Kontzeptua

Estatua

Irizpide desberdinak erabili daitezke estatu motak bereizteko orduan. Herri baten erregimen politikoa zein den ezagutzeko, gutxienik, bere estatu eredua, estatu forma eta gobernu forma aztertu beharko dira.

Lehenik, estatu ereduak sailkatzeko, estatuaren oinarri ideologikoa hartu beharko dugu kontuan. Erdi arotik aurrera, estatuak bere agintea legitimatzeko erabili duen argudio bilduma ezaugarritu eta gero, honako ereduak bereiztu daitezke:

Estatu absolutista (XV-XVIII mendeak).

Erdi aroko monarkia mugatuaren bilakaera da, estatu-eraikuntzaren ibilbide historikoaren amaiera. Estatuaren botere guztia errege absolutuaren esku dago, boterearen iturri mitikoa transzendentala izan arren, -jainkoarengandik zuzenean eratorria-, estatua erregearen pertsonarekin berdindu egingo da. Frantziako monarka absolutu izan zen Luis XIV.ari egotzi zaion esamoldeak ezin hobeto islatzen du identifikazio mota hori: L'etat c'est moi. Jainkoa, erregea eta menpekoak, tarteko botere egiturarik gabe. Eredu honi Iraultza burgesak eman zion amaiera, Europako eremuan Errusiako tsarismoak XX. mendera arte iraun zuen arren.

Zuzenbidezko estatua, liberala (XIX. mendea), demokratiko liberala (XIX-XX. mendeetan) eta soziala (XX. mendetik aurrera).

Iraultza burgesarekin batera, estatua jatorri demokratikoa duen legearen menpe egituratuko da. Estatuaren botereen arteko banaketaren bitartez, bere burua mugatu nahi izango du estatuak. Era berean legearen inperioa eta administrazioaren legalitatea aldarrikatuz, bere jarduera osoa legearen pean jarriko du estatu eredu honek, herritarren eskubide eta askatasunak bermatuz.

Aterki ideologiko honen azpitik, errealitate politikoa aldakorra izan da oso, boterearen jatorri demokratikoari eta eskubideen begiruneari dagokionean, batez ere. Lehen garaian, hastapeneko eredu liberal oligarkikoan, estatuen oinarri demokratikoa oso ahula zen, sufragio eskubidea oso murriztua baitzegoen. Eredu demo-liberalean, zabalduz joan zen botoa emateko eta jasotzeko eskubidea, sufragio unibertsala ezarri arte.

XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera, mendebaldeko estatuetan eztabaida ideologiko sakona zabaldu zen hiru ereduen artean.

Alde batetik, marxismoak erakutsitako ildotik, Sobiet Batasunean ezarritako erregimen politikoa abiapuntu hartuta, estatu eredu sozialista erreferentzia iraultzaile indartsua bilakatzen ari zen.

Bestetik, 20. hamarkadan Italian eta Alemanian piztutako eredu faxista eta nazionalsozialista, hain zuzen ere, sozialismoak suposatzen zuen erronkari aurre egiteko kapitalismoak bultzatutako forma autokratiko eraberritua.

Azkenik, zuzenbidezko Estatuaren bilakaeran sortutako eredu soziala, Alemaniako Weimar errepublikan (1919-1933), Espainiako II Errepublikan (1931-1939) ezagutu zena, biak ala biak faxismoak suntsitu zituelarik.

Lehia ideologiko hau II. munduko gerran ebatsi zen. Estatu eredu faxistaren aukera baztertuta, estatu sozialista, bere aldaera guztietan, eta zuzenbidezko estatu soziala izan ziren garaileak. Europako ekialdeko estatuetan eredu sobietarra hedatu zen moduan, mendebaldeko estatuetan gerra osteko akordio politikoaren arabera ongizate estatua osatu zen, bi osagaietan oinarrituta: Estatuaren esku hartzea arlo sozio-ekonomikoan, eta herritarren ongizate gutxienekoaren bermea, horretarako beharrezkoa zen zerga-politika ezarriz. Eskandinaviako estatuak izan ziren eredu honen adibide argienak. Estatu eredu sozialistak adierazpen berriak izan zituen hurrengo hamarkadetan, Txinan, Jugoslavian edota Kuban, adibidez. Eredu soziala ahultzen joan zen, sozialismoaren "arriskua" baretzen ari zen heinean. XX. mendeko azken urteetan, neoliberalismoa izan da estatu garatuenetan hobetsi den doktrina ideologikoa, estatu sozialaren zutabe funtsezkoenak erauzi ez diren arren. Izan ere, XXI. mendearen hasieran sumatutako krisi ekonomikoak estatuaren esku hartze aktiboa berpiztu du, halabeharrez. Analisi ideologiko neo-marxisten argudioei arrazoia emanez.

Bestetik herri garatuetatik at, estatuen eredu ideologikoak nahasiagoak dira. Askok eta askok zuzenbidezko estatu demokratikoa hartu dute irizpidetzat, nahiz eta batzuetan gutxieneko baldintzak nekez betetzen dituzten. Halako kasuetan, estatua ohiturazko erakundeetan oinarrituko da, eredu absolutista modernoetan, erlijioan edo egitura indigena edo tribaletan. Mendebaldeko potentziek esku hartze neo-inperialisat berpiztu dute berriki, estandar politiko bat maila globalean ezarri nahian.

Estatu formari dagokionean, hiru irizpide erabiliko dira arruntki.

Lehenik, estatu burutzaren izaera kontuan hartuta, estatu forma monarkikoak eta errepublikarrak bereiztu beharko ditugu. Monarkia Estatu eraikuntza historikoaren hondakina da, eta Estatu demokratikoetan salbuespen gisa hartzen da gaur egun. Bilakaera demokratikoa izan duten herrietan, monarkiaren estatu-forma, iraun ahal izateko, aldatu egin zen XIX. mendean zehar, monarkia konstituzional parlamentaria bilakatu arte. Hauxe baita, herriak hautatu gabeko erregea estatu burutza formal hutsaren jabe izanik, ikuspegi demokratiko batetik aztertuta onargarritzat jotzen den monarkia forma bakarra. Estatu burutza formala, sinbolikoa, botere politiko materialik gabekoa onartuko zaio errege-erreginari, zuzenean ez baitu herriaren legitimazio demokratikorik. Europan, hauek dira 2009 urtean forma monarkikoa zuten Estatuak: Belgika, Britainia Handia, Danimarka, Espainia, Herbehereak, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia eta Suedia.

Errepublikan, berriz, Estatu burutza zuzenean hautatuko dute herritarrek, baldin eta gobernu forma presidentzialista bada, AEBetan edo Argentinan bezala; edo, bestela, zeharka hautatuko dute, biltzar legegilearen bitartez, errepublika parlamentarioetan gertatzen den moduan, Alemanian edo Italian, esaterako.

Bigarrenik, estatuaren botere egiturak hautatuak diren ala ez, estatu autokratikoak eta demokratikoak bereiztuko ditugu. Lehen forman, komunitate politikoak ez du zuzenean parte hartzen estatu egituren osaketan eta agintarienganako kontrol politikoa ahula izaten da. Forma honek, LInz-en sailkapen klasikoan, izaera autoritarioa ala totalitarioa har dezake. Bigarren kasuan, mobilizazio ideologikoa askoz ere bortitzagoa izango da, agintarien arbitrariotasunak izua hedatuko du nonahi, eta, ondorioz, herritarren eskubide eta askatasunen bermea ahulagoa izango da: Nazien Alemania edota Stalinen Sobiet Batasuna aipatu ohi dira adibide gisa. Estatu autoritarioak, berriz, herritarren mobilizazioa ekiditea du helburu eta legitimazio ohiturazkoari dei egingo dio, legalitatearen itxura mantendu nahian.

Estatu forma desberdintzeko bigarren irizpidea botere politikoaren lurraldezko banaketa da. Hiru dira lurralde antolaketan jokoan dauden printzipioak: Estatuaren baitan dauden komunitate politiko -herri, nazio- desberdinen gogo kolektibo eta eskubideen aitorpena, antolaketa administratiboaren eraginkortasun politikoa eta subsidiariotasun-printzipioa7, eta estatuko herritarren arteko berdintasuna zaindu beharra. Lehen printzipioak estatuaren baitako nazio-aniztasuna aitortzea garamatza, bigarrenak deszentralizazioa dakar, estatuaren Administrazioak beste herri-administrazioei eskumenak transferitzea, eta azkenik, hirugarrenak, kontrara, lurralde antolaketa desberdinen eskumenak parekatzeko joera bultzatuko du. Deszentralizazio prozesu garaikideetan, azken bi printzipioak nagusitu dira: deszentralizazio administratiboa eta berdintze juridikoa, barne komunitateen nortasun politikoa aitortzeko zailtasunak izaten ditu estatuak.

Lurraldezko irizpide honen arabera, orokorrean, estatu bateratuak eta konposatuak bereiztuko dira. Lehen motan, aginteak jatorrizko gune bat du, eta lurraldean zehar egituratutako gune administratibo edota politiko guztiak gune horretatik eratorriak dira: estatu bateratu horiek zentralizatuak izan daitezke, Frantzia bezala, edo deszentralizatuak. Horrela gertatzen da estatu erregionaletan, Italian kasu, edo estatu autonomikoetan, Espainiako Estatua adibide.

Estatu konposatuetan, berriz, estatuaren batasuna islatzen duen gunea, beste gune batzuen baturaz sortua izan da, sinbolikoki bederen. Hau da, noski, konfederazioen kasua, baina baita ere estatu federalena: Estatu federatu edo kideak, "estatuak" dira, jatorrizko boterea dute, gune federal bateratuaren eskuetan utzi baldin badute ere haien subiranotasuna. Filosofia honek malgutasun handia emango dio akordio federalari, eta azpi-forma ugari sorrarazteko aukera eskainiko du: federazio simetrikoak -kideen parekotasun juridiko-politikoan oinarritutakoak-, edota asimetrikoak: federacies, estatu elkartuak, kondominioak...8

Azkenik, estatu forma horien zehaztapena botere legegile eta betearazlearen arteko harremanei kasu eginez egingo da, gobernu forma desberdinetan: presidentzialistan, erdi-presidentzialistan eta parlamentarioan. Lehenean, estatu burutza eta gobernu burutza elkartuak daude herriak zuzenean hautatutako gunean (AEB), bigarrenean, haututako estatu buruarekin batera, parlamentuaren konfiantza behar duen gobernuburua egongo da (Frantzia), eta parlamentarioan, berriz, herriak hautatutako biltzar legegilea izango da botere beterazlearen sorburua. (Alemania).

Normalean kategoria hauen arteko koherentzia mantenduko da estatuaren erregimen politikoan, eredu ideologikoak eta formak lotuz. XXI. Mendeko konstituzionalismoan estatu formarik garatuena hauxe izango litzateke: Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa, egitura federala duena eta gobernu presidentzialista edo joera hori duen parlamentarioa. Hauek dira gaur egun, 2009an, eredugarritzat jotzen diren estatu motak.

7Europako Erkidegoak eskumen esklusiboa ez duen gaietan noiz esku hartuko duen zehazten duen printzipioa. Horrela, Erkidegoak esku hartuko du, eta ez estatuek, interesak nazioz gaindikoak badira, Erkidegoaren jarduera eraginkorragoa bada, eta, estatuen jarduera nahikoa ez delako, jarduera hori beharrezkoa bada. Eremu txikiagoetan ere aplika daiteke, Estatutik Autonomia erkidegoetara, esaterako, edo handik Lurralde historikoetara eta, azkenik udaletara: erakunde apalenak egin baldin badezake, berari egotzi behar zaio eskumena. Praktikan, printzipioa berdin izan daiteke zentralizatzailea edo kontrakoa.

8Requejo. F. y Fossas, E. (Eds.) (1999): Asimetría federal y estado plurinacional. El debate sobre la acomodación de la diversidad en Canadá, Bélgica y España. Trotta. Madrid.