Kontzeptua

Estatua

Estatuaren ibilbide historikoa ezagutzeko, kontzeptuaren arkeologiari helduko diogu berriro. Estatua, lurraldezko aginte subirano gisa, noiz sortzen den argitze aldera, ezinbestekoa da aldez aurretiko galdera arrunt bat egitea: zertaz ari gara estatuaz ari garenean?

Juridikoki antolatutako komunitate politiko lurraldezkoaren sorreraz edo domeinu politikorako tresnaz ari bagara, estatuaren sorreraren une zehatzaren inguruko eztabaidak ez du zentzu handirik. N. Bobbiok gogoratzen duen bezala, estatua komunitate politiko baten ordenamendu juridiko gisa ulertuta, ahaidetasunean oinarritutako komunitate primitiboen desegitearekin batera sortuko da, barnera begirako biziraupena eta kanpora begirako defentsa ziurtatzeko komunitate zabalagoak sortzen diren unean9.

Hartara, gure zibilizazio eremuan, Greziako Hiri-estatuak (polis), erromatar inperioaren komunitate unibertsala, eliza eta inperioaren artean osatutako botere bikoitza, eta, noski, aro modernoaren hasi-hasierako lurraldezko erreinuak, denak lirateke, modu batean edo bestean, estatua.10

"Estatu" hitzaren asmakizunaz ari bagara, Machiavellik 1513an argitaratutako "Printzean" erabili zuen lehen aldiz Stato hitza, herri baten antolaketa politiko orokorra izendatzeko.11

Izan ere, estatu modernoaren abiapuntua Stato hitzarena da, hein batean. Besteak beste, tradizio greko-erromatarretik zetorren res publica ordezkatzera datorren esamoldea. Herri baten forma politiko orokorra adierazi nahi du Stato hitzak, errepublika edo printzerri forma har dezakeen antolamendu politiko orokorra. Asmakizun teoriko horrek helburu zehatza eta praktikoa zuen. Medicitarrentzat aholku gisa idatzitako lanean, Italia osoa agintaritza bakar baten mende jarri ahal izateko tresneria politikoa eskaini zuen maisu florentziarrak. Zesare Borgia dukea izan omen zen "Printzearen" eredu ezkutua. Alabaina, Italian ez ezik, iberiar penintsulan ere izan omen zuen beste adibide egokia Machiavellik: aipatu liburua argitaratu aurreko urtean, Nafarroako erreinua konkistatu zuen Fernando IIa, Aragoiko erregea, Espainiako errege katolikoa izango zena, alegia12.

Nabari denez, estatuaren kontzeptuaren edukiarekin ez ezik, baita honen osaketa historikoarekin ere zuzeneko lotura du Nafarroak. Orduan, Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuen une berean, ari baitziren osatzen gero ezagutuko ditugun estatu modernoak. "Estatua" hitzarekin batera osatu ere.

Dena den, "estatu" hitzaz harago, soberaniaren doktrinan oinarritutako estatu modernoaren osaketaz ari bagara, azalpenak zehaztapen gehiago eskatuko digu. Izan ere, gaur egun ezagutzen ditugun aginte egituren ezaugarriak urratsez urrats XV/XVI. mendeetan hasita gaurdaino, Europan eta mendebaldeko kultura politikoan hezurmamitzen joan dira, estatuaren eredu desberdinekin batera.

Hauxe da, esaterako. Hellerren iritzian ez dago estaturik, estatu absolutista, modernoa, ezarri arte:

"Dominazio gunea da estatua, barnera eta kanpora begira independentea, botere bitarteko berariazkoen bitartez jarduera jarraitua duena, eta ongi mugarrituta arlo pertsonal zein lurraldezkoan."

Feudalismoan nagusi ziren lotura eta menekotasun partikular/pertsonalak gaindituta, lurralde eta herritarren gaineko aginte abstraktua, barnera eta kanpora begirako jatorrizko gobernu baten gailentzea (subiranotasuna), geroago, zuzenbidearen eta legearen agintea, estatuko botereen banaketa, agintarien jatorri demokratikoa, estatuaren oinarri komunitario diren nortasun kolektibo homogeneoen (nazioen) osaketa, herritarren eskubide eta askatasunen bermea, edota estatuaren konpromisoa herritarren ongizatearekin... Gure inguruabarreko estatuen egungo ezaugarri horiek guztiak ez dira une batetik bestera sortu: ibilbide historiko luzearen emaitza dira. Laburbildu dezagun.

Erromatar inperioaren amaieran Europan nagusitu zen eredu feudalak menekotasun pertsonaletan oinarritutako jaurgoen aniztasuna ekarri zuen. Jurisdikzio-botere horien artean, erreinuak sendotzen hasi ziren lurralde eremu ezagunetan, nolabaiteko antzekotasun etnikoa zuten herriak oinarri hartuta. Aurre-eratze hori estatu modernoaren lehen zutabea izan zen, ezbairik gabe.13

Lurraldezko erreinuetatik estatu modernora doan ibilbide historiko hori "estatu eraikuntza" gisa definitu da. Charles Tillyk ongi aurkeztu dizkigu garabide horren ezaugarriak:

"Estatu eraikuntza egongo da baldin eta agintari profesionalak agertzen badira, egonkortua dagoen lurraldearen gaineko kontrola eta horrekiko leialtasuna, estatu zentralizatua eta autonomia duten erakunde iraunkorrak badaude, populazio jakin baten gaineko biolentziaren monopolioa dutenak."

Gobernu egitura profesionalizatuak eta iraunkorrak, gizartea eta agintaritzaren arteko bereizketa zurruna (arlo publiko/pribatuaren dikotomiaren aurrekaria dena), lurralde lotura zehatza eta erakunde zentralizatuak, bortizkeriaren monopolioa hartzen dutenak, jaurgoei kenduta. Hauexek dira estatu modernoaren ezaugarriak.

Eraikuntza horrek doktrina ideologiko berria beharko du bere agintea legitimatzeko: Soberania edo "hierarkia politiko baten barnean, erabakiak hartzeko eta gatazkak modu eztabaidaezinean konpontzeko azken eskubidea duen agente erabakitzailearen boterea edo aginpidea (eta honi lotutako diskurtso legitimatzailea)".14

Nola osatu zen estatuarekin identifikatu zen aginpide mota hori? Edo beste modu batera esanda, estatua gorputz "artifiziala" izanik, nola osatu zen haren arima banaezina baina, era berean, "artifiziala" bilakatu den soberania?15

Estatuaren soberania bere aginpidearen gorentasunean eta batasunean islatzen da.

Carlos De Cabok dioen moduan, proto-estatu16 gisa defini daitezkeen erreinu horiek, beraien agintearen gorentasuna eta batasuna aldarrikatzen hasi ziren haien komunitate politikoen eta barnean zituzten jurisdikzio-botere feudalen aurrean, batetik, eta, bestetik, kanpotik, -beste erreinuetatik edota elizatik- zetozen eragin eta esku-hartze ahaleginen aurrean.

Hinsley-en hitzak hartuta, "estatu bat ezartzen denean, komunitate-printzipioaren eta menderatze-printzipioaren artean borroka gertatu dela dakusagu, gizarte bateko jokabide eta ohitura zaharren irautea eta soilik kanpoko botere batek ekar dezakeen gobernu-mota baten eskakizunen arteko borroka, alegia". Hala, estatu modernoaren ezarpen behin betikoak komunitate-estatu identifikazio erabatekoa eskatzen du, bien bitartean "estatu segmentarioa" izango da17: Estatu zentralaren forma administratzaileak eta gizartearen boterearen antolamendu segmentatuaren arteko konbinaketa. Horregatik, estatu eraikuntza ez da inoiz amaitzen, prozesu etengabea da: inoiz ez da estatua, kontzeptu gisa, ixten, borobiltzen, estatu totalitarioan ez bada.

Dena den, ez dugu ahaztu behar, borroka hori, barnekoa ez ezik, lurralde eremu berean ahalegin berberean ari diren proto-estatuen artekoa ere izango dela, noski. Estatu eraikuntza ez baita inoiz ibilbide baketsua.

Azalpen teoriko horiek guztiak gure herrira ekar daitezke, ezbairik gabe. Erdi aroan zehar Iberiar penintsulako erreinu guztiak aritu baitziren estatu eraikuntza lehiatsuan. Gaztela eta Nafarroaren arteko lehia gatazkatsua izan zen oso. Izan ere, bien artekoa ez zen leinuen arteko lehia soila, gatazkak izaera sakonagoa zuen, etnia/herri desberdinen arteko talka baitzegoen azpian. XII. mendetik aurrera mendebaldeko euskal lurraldeak, arestian Nafarroako erreinuan barneratuta zeudenak, Gaztelako erreinuaren eraginpean geratu ziren. Eskuratu berriko lurralde eta herrien fideltasuna lortze aldera Espainiako erreinu-estatu segmentarioak haien "status" autonomoa aitortu zuen, estatuaren menpe beti ere: gauza bera gertatu zitzaion Nafarroari, 1512ko konkista burutu eta gero. Ordutik honako "foru-berezitasunen" aitorpena, Espainiako estatu segmentarioaren adierazpen tipikoak izan dira: inoiz estatu eraikuntza prozesua borobildu ez duen estatuarenak.18

Honela, Nafarroako erreinua, ikuspegi modernotik aztertuta, proto-estatua izan zen, estatu moderno subiranoa izateko bidean galdu zen antolakuntza politikoa. Antzua da Estatua sortu bezain pronto desagerrarazi zuten edo sortzeko bidean galdu zen eztabaidatzea. Europa osoan bezala, iberiar penintsulan eta Pirinio inguruetan, bertako erreinuak -Frantzia, Gaztela, Aragoi...- Estatu eraikuntza lehiatsu horretan murgilduta aritu ziren, eta lehia horretan zeuden neurrian "Estatu" ziren guztiak, guztiz osatzeko, perfekzionatzeko bidean zeuden (proto) Estatuak. Oraingoen antzera, nolanahi ere.

Nafar Estatuak, Nafar erreinuaren errealitatea eta egitasmoa izan zen bezala, gaur egitasmo gisa dirau, eta orduan hasitako estatu eraikuntza prozesua berrabiarazteko aukera errebindikatzen dute euskal abertzale askok.19

9Bobbio, N. (1985): Estado, Gobierno y Sociedad. Por una Teoría general de la política. FCE. Mexico.

10Estatuaren teoria garaikidean ezinbesteko autorea den Jellinek-ek berak ere Estatu mota historikoak bereiztu ditu. Hortaz, ikuspegi honen arabera, Estatua ez da XV. mendean sortzen. Jellinekentzat estatu mota historiko oinarrizkoak hauek lirateke: ekialdeko antzinakoa, heleniarra, erromatarra, erdi arokoa eta modernoa. Jellinek, G. (1900, 2002): Teoria general del Estado. FCE. Mexico.

11Gizonen gainean agipidea duten estatu guztiak errepublikak edo printzerriak izan dira eta dira. Machiavelli, N. (1513, 2008): Printzea. (Juan martin Elexpuruk itzulita). EHUko argitalpen zerbitzua. Leioa. Bizkaia

12Historiak askotan keinu bitxiak egiten dizkigu. XXI. mendean oraindik orain Euskal Estatuaren muina nahi den Nafarroaren ibilbide historikoak esandako bi pertsonaia horiek lotu zituen korapilo tragikoan: Izan ere, Stato kontzeptuaren osaketa teorikoaren lehen inspiratzailea izandako Zesare Borgia, Nafarroako erregearen tropen buru zelarik, Bianako setioan hil zuten Fernando Katolikoaren soldaduek.

13Estatu eta batez ere nazio eraikuntzaren nondik norakoak aztertzeko gertu dugu lan aberatsa: Letamendia, F. (1997): Juego de espejos. Conflictos nacionales centro-periferia. Trotta. Madrid.

14Miller, D. (1989): Enciclopedia del pensamiento político. Alianza. Madrid.

15Bergalli, R & Resta, E. (1996): Soberanía: un principio que se derrumba. Aspectos metodológicos y jurídico-políticos. Paidós. Barcelona.

16Proto-estatua esamoldea, oraindik estatua ez diren, baina izateko bidean dauden errealitate politikoak adierazteko erabili dugu. Nafarroako erreinua, zentzu horretan, proto-estatu modernoa izan zen: Estatu modernoa izateko bidean galdutako egitura politiko estatala. Estatu eraikuntzari buruz, De Cabo Martín, C. (1988): Teoría histórica del estado y del derecho constitucional. PPU. Madrid.

17 Esteban Antxustegik jasoa, Hinsley-en lanaren itzulpenean. Ikus: Antxustegi, E. (1999). Filosofia politikorako irakurketak II. ("Soberania" atala). UPV-EHU. Leioa. Jatorrizkoa: Hinsley, F.H: (1966): Sovereignity. C.A. Watts & Co Ltd. London. Gazteleraz, (1972) El Concepto de soberanía. Labor. Barcelona.

18Hinsley-en ekarpenaren aurrekari zuzenena, Printzean bertan dugu, nola ez, Machiavelliren ahotik: "NOLA GOBERNATU BEHAR DIREN OKUPATU AURRETIK BEREN LEGEEKIN BIZI ZIREN HERRIAK EDO PRINTZERRIAK. Eskuratutako estatuak beren lege eta askatasunekin bizitzen ohituta daudenean, hiru era daude eusteko: lehenegoa, suntsitzea; bigarrena, norbera bertara bizitzen joatea; hirugarrena, beren legeekin bizitzen uztea, zergak kobratuz eta lagun iraunaraziko dion kide gutxiko gobernu bat ezarriz. Izan ere, estatu hura printzearen esku egonda, gobernukide hauek badakite ezin direla haren adiskidetasunik eta sotengurik gabe bizi, eta edozer gauza egingo dute hari eusteko. Eta askoz ere errezago eusten zaio libre bizitzen ohitutako hiri bati bere biztanleen bitartez, beste edozelan baino". Mendebaldeko probintziak lehenago, eta Nafarroako lurraldeak konkistatu zituenean, doi-doi bete zituen Gaztelako erreinuak aholku horiek. Foru sistemaren eta azken hamarkadetako eredu autonomikoaren azpian ere arrazoiketa bera topa dezakegu, baita konpromiso horretarako prest dauden herrikideak. Eta oraindik, aditu baten batek berrikuntza izugarri gisa aurkeztuko digu "kontzertu politikoaren " lelo zaharra.

19Egitasmo politiko horren suspertzaile garrantzitsuena elkartea da. Lan historiografiko handia eginez, Nafar Estatuaren historia errebindikatzeaz aparte, etorkizuneko proposamen politikoa ere bideratu du, Euskal Herriaren egitasmo abertzalea eta Nafar Estatuaren berreratzea elkartuz. Hemen jasotako irudia iturri horretatik jaso dugu.