Kontzeptua

Espainiako Estatua

Gabezia multzo honi, XX. mendeko 90. hamarkadako nazioarteko egoera berriak zekarren abagunea gehitu zitzaion. Izan ere, garai hartan, Europa ekialdeko erregimen sozialisten3 porrotaren ondorioz, nazionalismoak eta Estatu berrien sorrerak tabú politikoa izateari utzi zioten. Honela gauzak, Kataluniako eta Euskal Herriko indar nazionalistak deszentralizazio politiko eredu berriak proposatzera ausartu ziren, autonomia-estatutuen ereduaren muga zorrotzetik haratago.

Betiere arazotsuak diren gobernu arteko harremanak finantziazio autonomikoa edota politika fiskala bezalako auzitan trabatuta geratu dira, bai foru-erkidegoetan -epaitegi arruntetan ere errekurrituriko ebazpen ugari, erregimen fiskalak lege-mailako babes nahikoa ez izatearen ondorioz-, bai erregimen orokorrera lotutako Autonomia Erkidegoetan. Are ezohikoagoak dira erkidegoen arteko harreman horizontalak, Senatuak beroriek ezinbestean baimendu beharrak eragotzita. Harreman bertikalak, zentro eta periferiaren artekoak oraindik ere nagusi dira Espainian.

Egoera honetan, Kataluniak ohiko estatutu-erreformaren bidea hartu du, estatu-nazionalismoaren nagusitza duten AA.EE gehientsuetan jada gauzatuta dagoena. Une honetan, 2009ko amaieran, Kataluniako Estatutu berria, parlamentu autonomikoan onartua eta Kataluniako herritarrek berretsia, Konstituzio Auzitegiak berorren konstituzionaltasunari buruz emango duen epaiaren zain dago.

Euskal Herriaren kasuan, 1998ko iraileko Lizarrako akordioaren ostean saiatutako prozesu soberanistaren porrotaren ondoren, nazionalismo instituzionalak Estatutu berriaren egitasmoa bultzatu zuen, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak zuzenduta, eta proposamen horri gehiengo absolutuak oniritzia eman zion Eusko Legebiltzarrean, 2004ko abenduaren 30eko bilkuran. Ondoren, 2005eko otsailean Gorteetako osoko bilkuran bere tramitaziorako aurkeztu zen. Espainiako parlamentuak, estatutu-erreforma proposamentzat tramiterako onartze hutsa ere ukatu zuen. Gero, 2008ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak, Ibarretxe bera lehendakari zela, eta EAJ, EA eta Ezker Batua alderdien laguntzarekin, herri-kontsulta egiteko aukera jasotzen zuen lege bat proposatu eta Gasteizko Legebiltzarrak onartzea lortu zuen, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidean oinarrituta, EAE eta Espainiako Estatuaren arteko harreman berri baten gaineko eztabaida politikoa demokratikoki legitimatzeko. 2008ko irailean, Epaitegi Konstituzionalak epaia eman eta lege hori konstituziotik kanpokotzat jo zuen, nazio espainiarraren batasuna zehazki berretsiz eta, subiranotasunaren titularitatea nori dagokion ebazteko, herri-kontsultak egiteko euskal erakundeen gaitasun edo eskumen eza adieraziz. Izan ere, Epaitegi Konstituzionalaren esanetan, gaitasun hori, soilik herri espainiarrari dagokio, beti ere bere osotasunean ulertuta. (STC 103/2008).

Indar nazionalistek kudeatutako euskal erakundeetatik Estatuarekiko gatazka politikoa bideratzeko planteatu diren tresna politologiko berritzaileak - Estatuarekiko asoziazio estatus berria, erabakitzeko eskubidea, erreforma politikorako prozesuak irekitzeko herri-galdeketa...-, guztiz errefusatu dituzte erakunde zentralek. Bestetik, erakunde katalanei murriztu egin zaizkie nazio-aitorpen eta konpetentzia-zabaltze nahiak, euren ibilbidea erabat legezkoa izan arren, eta estatutu berria tramitatzerakoan bertan gehiengoa zuen Kataluniako alderdi sozialistaren partehartzea izan badu ere.

Honen guztiaren ondorioz, Estatu espainiarra bere nazio-aniztasuna behar bezala kudeatzetik urrun dagoela esan daiteke, eta horrek guztiak bi nazio periferiko nagusien -Katalunia eta Euskal Herria-, Estatu izaeraren aldarrikapena hauspotu du.

Dena den, banantzearen aukera ukatu gabe, F. Requejo-k lau eszenatoki deskribatu ditu Espainiako nazio-aniztasun hori kudeatze aldera: Lehena, eszenatoki erregional-autonomikoa, indarrean dagoen ereduari eustea ekarriko lukeena, eskumenen esparrua zabaltzeko aukera itxi gabe baina Estatuaren izaera anitza ukatuz; bigarrenik, nazio bakarreko eredu federala, simetria galdu gabe estatu federalaren ezaugarri batzuk onartuko lituzkeena; hirugarrenik, nazio anitzeko eredu federala, izaera anitza konstituzioan aitortzearekin batera federalismo asimetrikoaren edukiak hartuko lituzkeena barne harremanak arautzeko orduan, eta, azkenik, soberania-asoziazioa eszenatokia, botere banaketaren eztabaida eremu europarrean kokatuko lukeena eta estatuko nazio desberdinen artean konfederazio-akordioak burutzeko aukera emango lukeena, Europar Batasunaren askatasun esparruaren mugetan.

Oraindik orain, Espainiako Estatuaren gatazka-ardatz garrantzitsua da arazo nazionalarena, Estatu gisa duen etorkizuna jokoan dagoen aldetik.

1Espainiako sistema politikoaren definizioa bera eztabaidagai ezaguna da. "Estatu" kontzeptuaren erabilerak komunitate politikoaren borondatezko edo ezinbesteko artifizialtasuna azpimarratzen du, bai eta erregimen politikoaren gobernu-formaren inguruko definizio eza. Arrazoi hauek guztiak direla eta, kontzeptua modu erosoan onartu da ikuspegi politiko arras desberdinetatik: Espainiako II. Errepublikan, esaterako, komunitate politikoaren borondatezkotasuna eta izaera demokratikoa lehenesten zuelako onartu zen "Estatua" hitza. Era bertsuan, frankismoak ere "estatu" hitza hobetsi zuen, faxismoaren "estatu berriaren" egitasmoa hauspotzen zuelako, eta ez zelako kontzeptu hori erabiliz gero, erregimenaren forma zehazten, Franko "generalisimoaren" salbuespenezko buruzagitza legitimatzen zelarik. Oso bestelakoak dira abertzaletasunaren edota Espainiako ezkerraren ikuspegitik "estatu espainiarra" hitza defendatzearen arrazoiak. Kasu honetan, erregimenaren izaera zanpatzailea, edota artifiziala azpimarratu nahiko da. 1978ko konstituzioaren ondotik ezarritako erregimenaren egonkortzearekin batera, komunitate politikoaren kontzeptualizatze "naturala" indartuko da. Hala, nazio-komunitate indargabea, España, izendatze ofizialarekin modu banaezinean lotuko da: Espainiako erreinua.

2Espainiako Estatuan ezaugarri nabarmena da elite politiko eta mediatikoen arteko uztarketa. Eragile hauen arteko elkar menekotasuna ez dago soilik haien interes komunen baitan, partekatzen dituzten balio ideologikoetan baizik. Ez da harritzekoa, hortaz, gobernuen edota alderdi politikoen aurkako fronte politiko-mediatikoak osatzea. Iritzi publikatuaren alderdiekiko lotura eta autonomia eza, medio pribatuetatik harago doa, eta medio publikoak ere kutsatzen ditu, alderdi-politikaren esanetara jarriz.
Trenzado, M, Núñez, J. (2001): Los medios de comunicación. En Alcántara, M. y Martínez, A. (2001): Política y Gobierno en España. Tirant lo Blanc. Valencia.

3Doktrina soberanistak aurrekari zuzena du XX. mendearen amaieran Quebec-en burututako prozesuan. Herrien autodeterminazio eskubidea eskuratzeko modu pragmatikoa da soberanismoa, zuzeneko demokraziaren balioan eta arautu gabeko prozedura demokratikoetan oinarritzen dena. Zentzu honetan, prozesua barnera begirakoa da batik bat, hastapenean bederen, kanpoko aitorpen formalaren zain egongo ez dena, ez Estatuarena ez eta nazioarteko eragileena ere. Soberanismoa erabakitze prozesua da, herri-galdeketetan eta erakundeen erabilera alternatiboan zehazten dena, eta kaltetutako Estatuak, Kanadakoa, bere garaian, ukaezina den egitate baten aurrean kokatzen ditu, beraien izaera demokratikoa ukatu gabe arbuiatu ezin dutena. Dena den, inguru politiko anglosaxoia askoz ere abegikorragoa da horrelako ekimenen aurrean, eredu jakobinoaren pean bizi diren eremuekin alderatuta.