Kontzeptua

Estatua

XVII. mendearen erdialdean, Westfaliako bakea sinatu zenean, finkatu zen kanpo mugei dagokienean estatu eraikuntza prozesua Europan. Bodinoren edota Hobbesen eskutik, soberaniaren kontzeptu berria lehen estatu modernoen beharrizanetara egokitu zen: gizarteak monarka baten esku betiko eta atzera itzulerarik gabe utzi duen aginpide erabatekoa da soberania, muga bakarra jainkoaren legean edota lege naturalean duen aginpidea. Estatu hori da lehen Estatu modernoa.

Westfaliako bakean ezarritako sistematizazioan oinarrituz, eta Frantzian jada ezarritako estatu absolutuaren eredua hartuta, Borbondarrek Espainiako erreinuan status segmentarioa desagerrarazteko lehen saiakera egin zuten, XVIII. mendearen hasieran. Euskal lurraldeetan ez zuten helburua lehen ahaleginean lortu. Baina Estatu modernoaren iraultzak, Zizekek gogoratzen digun bezala20, bigarren saioa izan zuen. Ilustrazioarekin eta iraultza burgesarekin batera, estatu eraikuntza zena, nazio eraikuntza (nation building) bilakatu zenean.

Iraultza burgesak, estatu/erreinu absolutuaren legitimitate jainkotiarra ordezkatuz, jainko zibila eseri zuen tronu huts hartan: nazioa.

Kapitalismoaren jauzi berriak sustatutako estatu eraikuntzak, homogeneizazio kulturala behar zuen arrakastatsua izango bazen. Honela, nazionalismoak, nazio eraikuntza helburu zuen ideologiak, estatuen bateratze sinbolikoa (eta politiko/ekonomikoa, noski) bultzatu zuen, egoera segmentariotik zetozen berezitasunak ezabatuz: horixe da, gurean, XIX. mendeko karlistadetan jokoan zegoena. 1841ean Nafarroak erreinu titulua galdu zuen unean, Espainiako Estatu eraikuntza ia amaituta geratu zen, probintzia sortu berriaren zenbait berezitasun juridiko aitortu baldin bazen ere.

Dena den, Espainiako nazio eraikuntza prozesua ahula izan da oso. Ez baitu lortu identifikazio nazional espainiarra hegemonikoa izaterik estatuko lurralde eremu osoan. Ia ahaztutako estatalitatea galtzearen truke aitortutako hondakin juridiko-politikoetan -foruetan- oinarrituta, gatazka-ardatz (cleavage) nazionalaren inguruan, eragile nazionalista berriak osatu ziren. Handik aurrera, nazio eraikuntza lehiatsua ireki zen Pirinio inguruetan, mendebaldean zein ekialdean: Espainiako Estatuak espainiar nazio bakarra nahi eta behar du, baina ezin du lortu; euskal nazioak estatua behar eta nahi du, baina ezin eskuratu dabil.

20Iraultza guztietan ohikoak dira bi urrats horiek: 1789ko Asanblada nazionala/1792ko Konbentzioa, une mentxebikea eta boltxebikea... Ikus: Zizek, S (2004 ): Repetir Lenin. Akal. Madrid.