Jaialdiak-Ekimenak

Euskal Festak

---Euskal Astea

Donostiako Udaleko Kultura eta Turismo Ekintzetxea 1927. urtean sortu zen eta, horren harira, batzorde antolatzaile bat eratu zen. Jose Antonio Beguiristain alkatea zen ohorezko presidentea. Gainera, Antonio Orueta jardunetako presidenteak eta Jose Aguirre, Toribio Alzaga, Secundino Esnaola, Jose Maria Olaizola, Beltran Pagola, Ramon Usandizaga eta Francisco Urcola batzordekideek osatzen zuten aipatu batzordea. Idazkaria, berriz, Juan Bautista Juanena zen. Batzordearen helburua Euskal Festak berreskuratzea zen, hirian uda garaia luzatzeko aitzakian. "Euskal Aste" izendatu ziren eta lagunarteko izaera mantendu nahi zen, izan ere, ikuskizun autoktonoa zen. Horrela, halaber, Aste Nagusitik aparte geratzen ziren.

Irailaren 8-18 bitartean ospatu ziren. Diana Errenteriako dantzarien eta Donostiako musikari juglareen eskutik burutu zen. Andre Marian Agustin Embilek Meza Nagusia eman zuen eta Donostiako Orfeoiak abestu zuen bertan, Gabriel Olaizola Milaneko La Scalako baxuaren kolaborazioarekin.

Asteko jarduera nagusia Lasarteko aerodromoaren zelaian programatutako erromeria izan zen. Denetik izan zen bertan, Donostiako hiru atabalari banda, Hernaniko bat, dultzaineroak eta Aizkorriko mendilerroko artzain alboka-jotzaile bat, makila-dantzariak, bertsolariak, irrintzilariak, txalapartariak, domina-postuak, erroskilak, piper-opilak, frijitutako arrainak, bola, toka eta blankolari lehiaketak eta, uneoro, Donostiako Orfeoiaren ahotsak.

Atzean geratu ziren jasotzaileak, palankariak, harri-zulatzaileak eta mende hastapeneko Euskal Festetako bestelako protagonista batzuk.

Salbera jo aurretik eta Udal Korporazioko kideen pregoia entzun aurretik, Konstituzio Plazan aurreskua dantzatzeko ohitura finkatu zen.

Errepublika garaian gogoangarriak izan ziren arrain-pregoilarien lehiaketak, "arrantzaleen familien bizimodutik airoski sortutako doinu tipikoak".