Kontzeptua

Euskal Literatura XX. mendean. 1975-2000

1975. urtearen mugan, fenomeno bik eragiten diote euskal literaturari: alde batetik, 1969. urtetik aurrera zetozen egitura literarioek behera egiten dute, ziurrenik Lur argitaletxe berritzaileak aldaketa nabariak ezagutzen dituelako eta Kriseilu bihurturik hango zenbait idazlek -Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak - hura utzi eta beste bide batzuk aukeratzen dituztelako, eta, beste alde batetik, urduritasun berri batek hartzen duelako euskal literaturaren alorra.

Urduritasun horren agerbideak lirateke argitaletxe berrien irudi aldaketa ( Elkar 1975, Erein 1976), eta sorkuntza ( Ustela saila 1977, Susa, 1983). Aldizkari literarioek ikaragarrizko indarra hartzen dute: Ustela (1975-1976), Pott (1978-1980), Oh Euzkadi (1979-1983), Susa (1980-1994) eta Maiatz (1982-...) aipatuko ditugu soilik. Deigarria da konparatzea zer argitaratu zuen bakoitzak. Ustela Sailak, Lur argitaletxearen itzalpean, Koldo Izagirreren (1953) Oinaze zaharrera poema liburua aukeratu zuen saila hasteko 1977. urtean, eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelaren berrargitalpena egin zuen 1979. urtean. Ereinek urte berean hasi zuen bere literatura saila eta Juan Mari Lekuonaren (1927-2005) Ilargiaren eskola poema liburu ezaguna eman zuen argitara. Hordagok Arantxa Urretabizkaiaren (1947) Zergatik panpox eman zuen plazara 1979. urtean. Urte berekoa da Joxe Austin Arrietaren (1949) Abuztuko 15eko bazkalondoa, garaian oso irakurria eta aztertua izan zen nobela.

Bere lehen literatura saila ez bazen ere, gaur arte indar handiz iraun duen Euskal Literatura hasteko, Elkarrek 1983. urtean Joseba Sarrionandiaren (1958) Narrazioak liburua aukeratu zuen. Susak Xabier Montoiaren (1955) Anfetamiña argitaratu zuen bere liburu sailen estreina egiteko 1983. urtean.

1977.etik 1983.era doazen lau urteetan gauza asko gertatu ziren euskal literaturaren sisteman eta argitalpenen ikuspegian. Aurrera begira ari zen literatura bat zen. Juan Mari Lekuonaren estetizismo plastikotik hasi eta Joseba Sarrionandiaren kontagintza sinboliko, fantastiko eta Jon Mirandezalera (1925-1972) elementu desberdinak ageri ziren. Abangoardiaz hornituriko estetikak, 1969. urteko idazleen errekuperazio bideak eta joera berriak, Arantxa Urretabizkaiak Joyceren eraginpean ekarri zuen Simone de Beauvoir-en (1908-1986) lanetan ere oinarrituriko femenismo xumea.

Dena dela, 1978. urtean Bernardo Atxagak (1951) argitaratzen duen Etiopia liburuak ekarriko du euskal literaturara zerbait berri eta eraginkorra sortzen ari den sentipenaren ziurtasuna. Etiopia eztanda bat izan zen bere garaian. Apurtzailea eta berritzailea, garai arteko etendura gisa onartu zen bere garaian. Bere abangoardiako joerek kaotikoa eta era berean ongi ulertzen zen mundu bat ekartzen zuten gogora. Abangoardia historikoen joera surrealistak hautatzen zituen Etiopiako harreratik egindako bidaian. Danteren obran bezala, bederatzi zirkulutan egituratzen den obrak eremutik barrena egindako bidaia proposatzen du.

Askotan aipatu denez, utopiaren aurkako joera agertuko luke Etiopiak, eta herrialde hori aukeratzeak badu zerikusirik Etiopian 1974. urtean gertatu zen gerratearekin eta Haile Selassie (1892-1975) amesgaiztoko Enperadorearen ihesaldiarekin. Mundua aldatzera zihoan eta aldaketaren oihua agertu zuen obrak.

Irrazionalismo poetikoan oinarriturik, bere kutsu surrealistak ikaragarrizko eragina izan zuen garaiko poeten artean. Une historiko biren artean dagoen obraren zantzuak ditu nabarmen. Alde batetik, aurpegi batek abangoardiaren aldera begiratzen du, eta handik aurrera erabiliko ez zen estetika surrealista du oinarri nagusia; beste aldetik, bigarren aurpegiak postmodernitatearen zenbait zantzu agertzen ditu: utopiaren kritika, gizakia anfora puskatuaren zatia dela baieztatzea... Bere garaian estetika berri baten agerbide gisa eta euskal literatura berriaren fundatzailetzat hartu zen, eta horrela konparatu da Galiziako poesia eraldatu zuen Xosé Luis Méndez Ferrínen (1938) Con pólvora e magnolia (1976) liburuarekin eta Kataluniako, beste era baten baina, Miquel Martí i Polen (1929-2003) Estimada Marta (1978) arrakasta izugarria lortu zuen lanarekin. Baina, gaurko ikuspegitik ikusita, agian, estetika bat bukatzera zetorren liburu bat zen, eta bere hermetismoan, zailtasunean, surrealismoak utzitako zentzu sinbolikoan estetikaren azken pausoak ematen ari zen bidearen oihartzunak entzuten dira bertan. Egileak berak bigarren argitalpen bat egin zuen 1983. urtean eta ez du berriro, osorik behintzat, argitaratzeko baimenik eman.

Urduritasunaren aroa zela hura esan dugu. Intuizio eta asmo berri asko sortu ziren, literaturara hurbiltzen zen jendea eta argitaletxeak eta aldizkariak sortzen zituena joera militantez aritzen zen, ez arrazoi ekonomikoengatik, nahiz eta laster merkatuaren legeak agintzen hasi. Edozein literatura txikitan gertatzen den bezala, asko izan ziren literaturara hurbildu zirenak. Asko, gainera, poesiara, arrazoi bigatik: laburtasunagatik eta beraz alderdi ekonomikoaren aldetik errazagoa zelako genero horren argitalpena, eta hizkuntza arrazoiengatik, poesia norberaren hizkeran oinarritzen baita, eta nobela, aldiz, gizartearenean, eta errazagoa da lehena moldatzea eta paperean jartzea bigarrena baino.

Literatura txikietan gertatzen den bezala, baina literatura hurbilduriko asko liburu bakar batekin geratu ziren, traiektoriarik gabe, eta ez zuten gerora idazten jarraitu. Gainera, idazle askok generoz edo lanbidez aldatu zuten. Euskarak gizartearen esparru asko hartu behar zituenean (eskolak, ikastetxeak, unibertsitatea, musika, kazetaritza, gidoigintza, telebista, zinema, argitaletxeak eta abar) normala zen euskarak lehen-lehenik literaturaren alorra betetzea eta ondoren beste esparru batzuk. Garaiko idazlearen irudia, oro har, euskara irakaslearena zen, baina laster agertuko zen kazetaritzan arituz idazle bihurtzen zen egilea.

Ezinegon eta moldapen desberdineko literatura horretan hizkerarena ez zen arazo txikia. Garai hartan, hizkeraren normalkuntzarako bidea egiten ari bazen ere, oraindik bazegoen filologizaziorako joera deitzen den moldea idazleen artean. Bazegoen formen aldetik aberatsa zen moldea, eta ahal izanez gero, hitz eta molde zaharren aldekoa. Dena dela, euskara literarioaren zabalkunde eta erabilera maila oraindik urria eta saiatu gabea zenez, baziren prosaren erritmoaren arazoak zenbait idazlerengan.

Baina sistema literarioak eragin iraunkorrak ere ekartzen ditu berekin. Idazleen traiektoriak bermatzea, adibidez, kanonizaziorako joerarekin batera.