Kontzeptua

Eskola-graduazioa Gipuzkoan, XX. mendeko lehen herena

Espainiako Estatuan eskola graduatua sartu zenean, agerian geratu ziren eskola-antolaketaren funtsezko arazo guztiak, izan ere, eskolan ezagutza-mailaren eta adinaren arabera banatu behar ziren: ordutegia, programak, ikasle-taldeak. Gainera, eskola horietako irakasleen artean harreman berria ezartzen zen, eskola graduatuko zuzendariaren irudia finkatuta. Zalantzarik gabe, indarrean jarraitzen duen "asmakuntza" izan zen.

Eskolen graduazioa Eskola Arruntetara atxikitako eskoletan aplikatzea aurreikusten zen maisutzaren prestakuntzari so, 1898ko irailaren 23ko Errege Dekretuaren eta hura garatzeko 1899ko urtarrilaren 29ko Araudiaren arabera (R. Blancok gauzatua). Bertan barneratzen zen aipagai dugun berrikuntza. Horrenbestez, horixe da eskola horien inguruan dugun lehen albistea, legegintzaren ikuspegitik. Eskola-graduazioa, irakaskuntzari so onuragarria izan bazen ere, prozesu motela izan zen. Hala, XX. mendearen lehen herenean artean guztiz finkatzeke zegoen. Hainbat saiakera egin ostean, 1910eko abuztuaren 18ko Errege Dekretuaz geroztik, eskola-graduazioa finkatu zen 2.000 biztanletik gorako herrietan. Dena den, ezarpena hori 1918ko irailaren 19ko Errege Dekretuak sendotu zuen, eskola graduatuen Araudia onartuta. Berrikuntza horrek ez zuen soilik arazo ekonomikoekin topo egin, arkitekturaren eta antolaketaren aldetik ere baziren arazoak, batez ere, irakasleen egiteko berriarekin lotuta, eskola unitarioetara ohituta baitzeuden.

Espainiako Estatuan hedapena oso motela izan zen eta erritmoa ezberdina zen hiriaren arabera. Euskal Herrian, 1935. urtean, eskola graduatuen estatistiken arabera, zenbaki hauek zeuden:

Eskola graduatuak Euskal Herrian (1935)
Iturria: Eskola Graduatuen Estatistika, 1935. Madril: Instrukzio Publikoko Ministerioa.
Gradu KopuruaArabaGipuzkoaNavarraBizkaiaGuztira Espainia
Hiru416933836
Lau26628462
Bost-1217159
Sei2419239
Zazpi---751
Zortzi-11540
Zortzi baino gehiago1--197
Graduak Guztira42169704128.816
Eskola Graduatuak Guztira93918901.884

Estatuko beste probintzia batzuekin alderatuta, eskola kopuruari zegokionez, handienetik txikirako hurrenkeran, Gipuzkoa 13. lekuan zegoen 39 eskolekin eta Bizkaia hirugarren lekuan. Hori, neurri handi batean, probintzia horien ezaugarri demografikoen ondorio zen, izan ere, herri askotan ez zen eskatzen zen biztanle kopurua gainditzen. Gipuzkoa eta Bizkaian halako zentroak izugarri areagotu zirela ikus daiteke estatistiketan, izan ere, Gipuzkoak 1916. urtean 3 eskola graduatu zituen eta 1935. urtean 39. Bizkaiaren kasuan, data horien artean 16 eskola izatetik 90 izatera pasa zen. Hala ere, denbora-tarte horretan, deigarria da 1921. urtean Gipuzkoan zegoen eskola graduatuen kopurua. Litekeena da horren arrazoia estatistika horretan eskola nazionalak nahiz Ongintzako Instituzioak aintzat hartu izana izatea, horrek eragina izango baitzukeen aipatu dugun igoeran. Estatista-datuak nahasgarriak gerta badaitezke ere, eskola graduatu gehiago zeudela pentsatu behar da, izan ere, eskola graduatu asko munizipalak ziren eta estatistika horietan datu hori ez da jasotzen.

Horrenbestez, eskolen graduazioari dagokionez, Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren, erruz, eskola-antolaketa zentzuzko hori baitaratu zuten probintziak. Horrela, ikasleak ezagutza-mailaren eta adinaren arabera sailkatu eta multzokatzen ziren eta, horri esker, eskolan sekzio homogeneoak lortzen ziren. Sekzio horietako bakoitza maisu baten ardurapean zegoen eta guztiak irudi berri baten ardurapean, hots, zuzendariaren ardurapean.

Eskolak graduatzeko interesa handia zen. Horren erakusgarri da Lehen Irakaskuntzako Zuzendaritzak 1911n eskola-eraikinen ereduak hautatzeko egindako deialdian Julio Saenz Bilboko arkitektoak aurkeztu zuen proiektua Ministerioak halako eskoletarako eredu gisa onartu, eta herrialde osorako eredutzat hartu zuela. Eskolen graduazioan ageri zen arazoetako batek eraikin horien nolakotasunarekin zuen zerikusia, izan ere, eskola-eraikin berean gradu guztiak barneratzeko egokiak izan behar ziren. Horretarako, Julio Saenzek aurkeztutako planoetan irtenbide higienikoak eta oso bideragarriak aurkezten ziren. Aipatu behar da, euskal probintzietan eraikinen jabetza Udalena zela, bai eskola nazionalena eta baita graduatuena ere.