Kontzeptua

Euskal Literatura XX. mendean. 1975-2000

Asko hitz egiten da literaturaren historietan zerk zabaltzen duen aro berri bat, eta zein irizpide erabilita banandu behar ditugun literaturaren aroak: literaturaren barne ibilbideak edo historiaren mugarriak? Zer gertatu zen 1975. urtean literaturaren ikuspegia aldatuko zuena?

Francisco Franco Jeneralaren eta diktadorearen heriotzak aldaketak ekarri zituen Hego Euskal Herriko literaturan. Baina gertaera hori, non kokatu beharko genuke: Historiaren alorrean edo Literaturarenean? Garbi dago gertaera historikoa izan zela, eta neurri horretan eta horregatik gertaerak berak baino era handiago eta erradikalago batean haren eraginek aldatu zutela gizartea eta berarekin batera literatura ulertzeko modua. Historiak agintzen du, horrela dirudi behintzat, literaturaren barne bizitzan ere. Polisistemen teoriak erakutsi duenez, Literatura beste sistemen barnean mugitzen den sistema bat dugu, eta neurri handian haien menpe eta haiei begira. Literatura, erakunde sozial gisa, Historiaren barnean dago kokatua eta harekiko zorretan dago. Baina Historiaren barnean ikusi behar badugu, ekonomia zein politika ere sistema eraginkorrak dira.

Aro demokratiko liberalaren instituzioak, 1975-1977. urteetatik aurrera gorpuzten den sistema politiko eratu baten agerpenak, berebiziko eragina izango du literaturaren moldapenean. Egia da, baina, sistema politiko eraberritu hori batez ere Hego Euskal Herria deitzen dugun eremuan gertatu zela, eta zehazkiago Euskal Autonomia Erkidegoan, ahulagoa delarik moldapena Nafarroan. Eta zer esan dezakegu, sistema demokratikoaren menpe bizi zen Iparraldea deitzen diogun esparruaz? 1975. urtetik aurrera Espainian agertzen den Demokrazia liberalaren agerpenak Euskadiko sistema literarioa indartuko du nabarmen, ikaragarrizko eraginak direlarik euskal literaturan. Baina, era berean, hemen zehaztasunez tratatu ezin ditugun hiru sistema desberdin eratzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan indartsua izango da euskal literaturaren garapena, eta gaur egun daukagun literaturaren irudi orokorra, Euskadik sorturiko hegemoniatik dator; egoera ez da hain distiratsua Nafarroan, eta ilunagoa da Iparraldean .

Aro literarioak deitzen ditugu, baina garbi dago egoera politikoak zeresan handia duela mapa literarioaren eraketan. Ez zen Francoren heriotza memento bizi eta berezia literaturaren eragiketarako, haren ondoren etorriko den zentsuraren desagerpenak -sustoren bat eman gabe joan ez zena, bide batez; Ramon Saizarbitoriaren (1944) 100 metro (azkenean, 1976) nobelak jaso behar izan zuen bahiketa gogora ekartzea besterik ez dago garaiaren zailtasuna nabaritzeko- askoz ere garrantzi handiagoa du literaturaren eraketan.

Garaiko literaturaren historiaz ari garen guztiok aipatzen dugu Euskadin onartuko den Euskararen Normalkuntzarako Legea (1982) lehen pauso nagusi gisa euskal literaturak urteetan ezagutuko zuen bidearen abiaburu gisa. Baina denok gara argiak eta denok dakigu lege batek ez duela mekanikoki eta bat-batean literaturaren loraldia ekartzen. Legeak, eta Lege hori etorri aurretik beste lege batzuk ez ziren garrantzi gutxiagokoak izan, eta legearen ondorioak era berean izan zirela politikoak, instituzionalak eta ekonomikoak, eta indar desberdinen aldetik etorri zela literaturaren indartze prozesua. Lege hori beste herrialdeetan egiten diren Normalkuntza Legeen garaikidea da. Kataluniakoa eta Galiziakoa 1983. urtekoak dira, urte bete geroagokoak, alegia.

Normalkuntzarako Legea baino lehenagokoak dira, beti ere Espainiako historia kontuan harturik:

  1. 1976: Erreforma politikoaren aldeko Legea erreferendumean onartzen da.
  2. 1977: Hauteskunde Orokorrak.
  3. 1978: Euskadiko Autonomia Aurreko legea.
  4. 1978: Euskadiko Kontseilua osatzen da, Espainiako Konstituzioa onartzen da.
  5. 1979: Hauteskunde Orokorrak, Udal Hauteskundeak, Autonomia Estatua onartzen da.
  6. 1980: Euskadiko Parlamentuaren hauteskundeak.
  7. 1981: Kontzertu ekonomikoak berreskuratzen dira.

Euskararen Normalkuntzarako legea 1979. urtean lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan euskararen sarrera arautzen zuen legea indartzera zetorren. Baina 1982ko legea mugarritzat hartzen badugu, izan zituen ondorioengatik da. Lehenengoak euskal literatura sistema literario bihurtu zuen, egilea ez da etxean bakarrik dagoen idazlea eta nekez eta izerdiz argitaratu ondoren lana zabaltzen duena, baizik eta amaraun oso baten barnean ikusten du bere lana integraturik: idatzi, argitaratu eta lanaren harrera, neurri batean behintzat, ziurtaturik daude. Eta prozesua, gure gaurko 2011. urtetik ikusita, bere garaiko argi-ilunekin, nahiz eta gaur egun ere baden argi-ilunik. Literaturaren normalizazioa zen garai hartako asmo eraginkorra, gaur egun ere beste era batean baina indar berez aipatu dezakeguna. Normalizazioa, azken baten, norantz goazen adierazten duen helburua da, baina heldu garenik ez dugu inoiz jakingo. Bestalde, literatura idazteko moduak aldatu zituen, publikoari begira idatzi behar zen, eskolako irakurlea kontuan hartuz; argitalpenen sendotzea ekarri zuen, testu liburuek mantenduko baitzuten literatura defizitarioaren plazaratzea; literatura zabaltzeko moduek aldaketa garbia ezagutu zuten, eta errepertorioak -generoen nagusitasuna sistemaren barnean- aldatuz joan ziren. Horrez gainera, irakurleria zabalaren sorrera bultzatu zuen, argitalpenen itxura aldaketa profesionalagoarekin batera.

Trantsizio garaian, jarraipen politikoaren eta hausketaren artean eztabaidatzen zen bitartean, Euskal literaturak erakunde kulturalen eratze prozesua ezagutu zuen: Euskal Idazleen Elkartea (EIE) sortu zen 1982.ean, Euskal Itzultzaile, Interpretari eta Zuzentzaileen Elkartea (EIZIE) 1987.ean; bien helburu nagusia erakundeen bazkideen eskubide profesionalen defentsa egitea izan zen. Bertsozale Elkartea ere 1987. urtean jaio zen.

Baina ez da zalantzarik Legea izan aurretik bazela literaturarik, legea agertu aurretik euskal idazleek idatzi eta argitaratu egiten zutela.