdi horiek presidentetza eskuratzeko hautagai bat aurkezteko duten premiak eta, batez ere, alderdiaren barnean hautagaiak duen botereak, sistema politiko jakin bat ezartzea dakar. Sistema politiko horren ezaugarri nagusia (zantzu bipolarrak izan arren) lau alderdi handi izatea da, V. errepublika ezartzen denetik (ezarri eta denbora batera, hain justu) XX. mendearen amaiera arte sisteman garrantzia espezifikoa mantentzen dutenak.

Edozelan ere, 2002ko lehendakari-hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzek Frantzian alderdien sistemak jasaten duen aldaketa nabarmena islatzen dute, honela gauzatzen dena: (a) PCF (Parti communiste français) alderdiaren nagusitasuna (%-5,23 boto 1995eko hauteskundeekin alderatuz) "muturreko ezker" gisa identifika daitekeen espazio batek ordeztea (%11, +5, 70); (b) ezker tradizionala bi familiatan banatzea, horietako bat gutxiengoduna eta Chevenementek ordezkatzen duena (%+5,36), PSF (Parti Socialiste) alderdiarekin batera (%16,07, %-7,23); (c) kapitala-lana cleavage delakotik eratorritako alderdien familia tradizionaletik at kokatzen diren alderdiak sendotzea, hori da, esate baterako "ehiztarien" alderdiaren , Chasse - Pêche - Nature - Traditions CPNT (%4,28) eta Verts alderdiaren (%5,25) kasua; eta (d) muturreko alderdia "hirugarren indar" gisa sendotzea (Front National: %16,86, %+4,46; Megret: %+2,64). Emaitza horien arabera, Frantziako historian lehen aldiz, eskuin-muturrak lehendakari-hauteskundeetako bigarren itzulian sartzea lortu zuen, ezkerreko botoa, zentroarena eta eskuinarena Chiracengana mugitu zirelarik.

Duela gutxi, 2007ko lehendakari-hauteskundeetan panorama politikoa bi alderdi gehiengodunen inguruan berrantolatu zen (UMP - Union pour un Mouvement Populaire- %31,18 eta PS %25,87). Halaber, bigarren itzulian bi alderdi horiek botoak ehizatzeko baliagarri ziren 3 espazio handi antolatu ziren (UDF-MoDem -Union pour la démocratie française-Mouvement Démocrate %18,57, Front National %10,44, eta PS alderdiko ezkerrak %10eko portzentaje eskuratu zuen LO, LCR, PCF, Verts eta Boveren altermundialisten botoak batuta).

Lijphart irakasleak (2000) demokrazia baten gehiengozko edo adostasunezko izaera identifikatzeko ezartzen duen beste elementu bat hauteskunde-sistemari dagokio. Tipologia ezberdinak aztertzen hasi gabe, izen bakarreko barrutietan gehiengozko paradigmara ongien egokitzen den hautaketa-metodoa gehiengo oso edo gehiengo soilarena dela ikus dezakegu, izan ere, "irabazleak guztia bereganatzen du". Hortaz, Frantziako Estatuak lehendakari-hauteskundeetarako, legegintza-hauteskundeetako eta departamenduko hauteskundeetarako erabiltzen duen eredu horretan, gehiengo nazional oso edo soila eskuratzen duen alderdiak gehiegizko ordezkaritza izan ohi du, parlamentuan dituen eserlekuei dagokionez (Lijphart, 2001).

  1. Legegintza-hauteskundeetan, gehiengozko formula hori, arrondissement bakoitzean bi itzulitan egiten den hautaketa-sistema batekin garatzen da. Lehen itzulian hautatua izateko gehiengo osoa eskuratu behar da eta bigarren itzulian aski da gehiengo soila eskuratzearekin. Dena den, lehen itzulian boto kopuru jakin bat (%12,5) eskuratzen ez duten hautagaiek ezin dute bigarren itzulian parte hartu.
  2. Departamenduen kasuan Kontseilu Nagusiak (conseils généraux) zuzeneko sufragio unibertsal bidez hautatzen dira, bi itzulitara egiten den izen bakarreko zenbaketan, kantoi bakoitzeko kontseilari bat hautatzen delarik. Kargua eskuratu ahal izateko lehen itzulian gehiengo osoa edo bigarren itzulian gehiengo soila eskuratu behar da, bigarren itzuli horretan parte hartzeko botoen %10 jaso behar delarik gutxienez.
  3. Aitzitik, Eskualdeko Kontseiluak (Conseils Régionaux) hautatzeko zuzeneko sufragio unibertsala erabiltzen da eskualdearen barnean; horretarako, bi itzulitako sistema bat erabiltzen da, gehiengozko eredua eta proportziozkoa partekatzen dituena.

Modu berean, hauteskunde-sistema horietan adostasunezko edo gehiengozko zantzuak hartzen dira bestelako elementu osagarri batzuen baitan. Alde batetik, barrutiaren tamainak proportzionaltasuna baldintzatzen du. Hala, gero eta tamaina handiagoan emaitza orduan eta ez-proportzionalagoa izango da boto eta eserlekuei dagokienez; alderdi handienek abantaila izaten dutelarik. Beste alde batetik, eserlekuak eskuratzeko edo bigarren itzulian parte hartu ahal izateko "gutxieneko atalaseak" oso altuak dira eta horrek alderdi handiei egiten die mesede, nahiz eta, ordainetan, alderdi txikiek izan dezaketen negoziatzeko aukera eta eman dezaketen babesaren garrantzia areagotu egiten den, bi alderdi nagusien artean lehia oso estua ematen bada. Ikusi dugun moduan, Frantziako sistema politikoan gutxieneko atalaseak baxuagoak dira lurralde-kolektibitateetan (eta, batez ere, Eskualdeetan). Horri esker, hain garrantzitsuak ez diren taldeak erabakietan eragin gehiago izatea ahalbidetzen da.

Horiek eta bestelako kontu batzuk oinarritzat hartuta, Lijphart irakaslea demokrazia ezberdinetan dagoen ez-proportzionaltasuna neurtzen saiatu zen. Gauzak horrela, Frantziako Estatuan puntuazio oso altuak ematen dira -egilearen arabera (2000, 159-160)- alde batetik, legegintza-hauteskundeetan erabiltzen den hautaketa-sistemagatik eta, beste alde batetik, Frantzian jarraitzen den eredu presidentzialistagatik.

Interes-taldeen arteko harremanetan eta boterearekin duten harremanetan agertzen diren ezaugarriak aztertuz, adostasunezko eta gehiengozko demokraziak bereizten dituen beste elementu bat ezar daiteke. Lijphart irakaslearen esanetan (2001):

"gehiengozko demokraziako interes-talde tipikoa talde independenteen pluralismo lehiakorra eta ez koordinatua da", (Itzulpen moldatua gaztelaniatik);

aitzitik, korporatibismo koordinatua eta konpromisora bideratua tipikoa da adostasunezko ereduan. Demokrazia ezberdinetako presio-multzoen arteko korporatibismo edo pluralismo maila neurtzeko asmoz, autore horrek indize bat moldatu zuen, eredu pluralista erabatekoan 4ko puntuazio teorikoa eta eredu korporatibista erabatekoan 0ko puntuazioa ezarrita. Dena den, puntuaziorik handiena Kanadan jasotzen da 3,56 punturekin, baxuena, aldiz, Norvegian hautematen da 0,44 punturekin. Hala, benetako batez bestekoa 2,24 puntuan kokatzen da eta ez teorian ezarritako 2 puntuan; horrek aztertutako 36 demokrazietan gehienbat joera pluralista dagoela adierazten du. Frantziari dagokionez, 2,80 puntuko emaitza ematen du azterketa horrek; horrenbestez, presio-multzoetan eredu lehiakorrak garrantzia handiagoa du, argi eta garbi, joera korporatiboen aldean.

Aurreko paragrafoetan aztertutako exekutibo/alderdi harremanaz gain, bada, ikusi dugun moduan, bigarren dimentsio bat, Lijphart irakasleak demokraziak adostasunezko ardatzean edo gehiengozko ardatzean sailkatzeko erabiltzen duena. Dimentsio federal/unitario horren atzean hainbat ezberdintasun ageriko hautematen dira. Horien artean, alde batetik, zentralizazio-federalizazio maila eta, beste alde batetik, botere legegilearen kontzentrazio edo banaketa nabarmentzen dira.

Lijphart irakasleak adierazten duenez (2001, 177):

"demokrazia guztietan, neurri batean, boterea gobernu zentralaren eta ez-zentralaren artean sakabanatzen da ezinbestean. Baina banaketa hori oso bestelakoa da gehiengozko demokrazian. Gehiengozko eredu puruan gehiengoaren arau mantentzeko, gobernu zentralak harekin lehia daitezkeen gobernu ez-zentralak kontrolatu behar ditu, gobernu zentraleko aparatua kontrolatzeaz gain. Hortaz, gehiengozko eredua unitarioa (ez federala) eta zentralizatua da. Adostasunezko eredua, aldiz, kontrako norabidean egituratzen da"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Horrela, Konstituzioak abiapuntutzat hartuz Estatuak ezaugarritzeak, hastapenetik Estatu unitario eta federalen arteko bereizketa finkatzea ahalbidetzen du. Baina, bi eredu horiek joera zentralizatzaile edo deszentralizatzaileak har ditzakete. Modu horretan, Estatuko lau tipologia bereiz ditzakegu: (a) federal eta deszentralizatua, (b) federal eta zentralizatua, (c) unitarioa eta deszentralizatua, eta (d) unitarioa eta zentralizatua. Azkenik, tarteko ezaugarri bat gaineratzen da, erdi federal gisa identifika daitezkeen demokrazietan aplikatzekoa. Bost kategoria horien artean, Frantziako Estatua unitario eta zentralizatuaren tipologian kokatzen da zalantzarik gabe 1,3 punturekin. Puntu batekoa da eredu unitario/zentralizatu erabatekoa eta 4 puntukoa da eredu federal/deszentralizatu erabatekoa. 80eko hamarkadan Eskualdeak sortzearen ondorioz Frantzian deszentralizazio-prozesua abiatzen da, horregatik Lijphart irakasleak Frantziari puntuazio handiagoa ematen dio beste demokrazia batzuekin alderatuta (Erresuma Batua, Irlanda edo Portugal, besteak beste). Ziur aski, 2002ko erreformaren eta, batez ere, Sarkozy presidenteak gauzatutako erreforma berriaren eraginez garrantzia handiagoa hartzen du Frantziaren izaera deszentralizatuak, nahiz eta horrek ez duen bere estatu unitarioaren ezaugarria aldatzen.

Lijphart irakasleak federalismo/zentralismo dimentsioa abiapuntutzat hartuz demokraziak aztertzeko ezartzen duen beste bereizketa bat botere legegilearen kontzentrazio edo kontzentrazio eza da. Aukera bat, gehiengozko eredua indartzen duena, dimentsio hori ganbera bakarrean zentralizatzea da; beste aukera bat, ordea, exekutiboa modu ezberdinean eratutako bi ganberatan banatzea da. Bi ganberako sistemak zerikusi handiagoa dauka adostasunezko demokraziaren ereduarekin; dena den, bigarren ganbera askok ez dute hautestontzietan lortzen den legezkotasun demokratikorik izaten. Bestalde, dimentsio hori aztertzerakoan aintzat hartu beharrekoa da Senatuak Parlamentuan duen boterea; hala, botere konstituzionaleko erregimen bera edo antzekoa ageri dutenak simetriko gisa defini daitezke eta botere apalagoak dituztenak asimetriko gisa defini daitezke.

Bi ganberako sistemen ezaugarriak emateko Lijphart irakasleak (2001) ezartzen duen bigarren elementuak instituzio horietan kolektibo jakin batzuen gehiegizko ordezkaritza izateko zilegitasunarekin du zerikusia. Eredu inkongruente mota hauek demokrazia federal gehienetan ageri dira berez. Hala ere, Frantziako Estatuan ere ageri da ezaugarri hori, izan ere:

"Senatua hauteskunde-kolegio baten bidez aukeratzen da eta kolegio horretan komunitate txikiek, biztanleen herena baino gutxiago ordezkatzen dituztenak, botoen erdia baino gehiago izaten dute. Herri txikien eta landa-inguruneen gehiegizko ordezkaritza horri dagokionez, Maurice Duverger soziologoak Senatua nekazaritzako ganbera gisa definitu zuen" (in Ambler, 1971, 165) (Lijphart, 2001, 197); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Halaxe da, Senatua osatzen duten 321 kideak senatuko hauteskundeetan hautatzen dira bederatzi urterako zeharkako sufragio unibertsal bidez. Hautaketa "hautetsi handien" kolegio baten bidez egiten da, departamendu bakoitzeko diputatu, kontseilari, jeneral, eskualde-kontseilari eta udalerrietako ordezkariz osatzen dena. Senatuko kideak herenka berritzen dira hiru urtero. Frantziako Senatuaren ezaugarri hori garrantzitsua da unitate deszentralizatuek estatuko boterean duten partaidetzari so, izan ere, pertsona bakarrak hainbat kargu politiko hartzea ahalbidetzen duen "cumul des mandats" sistemari esker tokiko agintarien interesak ordezkatzea ahalbidetzen da. 1995ean Senatuko kideen gutxi gorabehera heren bat, aldi berean, alkate ziren. Nolanahi ere, 2000. urteko erreforma batek hautetsi batek Estatuko lurralde-barrutietan erantzukizuneko bi kargu baino gehiago izatea galarazten du.

Azkenik, goiko tipologiei erreparatuz, autoreak Frantzia bi ganberako sistema erdi-indartsu gisa definitzen du, ganbera asimetrikoak eta inkongruenteak baitaratzen dituena.

Bukaerarako utzi dugu alderdien sistema eta gehiengozko edo adostasunezko demokrazia baten definizioan duen eragina. Argi dago bi alderdiko sistemak ohikoak izango direla gehiengozko sistema batean eta alderdi anitzeko eredua adostasunezkoagoa dela.

Hala ere, Estatu ezberdinetan alderdien sistemen tipologiak ezartzerakoan hainbat aukera ageri dira: Sartorirena da sailkapen onartuenetako bat. Autore horren arabera, lehenik eta behin, funtsezko bi elementu azaldu behar dira: (a) hauteskunde-indarra, eserlekuetan gauzatzen dena eta koalizioa egiteko edo aipatu sistemaren barnean alderdi batek xantaia egiteko dituen aukerak neurtzen dituena; eta (b) polarizazioa, edo lehian diren alderdiak bereizten dituen distantzia ideologikoa."

"Bi irizpide horiek uztartuz honako tipologia taxutzen da: alderdien sistema bakarra; alderdi gailenarena (boterea eskuratzeko beste alderdi batzuen lehia debekatzen duena); alderdi nagusiarena (alderdi bakarra da eserlekuen gehiengo osoaren jabe, gutxienez segidako hiru legealditan); bi alderdikoa; alderdi-aniztasun mugatu eta moderatua (elkarren artean distantzia ideologiko urria duten hiru eta bost alderdi bitartean, blokeen lehia bipolarduna eta joera zentripetua); muturreko alderdi-aniztasun polarizatua (sei alderdi garrantzitsu baino gehiago, elkarren artean distantzia ideologiko azpimarragarria dutenak, aldebiko oposizioa zilegitzen duena eta joera zentripetua duen polo anitzeko lehia ahalbidetzen duena); eta alderdi-aniztasun atomizatua (boterea erabat zatitua dago, alderdi garrantzitsu anitzekin, hamar, hogei edo gehiago).

Frantziari dagokionez, 80eko hamarkadara arte indar politikoak murrizteko joera izan zen, eskuineko koalizio batek ezkerreko beste koalizio bati egindako oposizio bidez. Bi itzulitara egiten zen gehiengozko zenbatetan oinarritutako sistemak bipolarizazioa ahalbidetzen zuen. Sistema horretan atalase handiak erabiltzen ziren %12,5ekoak hain zuzen, eta horrek asko murrizten zuen bigarren itzulian botoa oso barreiatua izateko aukera (Duverger, 1974). Eredu horri esker, lehen itzulian hautagai askok parte har dezakete, gehiengodun indarrei babesa emateko negoziatzeko aukera izanik. Modu horretan, lehen itzuliko alderdi-aniztasuna eta bigarren itzuliko alderdi biko joera uztartzen dira legegintza-hauteskundeetan eta, batez ere, lehendakari-hauteskundeetan.

Horrenbestez, Presidentea hautatzeko moduak bipolarizazioaren alde egiten du; izan ere, bi itzulitara egiten den gehiengozko izen bakarreko zenbaketaren eraginak areagotu egiten dira, bigarren itzulian aurreko itzulian boto gehien eskuratu dituzten bi hautagaiek soilik parte har dezaketelako. Duvergeren ustez (1974) Presidentea hautatzeko eredu horrek itun bipolarrak gauzatzea eragiten du eta itun horiek egonkortasun handia baitaratu behar dute, izan ere, aldaketa batek hautesleria nahas baitezake.

Dena den, Frantziako sistema osatzen duten alderdien ikuspegitik, 1978ko hauteskundeen ondotik alderdi anitzeko ereduak ordeztu zuen eredu bipolarra. Horretarako hainbat arrazoi ageri dira: (a) eskuinaren unitatea bi alderditan banatzea, hots, RPR (Rassemblement pour la République) eta UDF, eta (b) SFIO/PSF eta PCF alderdietan banatutako ezkerra are gehiago banatzea. Edozein modutara, 1981eko hauteskundeetan bipolarizazioa birsortu zen, izan ere, 4 joera nagusiak bi bloketan batu ziren, nahiz eta PSF, PCF, UDF eta RPR alderdiek bakarka jarduten zutela adierazi.

Aldi berean, Sartorik egindako azterketa Lijphartek erabiltzen duen tipologiarekin osa daiteke (2001: 75), izan ere, azkenak, Jean Blondelen obra abiapuntutzat hartuz, lehenak egindako azterketak osatzeko saiakera egin zuen. Hala, alderdien sistemaren lau kategoria bereizi zituen. Lehenik eta behin, (a) alderdi biko sistema bereizi zuen, soilik bi alderdi handiren nagusitasuna azaltzen zuena. Sistema horren arabera Parlamentuan beste alderdi batzuk ere parte har badezakete ere, eserleku gutxiegi dituzte aintzakotzat hartzeko edo sistema horretan aliantzen politika baldintzatzeko. Bigarren tipologia (b) "bi alderdi eta erdi" motakoa litzateke. Kasu horretan, bi talde nagusi eta aurrekoek baino botere arras gutxiago izan arren koalizioa egiteko egokia den eta garrantzia politiko handia duen hirugarren alderdi bat egon ohi dira. Hirugarrenik, "bi alderdi eta erdi" baino gehiago daudenean alderdi anitzeko sistemak dauzkagu, bi eratakoak izan daitezkeelarik: (c) alderdi nagusi bat duen alderdi anitzeko sistema, edo (d) alderdi nagusirik gabeko alderdi anitzeko sistema.

Eskema horri jarraiki, Lijphart 36 demokrazia alderatzen saiatu zen, azterketaren epealdiaren barnean Estatu eta legealdi bakoitzeko parte hartzen zuten alderdi kopuruaren batez bestekoa ezarrita. Hala, hark egindako neurketen arabera, Frantzian 3,43 alderdik parte hartzen dute batez beste; kopuru txikiena 2,5 puntuan kokatzen da eta handiena 4,88 puntuan. Azken hori delarik, aztertutako 10 hauteskundeetan hautematen den kopuru handiena.

Ikus daitekeen moduan, kopuru horrek dagoeneko adierazitakoa berretsi baino ez du egiten: alderdi biko joerak edo alderdi anitzeko joerak duen garrantzia handiagoa islatzen du, hauteskunde ezberdinetan zehar eskuin eta ezkerreko indarren bateratze edo bereizteak baldintzatuta. Hori dela eta, laurogei eta laurogeita hamarreko hamarkadetan Frantziako alderdien sistema ezkerraren eta eskuinaren arteko alderdi biko nolabaiteko joera duen pluralismo moderatu gisa definitzen da nahikoa adostasunez (Cotarelo, 1993; Martinez Sospedra, 1996; Tajadura, 1997).

Hala ere, autore batzuk, esaterako Brechonek (1999), zalantzan jartzen dute ezaugarri hori, eta Frantziako alderdien ereduak muturreko pluralismo polarizatu baten zantzuak dituela berresten dute. Horren arrazoia legegintza-hauteskundeetan gero eta hautagai gehiago, anitz gehiago, aurkezten direla da. Horrela, 1993an batez bestekoa 9koa bazen 1997an 12koa zen, (aipatu dugun moduan, 2002ko lehendakari-hauteskundeetan 8 hautagaitik 16rako jauzia eman zen). Halaber, adierazi bezala, 1995ean hiru alderdi adierazgarrienek (PSF, PCF eta RPR) hautesleriaren %65 baitaratu zuten soilik, eta datu hori ere izan daiteke goian aipatutakoaren arrazoia (izan ere, 2002 legegintza-hauteskundeetako lehen itzuliarekin alderatuz 3 puntuko jaitsiera hautematen da).

Edozelan ere, interpretazio hori zilegi bada ere, eta Frantziako alderdien sisteman beste Estatu batzuekin alderatuz gero partaidetza oso handia bada ere, horrek ez du gezurtatzen gobernuaren jabe egiteko gaitasuna soilik bi alderdik dutelako baieztapena (Union de la Gauche eta eskuina), izan ere, troskistak eta muturreko eskuinak benetako boterea eskuratzeko aukera gutxi dituztela dirudi; eta orain arte, bi itzulitara egiten den hauteskunde-sistemaren bidez hautesleak gobernatzeko bi aukeren eta bi alderdi-familien inguruan kokatu dira.

Dena den, 2007ko hauteskundeetan elementu berri bat barneratu zen, Françios Bayrouren kristau-demokraziaren datu harrigarriekin gauzatzen dena, lehen itzulian, iragarpen guztiak hautsiz, botoen %18 eskuratu baitzituen. Hala eta guztiz ere, alderdi hori barne-kohesio urriko handikien alderdi (tokiko, departamenduko eta eskualdeko kargudun hautatu batzuek zuten garrantzia zela-eta, zeintzuk, sarritan, haien zuzendaritzaren aurkako interesak baitzituzten) gisa definitu arren, ez dirudi epe laburrean alderdi biko joera duen eredua aldatzea eragingo duenik, nahiz eta Brechonek esandakoaren bat eginez, lehen itzuliko emaitzen izaera pluralista nabarmendu dezakeen.

Historikoki Frantziako sistema politikoa osatu duten alderdi politiko nagusien artean ezberdintasun handiak daude, ideologia, identitate eta antolakuntza arloan. Barne-behaketa eginez, instituzionalizazio nabarmena eta ingurunearekiko kontrol handia duten hainbat alderdi aurki ditzakegu, esate baterako PCF alderdia (Ehrman, 1992). Horiez gain, ernaldi-fasean diren alderdi gisa har ditzakegun alderdiak ere aurki ditzakegu -90eko hamarkadaren amaieran behinik behin-, horrelakoa da UDF alderdia (Hanley,1999).

Horren harira, azken adibidea salbuetsita, badirudi ohikoa dela koalizio menderatzaile bat egotea, koalizio horretako taldeetan nabari diren duda-mudazko zonak kontrolatzen dituena eta alderdiaren gailurrean kokatzen dena. Hala ere, erakunde bakoitzaren barnean, ezberdintasun handiak hautematen dira tarteko eliteen botereari dagokionez. Hala, RPR alderdian, tokiko handikiek berebiziko garrantzia dute, nahiz eta erakundeak hartutako sistema presidentzialak baliabide gehienak goiko mailetan lekutzen dituen (Ehrman, 1992; Chadel, 2001). Bestalde, ezkerrak garrantzia berezia aitortzen die tarteko mailei, ez maila horietan lekutzen diren taldeek izan dezaketen garrantzia zehatzagatik, baizik eta oinarri-oinarritik alderdiaren hedapena eta antolakuntza ahalbidetzen duen aukera estrategikoagatik. Azkenik, UDF alderdia handikien alderdi baten adibiderik garbiena da, izan ere, sarritan ez dituzte zentroaren jarraibideak errespetatzen eta "tokiko feudoen" kontrola mantentzea ahalbidetzen dien politika garatzen dute (Chadel, 1999). Agian bertako buruzagiak 2007ko hauteskundeen ondoren aurkitzen dituen eragozpenak dira aipatutakoaren adibiderik paradigmatikoena, izan ere, ez zuen lortu tokiko buruzagi ugarik zuzendaritzak bigarren itzulirako zehaztutako boto-diziplina onartzerik.

Era berean, parlamentari/senatarien eta alderdiko zuzendaritzaren arteko harreman modu ugari dauzkagu. Kasu honetan, PCFren ereduak irudi luke zurrunena, nahiz eta zenbaitetan diputatuek muzin egin dioten alderdiak ezarritako diziplinari (Brechon, 1999). Berriz ere, adibide argigarriena UDF alderdiarekin ikus dezakegu. Bertako kargudun hautatu nazionalak bere alderdiarekiko independenteak ziren taldeak sortu zituzten, edo, UDF alderdiaren siglak beste erakunde batekin partekatzen zituzten. Ildo horretatik, (a) Frantziako sistema politikoaren ezaugarri zehatzek tradizionalki landa-periferiaren eta Estatuaren antolatzeko modua zehazten duen zentroaren arteko bitartekari lanak egin dituzten hautetsiz osatutako kasta politiko bat izatea ahalbidetu dute, hori (b) 2000. urtera arte pertsona bakarrak hainbat kargu betetzea ahalbidetzen zuen sistema bitxi batekin uztartzen da. Horrek, handikien arteko harremanek (eta zenbaitetan bezeroen artekoak) baldintzatu duten alderdien eredu bat sorrarazi du. Harreman horiek alderdi politikoen barneko boterezko harremanak baldintzatzen dituzte, batez ere, eskuineko alderdietan, eta bereziki UDF alderdiaren barnean (Ehrman, 1992; Hanley, 1999).

Ikuspegi ideologikotik so lau alderdi horiek historikoki jabe/desjabe cleavage delakotik eratortzen diren alderdi-familia politiko garrantzitsuenak hartzen dituzte (Seiler, 1982); indar komunistetatik kontserbadoreenetara. Modu horretan, lau erakunde horiek korronte ideologiko garrantzitsuenekin identifika daitezke: komunismoa, sozialismoa, liberalismoa eta kontserbadorismoa.

Militanteen mugikortasuna ahalbidetzen duen eta alderdien identifikazio-esparruak egituratzen dituen bigarren alderdia identitatearekin lotutakoa da. Berriz ere, alderdi horietan haiek/gu bitasunak nolabaiteko heterogeneotasuna azaltzen du. Hala ere, nazioa talde guztiak bateratzen dituen elementu gisa agertzen da, ezinbesteko ardatz eragile bilakatzen dena gainerako indar-ideiak eratzerakoan.

  1. RPR-UMP indarraren kasuan Frantzia haren barneko gainerako ideien oinarri bilakatzen da (ia teologikoa); askatasuna, familia, segurtasuna eta merkatua ezinbesteko ardatz hori abiapuntutzat hartuz soilik dira zilegi. Frantziako nazioa. Aldi berean, identitate indartsu horrek nolabaiteko diskurtso populista duen eta handikien artean garrantzia handia duen alderdi baten instituzionalizazioa bermatzen du.
  2. Gainerako taldeetan ere nazio errepublikanoaren ideala haien identitateko ardatz bilakatu da (neurri txikiagoan izan arren): batez ere PSF barnean, hura laikotasunarekin lotzen baita: Laikotasunaren kontzeptu hori da bere ideologia sozialdemokratarekin lotzen dena eta hura da Estatuko lurraldea antolatzeko moduari buruz duen ikuskera ulertzeko abiapuntua.
  3. Bestalde, UDF-MoDem barnean, nazioa da alderdiko identitatearen elementu nagusietako bat. Horrela justifika daiteke bertako kideek ageri duten ikuskera europazale eta liberala.
  4. Azkenik, PDF alderdiaren barnean nazioa demokrazia eta herritartasun mota berri bat eta haren kapitalismoaren aurkako eta mugimenduaren aldeko izaera azaltzeko modua da.

Horrela azal daiteke indar hauek periferiei buruz duten iritzia. Guztiak nazionalismoaren aurka agertzen badira ere -errepublikaren idealaren aurkakotzat aurkezten dena- deszentralizazio-prozesuari buruzko hainbat iritzi aurki daitezke.

  1. RPR-UMP indarrak ageri du iritzi hertsiena, izan ere, historikoki erakunde-esparruan identitateari buruzko edozein aldaketa egitearen aurka agertu izan da, nahiz eta egun Estatuaren funtzio-erreforma bultzatzen ari den;
  2. Aitzitik, PSF alderdiak erakusten du jarrera malguena, bere izan delarik estatuko deszentralizazio-prozesuaren protagonista, hainbat alditan, periferiako sektore nazionalista jakin batzuk bereganatzen ere asmatuz;
  3. FCF alderdiko zuzendaritzak neurri batean jarrera irekia azaldu du, izan ere, demokrazian sakontzeko diskurtsoa aldarri hartuta erakunde publikoak herritarrengana hurbilduko dituen deszentralizazio-politika bat babestera beharturik dago (hala ere, alderdi barneko oinarrietan traba gehiago jartzen zaizkie erreforma horiei, zenbait kasutan zuzendaritzaren diskurtsoa ere arbuiatuz baina, aldi berean, PCF alderdiak, osotasunean, identitateari buruzko edozein aldaketa egitea ukatzen du);
  4. Azkenik, UDF-MoDem indarrak instituzioak antolatzeko moduei buruzko iritzi ausartak nahiz hizkuntza gutxituen ofizialtasuna ere ukatzen duten diskurtso jakobinoak bateratzen ditu.

Dena den, indar horietako bakoitzak estatuz azpiko unitateetan interes estrategikoak izan arren (periferiako sentsibilitate jakin batzuetan malguagoak izatea edo ez eragin dezakeena) , nazioaren errealitatearen arabera jardute dute zalantzarik gabe. Errealitate horretan, orokorki, nortasun errepublikano/nazional indartsua ageri da (sarritan alderdi horien diskurtsoarekin elikatzen dena), Errepublikaren (eta, batez ere, hexagonoarena) osotasuna zalantzan jartzea ukatzen duena. Nolanahi ere, Thierry Michalon ikertzailearen arabera (2000), "metropoliaren" ikuskera Frantziako Konstituzioan agertzen ez bada ere, haren eta "itsasoz haraindiko lurraldeen" bereizketa kontuan hartu beharreko elementu garrantzitsua da, administrazioak deszentralizazio-prozesuari buruz duen iritzia aztertzeari dagokionez. Hala, Frantziako Estatuan lurralde hauetarako jarrera irekia eta federalista indartuz joan dela esan daiteke (horren adibide garbienak Kaledonia Berria eta Korsikako akordioetan aurkitzen ditugu), kontinentera begira gauza bera gertatzen ez bada ere. Horrela uler daiteke Gobernuak ezberdin jorratzea Korsikako hautetsien eta Iparraldekoen eskariak.

Jarraian ageri den koadroan adierazitako aldaerei buruz alderdi horietan hautematen diren jarrera batzuk erakusten dira Frantziako alderdien sistema hobeto ulertze aldera.

Aldaera erabakigarriak alderdi politikoetan
P.S.F.P.C.F.R.P.RU.D.F.
Iturria: Berezko sorkuntza
IdeologiaSozial-demokrataKomunistaKontserbadoreaLiberala
IdentitateaLaikotasunaAntikapitalista Frantziako NazioaEuropazaletasuna
Ideologia / identitate harremanaIdeologiak du lehentasunaIdeologiak du lehentasunaIdentitateak du lehentasuna----
Instituzionalizazio mailaAltuaOso AltuaAltuaBaxua
Tarteko egituren botereaErtaina-altuaErtainaErtainaAltua
Tokiko handikien botereaErtainaErtainaErtaina-altuaAltua
Periferiarekiko jarrera irekiaErtainaBaxuaOso baxuaErtaina
Koalizio nagusiaEgonkorraBatuaEgonkorraEzegonkorra eta ez-batua
Gobernu aukera (3)BaiEz BaiEz
Parlamentuko taldearekiko kontrolaErtainaErtaina-altuaErtainaBaxua

Alderdi Sozialistak instituzionalizazio indartsua erakusten zuen, eta honako ezaugarriak dituen menderakuntza legal-arrazional ereduaren arabera jarduten duela irudi luke: (a) moduzko arauei garrantzia handia ematen dien eta haiek errespetarazteko barneko mekanismoak ezartzen dituen antolakuntza; (b) erabakiak hartzeko kultura demokratikoa, kongresuzko prozesuen bidez arduradunak eta jarraitu beharreko ildo politikoa hautatzerakoan mekanismo aski garatuak barneratzen dituena; (c) botereen eta alderdiko antolamolde ezberdinetako (zuzendaritza, gutxiengoak eta tarteko mailak barne) ordezkaritzaren arteko oreka (teorikoa bederen) ahalbidetzen duten prozeduraz hornitua; eta (d) oinarriei nolabaiteko garrantzia aitortzen diena, herritarrak mobilizatzea erdietsi asmo duen masa-alderdi baten ezaugarriekin bat etorriz.

Aitzitik, badirudi UDF-MoDEm indarra menderakuntza tradizionalaren eredutik gertuago kokatzen dela, bereziki, handikien elitez osatutako egituraketari erreparatzen badiogu. Handiki horiek Estatuaren tarteko maila instituzionaletan buruzagitza mantentzen dute eta horri esker alderdi barnean boterea izatea bermatzen dute. Bere egitekoa herritarrak nazio mailan mobilizatzea baino gehiago, handiki horien bidez ehiza-lurraldeak kontrolatzea da; hala, koadro-alderdi gisa egituratzen da.

Bestalde, Alderdi Komunistak honako ezaugarriak dituen antolakuntza ageri du: (a) gizarteko sektore bat bereganatzea, eta (b) interes-talde eta gizarte-mugimenduekin harreman estua izatea. Hortaz, langileen alderdi gisa azaltzen da (edo "klase popularrena"); modu horretan, militantzia nahikoa heterogeneoa ageri duen arren, bertako zuzendaritza-organoak langile eta enplegatuz osatzen dira gehienbat. Errotiko lana garatu nahi duen alderdia da, inguruko erakunde eta sindikatu batzuekin mantentzen duen harreman ona aprobetxatuz: Gazteen Mugimendua, Frantziako Emakumeen Batasuna, CGT, FSE irakaskuntzarako sindikatua,... Azken batean, herri-kultura mantendu nahi duen alderdia dela esan daiteke.

Bukatzeko, RPR-UMP indarra ere gizarte-talde batzuen (funtsean, norberaren konturako profesionalak edo sektore pribatuko koadro ertain eta gorenak) kezkak ase nahi dituen heziera-politiko gisa ageri da. Aldi berean, bere baliabideak mugimenduan mantendu nahi ditu hainbat kolektiborekin harreman informalak izanda, esate baterako, enpresaburuen sindikatuekin, familiako gurasoen elkarteekin edota erlijio-elkarteekin. Bere egitura buruzagi karismatiko baten menderakuntzak baldintzatzen du, itxura batean fundatzailea izaten dena eta nazioa berregiten saiatuko den alderdi bat egituratuko duena. Hala, presidente batek eraginkortasunez gidatzen eta zuzentzen ditu alderdiko barne-bizitza, bertako kargudun hautatuen diziplina, edo alderdiaren tarteko mailen inguruan ezartzen diren kontrol-mekanismoak. (Brechon, 1999).