Siziliako Erregina, Nemourseko Kondesa, Atenas eta Neopatriako dukesa, Nafarroako erregina, azkenik, 1425etik 1441era arte.
Carlos III Noblearen eta Trastamarako Leonorren, Nafarroako erregeak, alaba zen. Siziliako erregea izateaz gain, Atenas eta Neopatriako dukea eta Aragoiko Martin erregearen semea izan zen Martin Gaztearekin ezkondu zen. Ezkontza Catanian izan zen, Nafarroako Mosen Leonel eta Bakedanotar Diegok emaztegaia ordezkatuz. Urte horretan Blanka Andrea Siziliara joan zen Ojerot de Var-ek lagunduz. Ezkontza horrek zazpi urte bakarrik iraun zituen, 1409an Martin Gaztea semerik gabe hil baitzen.
Martin Errukitsua bere aitaginarreba 1410ean hiltzean, Blanka erregina Siziliako erreginaorde bihurtzen da, 1415ean Juan IIak ordezkatu arte (gerora Nafarroako ezkontide erregea izango zena).
Bestalde, Nafarroako Juana, erresumaren jaraunslea, 1413an oinordetzarik gabe hiltzen da eta horrek Blanka, oinordetza hurrenkerari jarraiki, Nafarroako Erreinuaren jaraunsle berri bezala ezartzen du.
Erregeak Olitera Gorteak deitu zituen Blankaren proklamaziorako, lehen alaba eta jaraunsle baitzen, horretarako urriaren 28a ezarriz. 1910etik 1412ra Siziliako erregina izan zena, Nafarroako erregina izendatu zuten. Horrek bere auzoko Aragoiko erregearen interesa suspertu zuen. 1419ko maiatzaren 23an Aragoiko Juan Infante Jaunak, Larako Jauna, Diego Martinez de Sandovali, Gaztelako aitzindari nagusia, boterea eman zion bere izenean Blanka Andrearekin, Siziliako erregina alarguna eta Nafarroako Carlos Jaunaren alaba nagusiarekin ezkondu zedin. Hurrengo urtean ezkontza izan zen, orain pertsonalki, Iruñako katedralean.
1422an Blanka Andrea Nafarroara etorri zen, Bianako Printzea zen bere semea Carlosekin, 1421ean jaioa. 1424ko abuztuaren 28an, erreginak Gaztelara bidaia bat egin zuen, berarekin batera printzea Harora arte eramanez. Juan Jna. eta Blanka And., Carlos III-aren heriotzaren ondoren Nafarroan errege izaten hasi ziren.
Blanka Andereak bere testamentua 1439ko otsailaren 17an egin zuen. Agiri horretan Uxueko Andra Marian, bere koroatze ekitaldiko jantziekin eta arropekin lurperatu zezatela zehaztu zuen. Jaraunsle unibertsal bezala bere seme Carlos printzea izendatu zuen eta bere legezko ezkontzatik etorritako bere oinordekoek ere, emakumeen gainetik gizonezkoak lehenetsiz. Bertan, zuzenbidez, printzeak bere burua Nafarroako errege eta Nemourseko duke ere bere amaren heriotza ondoren izendatu zezakeen arren, bere aitaren bedeinkapen eta ongurarik gabe ez zitzala titulu horiek hartu zin-zinez erregutzen zion. Printzerik ezean oinordeko bezala Blanka Andr. (Blanka II) eta bere oinordekoek, eta horren gabezian Leonor And. eta beretarrek. Printzearen adingabetasunean tutorea bere errege aita izatea agindu zuen, erresumaren eta Nemours dukerriaren administrazioa eramanez. Blanka I Andrea 1441ean hil zen, testamentu herabe horretan bere senarraren handinahiari atea zabalik utziz eta, batez ere, berorren bigarren emaztea, Fernando Katolikoaren ama, izan zen Juana Enriquezi. Hil zenean, agaramontarren -Juan IIaren aldekoak- eta beaumondarren -Bianako Printzea aldarrikatzen dutenak- arteko liskarra ekidinezina zen. Gainerakoan ezin esan daiteke, bizitzan bere semeaz arduratu ez zenik. Izan ere, 18 urte zituenean bere izenean izenpetzeko ahalmena eman zion eta ezkondu zenean, 1439an, hirian etxea eta musikarien kapera on bat, Printzeak aparta izatera bihurtu zuena, jarri zizkion.