Euskalerrira iristea. Espainiako lehen Borboia 1701eko urtarrilaren 13an sartu zen Baionan, udal-korporazioak prestatutako harrera bikainean eta Baionak maila handiko bisitariak agurtzeko egin ohi zituen jai ospetsuetan parte hartuz. Gondola oparo apaindu batek eraman zituen urtarrilaren 22an Bidasoan harrera egitera joan zitzaizkion lau diputatu gipuzkoarrak. Iruñeko gotzainak Irunen abestutako Te deum solemne bat izan zen harrera zeremonien puntu gorena. Hondarribia, Hernani, Donostia bisitatuko dituzte gero, eta, Gasteizen, Arabako eta Bizkaiko agintarien agurra jasoko du Felipek. Otsailaren 28an errege berria Madrilen kokatu zen, eta Austriako enperadoreak abiatutako Ondorengotza Gerra prestatzen hasi ziren.