Monarkia eta noblezia

Fortun Gartzes I.a

Iruñako Erregea (882-905).

Gartzia I.a Iñigezen eta Urraka erreginaren semea 821. urtean jaio zen. Iruñeako erregea izan zen 882 eta 905 urteen artean. Arabiarrek al-Ankar ("Begibarkar") deitu zioten, eta euskal historiografia modernoan, "Monjea" ezizenez da ezaguna. Oria andrearekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituen: Iñigo, Aznar, Belasko, Lupo eta Oneka.

Haren aita Gartzia Iñigez preso hartu zuten 859. urtean, normandiarrek kostaldetik egindako erasoaldietako batean. Espedizio hartan, normandiarrak Iruñeara iritsi ziren, eta erresuma arpilatu zuten. Erregea aska zezaten, Fortun Gartzesek aita ordezkatu zuen bahitu gisa.

Iruñeara bueltan, Fortunek iruindarrekin batera borroka egin zuen, al-Kasthileko gotorlekua setiatuta zuen Muhammed I.a Kordobako emirraren aurka. Bataila horretan, iruindarrek gotorlekua galdu zuten, eta musulmanek Fortun preso hartu zuten. Kordobara eraman zuten, eta 20 urtez bertan egon zen, emirrak 897. urte inguruan aske utzi zuen arte. Gatibualdian zehar, Oneka alaba izan zuen lagun, gero Abd Allah-ekin ezkondu zena, Muhammed I.aren semea eta etorkizunean emir izan beharrekoa, alegia.

Aske geratu zenean, Fortun erresumako gobernu-gaietan esku hartzen hasi zen, aitarekin batera. 882. urtean, Oibarko borrokan Gartzia I.a hil zen, eta Fortunek haren oinordekotza hartu zuen.

Horrez gain, Oneka alaba itzuli zen, eta urte batzuk beranduago, Larraungo Aznar Antsorekin ezkondu zen.

Fortun Gartzesek une nahasietan hartu zuen erresumaren oinordekotza. Izan ere, Iberiar Penintsulan, iparraldeko erresuma kristauak beren tropak berrantolatzen saiatzen ari ziren, musulmanek hartutako lurraldeak berreskuratzeko. Aldi berean, erresumak elkarren arte lehian zebiltzan, eta aliantzak aldakorrak ziren erabat. Al-Andalus Kordobako Emirerriaren inguruko botere erdi-autonomo txikien artean banatuta zegoen. Erresuma kristauekin mugan zeuden lurralde musulmanek barne gatazkak zituzten emirerriarekin; baina mugak defendatzen zituzten, kristauek aurrera egin ez zezaten.

Ebroko euskal mugetan, Banu Qasi familia zegoen. Jatorri bisigodoa zuten arren, Islamera aldatu ziren, musulmanek agintea hartzean. Banu Qasi familia Nafarroako Erriberaren eta Errioxako lurren artean kokatuta zegoen, eta Iruñeako dinastiaren ahaideak ziren. Fortun Gartzesaren erregealdian, bi familien arteko aliantza-politika aldatu egin zen, Banu Qasi Muhammad ibn Lupok (Abbadalah) Kordobako emirrarekin koalizioa egin baitzuen (882). Muhammad ibn Lupok emirraren alde edo kontra egiten zuen, uneko egoeraren eta interes propioen arabera. Emirarrekin zuen aliantzaren ondorioz, eremuan haren ordezkari bihurtu zen, eta, beraz, iraganean aliatu izandako iruindarrekin eta kristau asturiarrekin liskarrak izan zituen.

Chronicon Albeldense eskuizkribuak kontatzen du Al-Mundhir Zaragozara joan zela, Banu Qasi familia borrokatzera. Garai hartan, familiak harreman onak zituen Asturiasko Alfonso III.a erregearekin. Al-Mundhirren armadak Banu Qasitarren lurrak suntsitu zituen, hala nola Deyo eskualdea, familiaren jabetzan zegoena. Jarraian, Al-Mundhirrek Iruñeako erresuma zeharkatu zuen, Bela Ximenez kondeak babestutako Cellorigoko gazteluari eraso egiteko. Gero, Pancorbori eraso zioten, Gaztelako ataria, alegia. Didaco kondeak babesten zuen gunea, eta haren gudarosteak garaitu zituen. Kanpaina horretan, Muhammad ibn Lupo, anaiekin eta Alfonso III.arekin haserre zegoenez, emirraren autoritatea onartu, eta Al-Mundhirren armadarekin bat egin zuen.

Fortun Gartzes erregeak garai hartan harreman ona zuen Asturiasko monarkiarekin, eta Banu Qasitarren lurretako borrokak urrutitik behatzen zituen, jarrera defentsiboa mantenduz betiere. Dena dela, Muhammadek kristau erresumen eta bereziki Iruñearen aurka egindako erasoei aurre egin behar izan zien. Banu Qasik posizio musulmanak sendotu zituen, eta egindako erasoen artean, nabarmenak dira Oibarko herrian izandako garaipena (882an) eta Arabako konderriko mugatik egindako erasoaldi odoltsua ere (886an). Emirerriei aurka egin zien berriro ere. 888. urtean, Tuterako hiria blokeatu zuen, eta Ejea hartu. Muhammad ibn Tumlus harrapatu zuen, Ejeako gotorlekuko Omeiatar komandantea, eta burua moztu zion Tuterako hormen aurrean. 891. urtean, Fortun Gartzesek mendebaldeko muga Banu Qasitarrengatik defendatu behar izan zuen, haiek Silbaniano iruna suntsitu ostean. Lacarraren hitzetan, irun hori Sibiriana edo Sibrana gaztelua litzateke, Luesia inguruetan dagoena. Irun hori hartzeak Valdonsella eskualderako bidea ireki zion, eta armada baskoia garaitu zuen, borrokan bi egun eman eta gero.

Muhammad ibn Lupo 898. urtean hil zen, Zaragozan. Haren heriotzarekin, dinastia ahulduta geratu zen, eta Fortun Gartzesek eta Alfonso III.ak une hori aprobetxatu zuten indarberritzeko. Hala ere, Lubb semeak aitaren oinordekotza hartu zuen, eta errege kristauen armadak suntsitu zituen Tarazonako inguruetan (899?). Banu Qasi buruzagi berriak borrokan jarraitu zuen hurrengo urteetan; baina Fortun Gartzesek laurogei urte zituen, eta zaharregia zen erasoan eta kontraerasoan egiteko. Fortun Gartzes Leireko monasteriora erretiratu zen, monje gisa, eta 905. urtean, haren ordezko errege izendatu zuten Antso I.a Gartzes, Ximena dinastiako lehenengo erregea Iruñean. Errege berria Fortun Gartzesaren gatibualdian erregeorde izandako Gartzia Ximenezen semea zen, eta Alfonso III.ak eta Pallars kondeak lagunduta lortu zuen tronua. Ez dago oso argi Fortunek tronua borondatez utzi zuen edo erretiratzeko presioa egin zioten. Zenbait egileren arabera, Banu Qasiren etsai ziren Asturiasko erregeak eta Pallarseko kondeak, Iruñea hartu, eta Fortun Gartzes tronua uztera behartu zuten. Beste batzuen ustez, erregeak boterea jaun gorenetako baten esku utzi zuen, erresuma defendatzeko balio militarra zuen gizon baten eskuetan, hain zuzen ere.

Antso Gartzes errege berria Toda Aznarrekin ezkondu zen. Toda andrea Larraungo Aznar Antsoren alaba zen, Fortun Gartzesaren eta Onekaren iloba, eta, ondorioz, Fortunen biloba. Ez zen hori izan Ximena familia eta Aritza dinastia ahaidetzen zituen ezkontza-politikaren ezkontza bakarra, errege ohiaren seme bat eta beste bi biloba ere Antso Gartzesaren arrebarekin eta bi anaiekin ezkondu baitziren. Ezkontza horien bidez, Ximena familiak erresuman zuen boterea indartu zuen.

Fortun erregea 905-906 urte inguruan hil zen, 96 urte zituela, eta haren heriotzak Aritza dinastiaren amaiera ekarri zuen. Iruñeako monarkiak Banu Qasi buruzagi berriaren presiopean jarraitu zuen, eta X. mende hasierarako, lurralde asko eta giza-baliabideen parte handi bat galduak zituen.