Kontzeptua

Eskularrugileak (Laxorako)

Usadioaren eta leku batzuen izenen arabera, bote luzea artzainek aisialdian jokatzen zutela uste da, pilota-soro edo soropil izeneko eremu lauetan.

Juan Ugarte (1914/08/21), gogoan du laxoan gazte-gaztetatik 1950eko hamarkada erdialdera arte jolastu zuela, hain zuzen ere Urrizketako pilota-soroan, batez ere asteburutan eta festa egunetako arratsaldetan. Soro hura Baztan bailararen goialdean zegoen kokatuta (aipatutako herritik 2,5 kilometrora, ia Bertiz jaurerriaren bukaeran). Beste pilota-soro batzuk Bertzungoa (gaur egun Guardia Zibilaren kuartelaren inguruan) eta Orabidekoa (karokotze-soroan) ziren.

Arraiozeko garai hartako jokalariak Garramiola Bordako Martin Aleman eta Altzuarteako Martin Bengoetxea ziren.

Partida hasi baino lehen, zelaiaren alboko mugak markatzen zituzten ildaskak eginez. Horrez gain, zelaia erdibitzen zuen muga ere markatzen zuten, horretarako aizkora eta aitzurra erabiliz. Botarria edo botaharria(harri nahiko handia, gaur egun egurrezkoa da), soropilaren ertz batean kokatu eta finkatzen zuten.Urrizketako pilota-soroak 70 metroko luzera eta 40 metroko zabalera zuen. Jokoaren arauak gaurko pilota-jokoaren berberak ziren, baina erreboterik ez zegoenez, gaur egungoak baino pilota handiagoak eta pisutsuagoak erabiltzen ziren.Garai hartan ohikoa zena egiten zen apustu (trago bat edo 5 pezeta inguru). Leku hartan bertan ere dantza lotuan aritzen ziren, herrian debekatuta baitzegoen. Pilota-soro irekietan ohikoa zen pilotak galtzea. Gaur egun, enparantzetan ere gauza bera gertatzen da, baina hein gutxiagoan. Hori ekiditeko, txakurrak trebatu izan dira pilotak bilatzeko, esaterako Arraiozko Bostbi setterra.