Kontzeptua

Eskularrugileak (Laxorako)

Laxora jolasteko erabiltzen ziren eskularruak larru zurrunezkoak izaten ziren, okerrak eta ildaskatuak. 900 eta 1.100 gramo arteko pisua zuten eta bi motatakoak izan zitezkeen. Eskularru motzek 35 zentimetroko luzera eta 17 zentimetroko zabalera zuten. Eskularru luzeek, ertzetan 45 zentimetroko luzera zuten (58 zentimetro erdiko okerdura kontuan izanda), 17 zentimetroko zabalera oinarrian eta 11 zentimetrokoa puntan. Sakea eta zenbakia ateratzen zuen jokalariak eskularru luzea erabiltzen zuten beti. Eskularruek atzealdean eskuzorro antzekoa izaten zuten, eta bertan sartzen zuten eskua, gero tresna maneiatu ahal izateko.

Eskularruak egiten zituzten bi artisauek, eskualdeko hiltegian gazitu gabeko behi-larrua erosten zuten. Jarraian, larru hori bigundu egiten zuten, hiru egunez kare biziz betetako metalezko bidoi batean sartuz. Haragi eta ile hondarrak egurrezko espatula batekin kendu ondoren, berriz ere beheratutako (6 edo 7 kare kilo bakoitzeko 150 litro ur) kare bizian sartzen zutne eta han 25-30 egunez edukitzen zuten. Azkenik, ibai ertzean egur puska baten gainean jarri eta ezkatatzeko tresna batekin azken aldiz garbitzen zuten larrua. Aire zabalean lehortzen utzi ondoren (udan zortzi bat egun), gorde egiten zen.

Eskularrua egiteko erabili baino lehen, larrua ur hotzetan sartzen zen (2 edo 3 egunez). Jarraian, animaliaren bizkarraldeko larrua moztu egiten zuten, betiere ilearen aldetik, eskularruak atal horretan jasoko baizituen pilotaren kolpeak.

Larrua mozteko zapatarien txantiloi eta hortzak erabiltzen zituzten. Jarraian, larrua ondo tenkatu eta egurrezko molde edo orkoi batean finkatzen zen, bertara oso ondo itsatsita, horrela larrua lehortzean forma okerra hartzeko. Bigarren eta hirugarren geruzak egiteko prozedura bera erabiltzen zuten, baina bi horiek beste aldetik itsasten ziren, hau da, ilea ez zuen aldetik. Azken bi geruza horien artean botoi bat jartzen zuten (horrela eskularrua era erosoagoan hartzeko), eta jarraian soberan zegoen larrua moztu eta ertzak lixarekin leuntzen ziren (hasiera batean pedal-tornuko lixa zen eta gaur egun, berriz, elektrikoa).

Azkenik, hirugarren geruza altxa eta eskuzorroa jartzen zen. Gero dena jostura bikoitzaz josten zen (iraganean ezten bat eta basurde-ilea erabiltzen zuten, eta gaur egun, zulagailu elektrikoa eta hari-industriala).

Eskularruari kolorea eman ondoren (iraganean egositako azafraia erabiltzen zen, eta gaur egun, argizari likidoa), argizaria ematen zitzaion, pilotak hobeto irrista egin zezan.

Eskuzorroa ez zen eskularruarekin batera egiten, aparte baizik. Horretarako, lehenbizi larru goxo puska bat mozten zen nahi zen neurrira, betiere zapatarien txantiloi eta hortzak erabiliz. Jarraian, lau zirrikitu egiten zitzaizkion, eta bertan hartz arteko tarteak izango ziren gilak sartzen ziren. Gero dena batera makinaz josten zen. Jokalariak eskua behar bezala helduta izateko larruzko botoiak jartzen ziren (ermamiak jartzeko), baita hatz erakusle eta lodiaren artean bi larru-zerrenda ere. Azkenik, ardi-larruzko zintarri bat jartzen zitzaion, eta horrela eskuzorroa prest geratzen zen, gero eskularruan jartzeko.