Kontzeptua

Eskola-graduazioa Gipuzkoan, XX. mendeko lehen herena

Donostiako eskolen graduazioari buruzko lehen albistea Bartolome y Mingok, La Escuela Moderna aldizkariko zuzendariak dakarkigu. Hura, 1906ko udan Marti y Alpera Cartagenako eskola graduatuen sustatzailea lagun zuela, Alfontso XIII Eskola Multzoa (Esquilacheko Markesari, Comin jaunari, Albideko Kondeari eta Cemborain y España jaunari, arlo pedagogikoan lagundu baitzuen, zor zaiena) bisitatzera joan zelarik, Atotxako Pasealekuan zegoena, Maria Cristinako kuartelaren parean, ohartu zen eskola-eraikin itzel horretan ari zirela eskolen graduazioaren jarduera kudeatzen.

Haatik, irakaskuntzako erreformak jorratzeko, Instrukzio Nazionalaren Tokiko Batzorde Erreformista bat eratu zen albiste hori baino bi urte beranduago. Batzorde horretako kide ziren Paulino Caballero (institutu Nagusi eta Teknikoko zuzendaria), Rogelio Gordon (Arte eta Lanbide Eskolako zuzendaria), Vicente Terras (Institutuko Preceptiva y Literatura ikasgaiaren irakaslea), Hermenegildo Luzuriaga (Arte eta Lanbide Eskolako aritmetikako irakaslea), Enrique Martin (lehen irakaskuntzako maisua) eta German Moneo (idazkaria). Horren albistea La Voz de Guipúzcoa egunkarian irakur daiteke. Donostiako Tokiko Batzordearen proposamena eskolak graduatzea zen, heziketaren eraginkortasuna hobetzeko bide gisa.

Enrique Martin La Escuela Moderna aldizkariko (garai hartan berrikuntza pedagogikoa bultzatzen zuena) kolaboratzailea zen eta, urte askoan, Donostian argitaratzen zen La Instrucción Primaria egunkariko zuzendaria izan zen. Horrenbestez, batzorde horretan bere partaidetzak bazuen eragina proposamenean, izan ere, udal irakaskuntza berritzeko beste Udal Batzorde batzuetan ere parte hartzen zuen, proposamenarekin bat zetorren jarrera azalduz. Horrez gain, eskoletan eskoletako tabernak, txangoak, osteratxoak, zinematografoa eta ezindutako haurrentzako irakaskuntza berezia barneratzearen aldekoa zen. Horrela, haurrak adinaren eta kultura-mailaren arabera sailkatzean zetzan antolaketa arrazionalak (talde zinez homogeneoak sortuz) neskato eta mutikoen irakaskuntzari so zekartzan onurak azaldu zituen. Argudio sendo batekin, erreforma-plan hori erabateko zorroztasunez aplikatu zen, eskola-umeak mugape finkoko distrituetan banatzea planteatuz, besteak beste, alderdi hauek nabarmenduz: irakaskuntzaren graduazioa, ikasleen asistentzia sendotzea eskoletan, "atsegina sortzen duten eta ikasleen interesa pizten duten" instituzioak finkatzea eta eskoletan beharrezkoak diren lan edo hobekuntzak gauzatzea. Zazpi eskola-distritu banatu ziren: Ekialdeko Zabalgunea, Peñaflorida, Amara, Gros Auzoa, Atotxa Auzoa, Ategorrieta eta Antiguo, bakoitzari zegokion mugapearekin. Mugape bakoitzari eskola-multzo bat zegokion, eskola hauekin:

  • Ekialdeko Zabalguneko eskola-multzoa: (Alde Zaharra)
  1. Haurtxoentzako eskola aparteko lokaletan banatutako hiru gradutan, maistra baten eta bi laguntzaileren gidaritzapean.
  2. Mutikoen eskola: aparteko lokaletan banatutako hiru gradutan, maisu bat eta bi laguntzailerekin.
  3. Neskatoen eskola: aparteko lokaletan banatutako hiru gradutan, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  • Peñafloridako eskola-multzoa: (Erdigunea)
  1. Haurtxoen eskola: hiru gradu, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  2. Neskatoen eskola: hiru gradu, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  3. Neskatoen eskola: hiru gradu, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  4. Mutikoen eskola: hiru gradu, maisu bat eta bi laguntzailerekin.
  5. Mutikoen eskola: izaera unitarioa zuena, maisu baten ardurapean.
  6. Goi-eskola: bi gradu, maisu bat eta laguntzaile batekin.
  • Amarako eskola-multzoa:
  1. Haurtxoen eskola: hiru gradu, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  2. Neskatoen eskola: hiru gradu, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  3. Mutikoen eskola: hiru gradu, maisu bat eta bi laguntzailerekin.
  4. Mutikoen eskola: hiru gradu, maisu bat eta bi laguntzailerekin.
  • Gros auzoko eskola-multzoa:
  1. Haurtxoen eskola: bi gradu, maistra bat eta laguntzaile batekin.
  2. Neskatoen eskola: bi gradu, maistra bat eta laguntzaile batekin.
  • Ategorrietako eskola-multzoa:
  1. Mutikoentzako eskola unitario bat.
  2. Neskatoentzako eskola unitario bat.
  • Atotxako eskola-multzoa:
  1. Mutikoen eskola: bi gradu, maisu bat eta laguntzaile batekin.
  2. Neskatoen eskola: bi gradu, maistra bat eta laguntzaile batekin.
  • Antiguoko eskola-multzoa:
  1. Haurtxoen eskola: gradu bat, maistra batekin.
  2. Neskatoen eskola: hiru gradu, maistra bat eta bi laguntzailerekin.
  3. Mutikoen eskola: hiru gradu, maisu bat eta bi laguntzailerekin.

Gradu bakoitzerako 50 ikasleko muga jarri zen oinarrizko eta goi-mailako eskolen kasuan, eta 80 ikaslekoa haurtxoen eskolen kasuan. Proposatutako erreformek udal aurrekontuak 43.392 pezetan areagotzea zekarten. Kopuru horretan irakasle laguntzaileen ordainsariak (eskola-multzo gehienetan laguntzaile bakarra zegoen), obrak, alokairuak, materiala (proiekziorako gailuak eta eskolako arropak egiteko janzkien joskintzarako ehunak) eta tabernak sartzen ziren. Plana 1909ko azaroaren 16ko Sustapen Batzordeak aurkeztu zuen bi saiotan. Hala, gaia "mahaiaren gainean uztea" adostu zen. Azkenik, 1909ko abenduko lehen saioan planari zegokion alderdi ekonomikoa onartu zen, irakasle laguntzaileen Araudia artean "mahaiaren gainean" zegoela.

Horrela bada, eskolen graduazioak udal funtsekin mantendutako eskolei soilik eragiten zien, gerora, 1911n Leopoldo Sanz Ikuskatzaileak Instrukzio Publikoko Ministeriora igorritako txostenean islatzen den moduan. Txosten horretan, gainera, probintziako eskola graduatu guztiak aipatzen dira. Guztira 25 eskola zeuden, horietako 16 Donostian. Horiez gain, Azkoitian mutikoentzako eskola bat zegoen, bi gradukoa, Elgoibar, Errenteria eta Tolosan bezalaxe, laguntzaile ofizialekin. Irunen hiru eskola zeuden, lau gradukoak, Udalak izendatutako laguntzaile boluntario batekin. 25 eskolen artean 58 gradu osatzen ziren. Bestalde, 1914an Bergarako eskola nazionalak graduatzeko eskaera ukatu egin zuen Ministerioaren Lehen Irakaskuntzako Zuzendaritza Nagusiak, aurkeztu beharreko baldintzei zegozkien 1911ko xedapen berriak betetzen ez zituztelako.

Eskolaren aldaketa hori, modernitate pedagogikoaren sintoma agerikoa, Donostiako Udalak sustatu zuen, nahikoa goiz eta antolaketa pedagogikoko berrikuntza modernoenei jarraiki. Gainera, garai hartako pedagogo eta maisu nahiz maistra ezagunek txalotu egin zuten eraldaketa. Ordutik eskola-antolaketa aldaketarik gabe mantendu zen, irakaskuntza eta ikaskuntzarako onurak ikusita.