Kontzeptua

Espainiako Estatua

Bestalde, 78ko Konstituzio espainiarrak estatu soziala bere egin zuen, eskubide sozialen gauzatze eraginkorra lortzeko bermeak oso ahulak izanik ere. "Konstituzio sozialaren" eskakizun juridiko eskas honi, indar sindikal nagusien -UGT eta CC.OO., bereziki-, mobilizazioetan barealdia gertatu zela gehitu behar zaio, euren behin betiko integrazio sistemikoa ahalbidetzeko. Bi sindikatuok eredu neo-korporatibo elitista onartu zuten eta mobilizazio soziala alboratu, sistema kapitalista ongizatearen Estatua desegiten hasia zen krisi testuinguru batean. Desegite hori areagotu egin zen hurrengo hamarkadetan doktrina neo-liberalen eskutik. Oso esanguratsua da, izan ere, enpresa presio-taldeen eragina, (CEOE buru zelarik.

Bestetik, 1978ko Konstituzioak zuzenbidezko estatu demokratiko gisa definitzen du Espainia. Honela, nazio-subiranotasunak herri espainiarrean du egoitza eta horretatik sortzen dira Estatuaren botere guztiak. (1.2 art.) Baina, aldi berean, gerraostean berreraikitako Europan salbuespena den gobernu mota bat ezartzen du, Monarkia parlamentarioa, alegia (1.3 art.). Forma politiko horrek, gainera, 1947tik aurrera Estatu frankistak bere egindako forma politikoaren -Espainiako Erreinua-, eta Francok 1969an Juan Carlos I.a Borboikoa oinordetzarako hautatu izanaren jarraipena suposatzen du. Behin alderdi sozialista eta komunista nagusien aldarrikapen errepublikarra baztertuta, Francok ezarritako eta 1978ko Konstituzioak demokraziarako berreskuratutako monarkia blindatuta geratu zen, Koroari buruzko auzitan konstituzio erreformako prozedura larriagotua ezarri baitzen.

Beraz, Erregea Estatuaren burua da, bere batasunaren eta irautearen ikur eta nazioarteko harremanetan Estatu espainiarraren kanpo-ordezkaritza gorena ere bere gain hartzen du, nahiz eta, errege konstituzionala denez, Konstituziora eta legeetara lotuta egon. Halaber, bere ekintza guztiek berrespena behar dute (56. art.). Erregeari dagokion botere materiala nahiz botere erreserba doktrinan eztabaidatutako auzia da, batez ere kontuan hartuta Juan Carlos erregeak historia garaikidearen hainbat unetan izandako portaera ezohiko eta eztabaidatua, esate baterako, 1981eko otsailaren 23ko Estatu-kolpe saiakeran.

Espainiako estatuaren egitura