Arkitektura

Erriberriko Errege Jauregia

Erriberriko Errege Jauregia Nafarroako multzo historiko-artistiko nabarmenenetarikoa da. Gaur egun, hiru zatitan banaturik dago: Jauregi Zaharra (egungo paradorea), Jurgi Deuna kaperaren hondakinak eta Jauregi Berria, monumentuan bisitatzen ahal den gunea, alegia.

Gaur egun bisitatzen den eraikina 1402. eta 1424. urteen artean eraildu zen, eta egoitza, lorategi eta lubanarroz osaturiko multzo konplexua hartzen du, harresi altuz inguraturik. Nabarmentzekoa da jauregiaren itxura ederra, dorre ugari baititu gainaldeetako zaindari. Karlos III.a "Prestuak" bultzatu zuen obra (1387 eta 1425 artean Nafarroako erregea izan zen). Goitizenak adierazten duen bezala, Frantziako dinastiako (Evreux) errege zintzo hura ezagunagoa da kultura eta jauregiko luxuzko bizimoduagatik bere kanpaina militarrengatik baino, eta horren lekuko dugu jauregi gisa utzi zigun ondare harrigarria, garaian Europako luxuzkoenetariko bat.

Antzinako apaingarriak desagertu badira ere, XV. mendean jauregia bisitatu zuen Alemaniako bidaiari baten hitzak heldu zaizkigu:

..."ziur naiz ez dagoela jauregi eta gaztelu ederragorik duen erregerik, ezta urre koloreko horrenbeste gelarik duenik ere". Ederki ikusi nuen nik orduan; ezinen litzateke esan eta, areago, ezinen lirateke irudikatu ere egin jauregi horren handitasun eta aberastasun ikaragarriak".

Karlos III.a "Prestua" Leonor Trastamarakoarekin ezkondu zen, 1375ean, eta zortzi seme-alaba izan zituzten biek, horien artean Zuria andrea (Nafarroako erregina 1425 eta 1441 artean), Vianako printzearen ama. Bikote horrek Erriberriko gorteko bizimodu lasaia gozatu zuen, harik eta XVI. mendea hasia zen arte.

Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenez, jauregia okerrera jotzen hasi zen, erregeorde, gobernadore eta kapareek egoitza gisa erabili baitzuten noizean behin.

1813an, Independentzia Gerran, Espoz Mina jeneral nafarrak su eman zion, Frantziako tropak bertan gotor ez zitezen. Barneko apaingarri guztiak eta egituraren zati bat erre ziren, eta jauregia erdi eraitsirik eta hutsik geratu zen.

1923an, Nafarroako Foru Diputazioak lehiaketa baten deialdia zabaldu zuen, zaharberritze proiektu bat gauzatzeko. 1937an hasi ziren obrak, eta 30 urte iraun zuten.

Olite

Erriberriko Errege jauregian ikusi dezakegu:

  • 0. Lorategi Zaharra (beheko solairua)

Jauregi Berrirako egungo sarbidea. Karlos III.aren garaian, Errege Jauregirako sarrera nagusia Jauregi Zaharrean zegoen (Turismo Paradore Nazionala). Lorategi Zaharra deitzen zioten, eta zuhaitz eta landare anitz zeuden han. Barnean zein inguruan jauregiak zituen lorategien adibide xumea besterik ez da. Laranjondo, limoiondo, zidrondo, mingranondo edo Alexandriako jasminez beterik zeuden lorategiak, garai hartan landare exotikoak baitziren.

Patiotik Andre Maria elizaren abside ikaragarria ikusten da, baita eliza horretako kanpandorrearen oina ere.

  • 1. Indusketa gela (beheko solairua)

1996an jendeari irekia, hasierako asmoa izan zen erakusketa gela gisa erabiltzea. Hango lurzorua alokatu zen, eta, horren pean, buztinezko lauzez estaliriko lurzorua agertu zen, gaur egun ikusten ahal dena. Leku batzuetan konkorturik zegoenez, lagin batzuk egitea erabaki zuten. Hiru euskarri ikaragarri aurkitu ziren orduan (zutarri bat, zutabe bat eta horma baten zati bat). Ikusten den bezala, 8 metro baino gehiago dira sakon. Dirudienez, sabai altuko gela bat egon zen lurpean -ez dakigu zertarako erabiltzen zen-, eta, dokumentuen arabera, geroko mendeetan obra-hondakinez bete zuten.

  • 2. Gela gangaduna (beheko solairua)

Gela honetan gazteluaren argazki-erakusketa bat ikus daiteke.

  • 3. Arkuen Gela (beheko solairua)

Jauregiko gela ikusgarrienetariko bat da. Arkitektura-eginkizun soila izan zuen, erreginaren lorategi txildaren pisuari eusteko egin baitzen (12 zk.). Arku handiek lorategia gainean duen plataformari eusten diote, lehenengo solairuan. Lorategi esekia da, beraz. Euria egiten zuenean, erreginaren lorategitik isurtzen zen ura, horregatik, gela ezin izan zen deusetarako erabili, neguan oso hezea baitzen. Iragazgaitzeko obrak XX. mendean egin ziren. Gaur egun, agertoki gisa erabiltzen da Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdian.

  • 4. Dorre Handira sartzeko eskailerak (beheko solairua)

Dorre Handiak eskailera kiribila du barnean, eta, horretan barna, jauregiaren solairu noblera igotzen da, errege-erreginen geletara, hain zuzen ere. Era berean, eskailera horretatik heltzen da omenaldi dorrearen gainaldera. Jauregi Berriko gune nagusia da hori. Ia harri guztiak markaturik daude. Harginen markak dira horiek. Lantzen zituzten harriak sinatzen zituzten, gero kobratzeko.

  • 5. Omenaldi Dorrea (laugarren solairua)

Ia 40 metro dituenez, jauregiaren goreneko puntua da. Gaur egun duen garaiera ez da jatorrian izan zuena. Jauregiaren berreraikitze lanetan altuago egin zen. Jatorrizko garaiera zen behean dauden terraza zabalei dagokiena.

  • 6. Erakusketa: "Erriberri, erresuma baten tronua" (bigarren solairua)

Jauregiaren bigarren solairuan bi gela txiki daude. Arropazaindegi gela eta Erreginaren Damen gela dute izena. Gaur egun (2014 urtea), irudimenari eragiteko moduko izenburua duen erakusketa bat antolatu da geletan: "Erriberri, Erresuma baten tronua". Hantxe daude Nafarroako Foru Diputazioak 1924an iragarririko lehiaketan aurkeztu ziren proposamenak, errege jauregia berreraikitzeko eginak. Yarnoz Larrosa anaiek (José eta Javier) irabazi zuten lehiaketa. Berreraikitze proiektuez gainera, argazkiak, maketak eta antzinako marrazkiak ere ikusten ahal dira aretoan.

  • 7. Erreginaren Ganbera edo Aineruen Ganbera (lehenengo solairua)

Gainerakoak bezala, gela hori zurezko zokalo, kolorezko zeramika, tapiz, margo eta igeltsu lanez apaindurik zegoen. Nafarroako Pirinioetatik ekarritako zurez eginak ziren ateak, eta tapizgintza gortina lodiak zeuden horietan. Adreilu esmaltatuz zolaturik zeuden lurzoruak, ihiz eginiko alfonbrez eta tapizez estalirik, eta alfonbra gisa erabiltzen zituzten neguan (horietariko batzuk Nafarroan eginak ziren, beste batzuk, berriz, Zipretik edo Turkiatik ekarriak). Leihoek kolorezko beirateak zituzten (horietariko batzuetan; beste batzuk soilagoak izanen ziren, alabastroz edo oihal ezkortatuz estaliak), eta sabaiak zurezko kasetoiz estalirik egonen ziren, horietariko batzuk urrez margoturik. Jauregiak XV. mendean nolako altzariak zituen jakiteko, Vianako printzeak utzi zituen ondareen eta objektu pertsonalen inbentario bat gorde da. Adibide gisa, etxeko hornidura hauek agertzen dira ondareen zerrendan: aulki urreztatu bat, lau lehoi buruz apaindurik eta belus berdez tapizaturik; ebanozko eta haritzezko hiru banku; mahai arin bat; eta ohe bat, urrez brodaturiko satin gorrizko errezel batzuena, besteak beste. Apaingarri guztiak galdu dira, Independentzia Gerran Espoz Minak 1813an piztu zuen suteak kiskalirik, sarrera historikoak azaltzen duen bezala. Aingeruen ganbera are eman zioten izen, garai batez hormak estaltzen zuen apainduraren zati bat hainbat aingeruren eskulturez estalirik baitzegoen.

  • 8. Erreginaren Apaingela (lehenengo solairua)
  • 9. Erregearen Ganbera edo Begizten Ganbera (lehenengo solairua)

Leiho gotiko zabalak eta sutondo handia dituen gela handi hori erregeak erabiltzen zuen, gonbidatuei harrera egiteko. Gelak ederki agertzen du Karlos III.a "Prestua" errege zelarik Erriberriko gorteak lortu zuen ospe handia. Errege-erreginek eta beren seme-alabek zerbitzari ugari behar zituzten (ganbera laguntzaileak, ezkutariak, lorezainak, zilargileak eta sukaldariak, besteak beste), familiako kide bakoitzaren ostatu partikularretan banaturik. Bere biloba Karlosek, Vianako Printzeak, 40 zerbitzari ere izan zituen. Begizten ganbera ere deitzen diote gelari, zurezko sabai osoan -kasetoidura ikaragarria zen hura- begiztak landurik baitziren, Karlos III.a "Prestuaren" erregealdiaren ikurretariko bat, hain zuzen. Talaiaren dorreko leihoan betiereko begizta ikusten ahal da (14. zk.). Era berean, izkina batean dagoen irtengune txikia "retrait"-a omen zen, hau da, erregeak atseden hartzeko erabiltzen zuen gune pribatua.

  • 10. Igeltsu Apainduren Gela (lehenengo solairua)

"Gela mudejarra" ere deitua zen, hango hormen zati bateko igeltsu apaindura motarengatik. Jatorrizko apainketa gorde duen gela bakarra da hura. Maisu mudejarrek (kristauen artean bizi ziren musulmanak) igeltsuz egindako 10 panel daude gelan. Besteak beste, marrazki geometrikoak, begiztak, ikur heraldikoak eta gaztainondo hostoak irudikatzen dituzte. Apaindura horiek antzinakoak eta aski delikatuak direnez, gelaren barnera sartzen ahal diren bisitarien kopurua mugaturik dago.

  • 11. Erregearen Galeria edo Laranjondoen Gaineko Galeria (lehenengo solairua)

Europako gotiko zibilaren adibide interesgarrienetarikoa da. Arkuen trazeriari arretaz begiratuz gero, aise bereizi daitezke zaharberritu den zatia -galeriaren eskuinaldean dago- eta jatorrizkoa. Karlos III.aren bizitzaren azken urteetan, kolorezko beiratez estali zen galeria hori, aire korronterik izan ez zedin. Gainera, beste gela batzuetan bezala, zurezko sabaia, ederki landua, urrez margoturik zegoen. "Laranjondoen gaineko galeria" deitu zioten galeria horri, begiratokiaren behealdean zegoen laranjondo lorategiarengatik. Hegoalderantz orientaturiko galeria eder horretatik Masustondoaren patioa (22. zk.) eta Txoritegiaren patina (21. zk.) ikusten ahal dira.

  • 12. Erreginaren Galeria (lehenengo solairua)

Erreginaren gelari atxikirik eta Arkuen Gelaren gainean kokaturik, klaustrotxoa dago, garai bateko lorategi esekia. Gaur egun erabat zaharberriturik dago, eta jatorrizko elementu bat edo beste baizik ez da gelditu, besteak beste: filakteria duen aingeru bat eta zutabeen oinarrien aztarnak, erregearen galeriakoetatik kopiatu zituzten horienak. Lorategi horretatik atera omen ziren Katalina Foixkoa erreginak Frantziako Luis XII.ari 1498an oparitu zizkion bost laranjondoak, Ana Bretainiakoarekin ezkonduko baitzen. Dirudienez, horietariko bat gutxienez Leonor erreginak, Karlos III.aren emazteak, landatu zuen, eta baliteke Versaillesko lorategian gaur egun dagoen berbera izatea.

  • 13. Fenero Portaleko Dorrea (lehenengo solairua)

Sarbideko portale hori da Erdi Arotik egundaino bere horretan iraun duen bakarra, eta Fenero portalea deitzen diote, Erriberrira zekarten belar ondua handik sartzen baitzen. Portalearen gainean Nafarroako eta Evreuxeko armarria dago. Harresiak Erdi Aroko hiribildu osoa inguratzen zuen. Hainbat dokumentuk erakusten dute bai Karlos "Gaiztoak", bai bere seme Karlos III.ak, multzo harresituan konponketa lan batzuk egiteko agindu zutela.

  • 14. Talaiaren Dorrea edo Joyosa Guardarena (lehenengo solairua)

"Zelatariaren dorrea" ere du izen, eta horren gainetik kontrolatu egiten zuten ea kanpoko berririk heltzen ote zen Erriberrira. Egundaino gorde den leihoa jatorrizkoa da, eta betiereko begizta irudikatzen du, Karlos III.a "Prestuaren" ikurretariko bat Talaiatik Uxue herriaren silueta ikusten da. 800 metrotik gorako mendi baten kaskoan kokaturik, herri horretan Nafarroako erresumaren aurrelari talde militarra egon zen mende anitzetan Aragoiko erresumaren mugatik oso hurbil zegoenez, Uxuetik seinaleak egiten ziren handik ikusten diren hiribildu eta herri guztietan kokaturiko behatokietara. Era berean, "Joyosa Guardarena" edo "Goardia Alaiarena" deitzen zaio dorreari. Frantsesezko "Joyeuse Garde" esalditik hartu da izena guardian zeudelarik, soldaduak edaten eta dadoetan eta kartetan jokatzen aritzen baitziren jostetan.

  • 15. Lau Haizeen Dorrea edo "Tres Finestras"-en dorrea (lehenengo solairua)

Hiru "Finestra" Handien dorrea ere deitzen zaio, hiru leiho gotiko handi dituelako. Dorreko behatokietan jarriak, erregeek eta nobleek jauregiaren kanpoaldeko zelaigunean egiten ziren zezenketak, justak eta torneoak ikusten zituzten. Gangaren giltzarrian Nafarroa-Evreuxeko armarria dago, jauregiko beste toki batzuetan eta hiriko hainbat monumentutan ere agertzen dena. Hasieran, pasabide estu batek -estalia, beharbada- lotzen zituen Talaiaren dorrea eta Lau Haizeena. XVI. mendean arku sendo batzuk gehitu zizkioten dorreari, hura indartzeko.

  • 16. Uharkaren Dorrea (lehenengo solairua)

Andel gisa erabiltzen zen, eta hango harriak berunez loturik zeuden, zirrikituetatik urik isur ez zedin. Zeramikazko hodien bidez, Zidakos ibaitik dorrearen behealdera ekartzen zen ura, jarraian, horren oinarrian zegoen zurezko tornu batek uharkaren barneraino igotzen zuen. Jauregi osoak berunezko hodiz osaturiko sistema bat zuen, ura bideratzeko. Hodi horiek sarturik zeuden jauregiko horma anitzetan gaur egun ikusten diren pitzaduretan, Masustondoaren patioan eta Lorategi Zaharrean batez ere. Lurrean, estalkiaren azpian, gelditu diren hodien hondakin bakarrak antzematen ahal dira. Uharkaren dorrearekin komunikatzen duen ingurabide batez osaturik, Fenero portaleko dorretik igo behar da hara heltzeko.

  • 17. Hiru Koroen Dorrea (lehenengo solairua)

Jauregiko dorre ikusgarrienetako bat da. Oktogono forma du, eta hiru gorputz ditu, pixkanaka gutxituz doazenak. Izan ere, handik datorkio Hiru Koroen izena dorreari. Ingurabidez eta matakanez inguraturiko solairuen gainaldean bi tximinia artistiko jarri ziren. Horri buruzko legenda baten arabera, erregeak eraikiarazi zuen dorrea, beren seme-alabek jolastoki bat izan zezaten. Hala ere, ez dago halakorik ziurtatzen duen dokumenturik.

  • 18. Hormaren putzua (kanpoaldea)

"Arrautza-oskol" ikaragarri horren pean 8 metro sakon den putzu bat dago, neguko horma eta elurra biltzeko eta uda arte hormaturik mantentzeko erabiltzen zena. Geruza batzuetan jarririk, isolatzaile gisa funtzionatzen zuen, lastoari esker lortzen zuten hori. Ikusten ahal den bezala, Erriberriko gune hotzenetariko eta ospelenetariko batean kokaturik dago putzua. Han gordetzen zen horma edari hotzak edo izozkiak prestatzeko, elikagaiak kontserbatzeko eta medikuntzarako erabiltzen zen. Nahiz eta errege-erreginek egitura horren onura benetan gozatu zutela berretsi ezin den, hainbat dokumentuk frogatzen dute XVII. mendetik XX. mendearen hasierara erabili zela.

  • 19. San Jurgi Kaperaren hondakinak (kanpoaldea)

Errege-erreginen kapera pribatua. XIV. mendearen bukaeran eraikirik, gune horri Erreginaren jauregia ere deitzen diote, Leonor Trastamarakoak bultzatu baitzituen obrak Eraikitze lanetan Valentziako hargin musulmanek parte hartu zuten, eta Martin Periz Lizarrakoa izan zen obretako igeltsero nagusia. Mota anitzetako elementuak eraiki zituzten: hormak, adreiluzko erlaitz moriskoak, igeltsu lanak, kasetoidurak eta azulejoz eginiko zokaloak. Horren azpian jauregiko upategietariko bat gordetzen da.

  • 20. Jauregi Zaharra (kanpoaldea)

Egungo Turismo Paradorea. Jauregiaren jatorrizko erdigunea da. Jatorriz erromatarra (K. o. I. mendekoa, beharbada), bisigodoek hartu zuten VII. mendean, Antso Azkarra errege nafarrak bisitatu zuen, eta, azkenik, Tibalt dinastiakoek eraberritu zuten, XIII. mendean. XIX. mendeko sutea gertatu ondoren, urteetan indarrez egindako lapurretek kanpoaldeko hormak eta dorreak besterik ez zituzten zutik utzi jatorrizko eraikinetik. Barnealdea erabat berria da. Erdiko patio batek egituratzen zuen dena, eta zalditegi, bihitegi eta jakitokietarako sarbidea zen hura. Izkinetan dorreak zituen, eta antzinako harresiarekiko paraleloa zen.

  • 21. Txoritegiaren patioa (beheko solairua)

Patio hori sare batez estalirik zegoen, kaiola handi bat bailitzan, barneko txoriek alde egin ez zezaten. Behatu horman dauden igeltsuzko habiei Hantxe egiten zuten habia erregeak hertsirik zituen txori exotikoek. Txoriak ez ezik, gure erregeak mota guztietako animaliak izatea ere zuen gogoko: alde batetik, belatzak eta txakurrak, ehizarako behar baitziren, eta, bestetik, bufaloak, jirafak, lehoiak, gameluak eta otsoak. Jauregiaren ondoko lorategietan kokaturik, zoologiko txiki bat osatzen zuten piztiek. Animalia exotiko mota horiek ohikoak ziren garaiko gorteetan, ospe eta botere ikurrak zirelako.

  • 22. Masustondoaren patioa (beheko solairua)

Patioari izena ematen dion masustondo ikaragarria Nafarroako Natur Monumentua da, 300 urte baino gehiago baititu. Hala ere, legendaren arabera, Karlos III. ak berak landatu zuen zuhaitza, orain dela ia 600 urte. Jauregiko gainerako lorategiak bezala, oihal batzuek estaltzen zuten patio hori, berotegi efektua eginik, neguan zuhaitzak horma ez zitezen.

Lehen bezala, hemen ere hormako arraildurak daude; garaiko hoditeria desagerturik ere, hainbat hutsune ikusten ahal dira., Uharkaren dorretik hona ura ekartzen zuten berunezko hodi horiei zegozkienak.