Kontzeptua

Emakumeak Euskal Herriko festetan

Emakumea espazio publikotik baztertzeko joera historikoari begira, halako festak sortu edo sendotu zirenean, ez da harrigarri, bada, emakumeak oso-oso bakanetan agertzea. Adibidez, Korpus jaietan, prozesioaren bukaeran parte hartzen dute, desfilearen pasabidean arrosa-hostoak botatzen dituzten lehen jaunartzea egindako neskatilez gain; baina ez dira agertu ohi eguzki sainduaren aitzin ohorezko eskolta osatzen duten koreografia ikusgarrietan. Inauteri giroan sortu baina XIX. mendearen bigarren erdialdean San Sebastian eguneko jai giroko berebiziko erritual gisa instituzionaldutako Donostiako Danborradan ere ez zegoen emakumezkoen berdintasunezko partaidetzarik. 1977 arte ez zegoen emakumedun danborradarik, eta oraindik ere 2012an badira gizon hutsezko danborradak. Haurren Danborradak tradizioan oinarritutako elementu berriak txertatu zituen, urketariak, esaterako; edo zuzenean berritzaileak, Easo Ederra, "jeneralaren" ondoan emakumezko figura parekidea izatearren. Baina poliki-poliki emakumeak hartzen ari dira tradizionalki maskulinoak izandako paperak ("soldaduak", danborrariak...).

Bai txertatu zen XIX. mendearen erdialdean, behin Bidasoako Alardeak napoleondar eiteko armada txikien antzera koreografikoki zeharo eraberrituta (lehenago, prozesio zibil-erlijiosoak ziren, aurretik ohorezko salbak egiteko hamarnaka fusilari baino ez zeramatzatenak), logika militarragoaren baitan, kantineraren figura, emakumeek protagonizatuta. Itxuraz mende eta erdian askorik aldatu ez den arren, haren begirune sozialak ikaragarri eboluzionatu du, ospe txarrenetik irundar edo hondarribiar emakumearen balioen hezurmamitzeraino, herritar askoren ustetan. Beharbada, jatorrian oso eztabaidatua izanagatik, figura femenino horrek emakumeen partaidetza parekidea zailago egin dezake gaur egun, "emakumea jada ordezkatua dagoela" argudiatzeko balio duen heinean. Horregatik ere, berdintasunaren aurkakoen aldetik, beste erreakzio bat eman da Irunen, jaiaren jatorriarekin "historikoki" harremanetan bai baina koreografikoki alardeetatik guztiz at dagoen "lastargidunen" desfilea, emakumeei bertako historian izan omen zuten egitekoa egokitzen dien ekitaldi koreografiko erabat berria.

Zenbat eta erritual gehiagokoa eta kolektibitatearen erakuntza sozialean sustraituagoa egon festa, hainbat eta zailagoa izaten da bertan emakumeak berdintasunez txertatzea, legeek zernahi esanda ere. Adibidez, 2005eko Berdintasunaren Euskal Legea ez da betetzen, espazio publikoan ekinbide baztertzaileak, antolamendu pribatukoak barne, debekatzen dituena. Bidasoako Alardeena da kasurik ezagunena, baina beste askok berdintasunezko partaidetza ukatzen edo mugatzen dute. Laudioko San Roke Kofradiaren kasuan, Araban, esaterako, emakumeek lehen aldiz parte hartu dute 2010eko abuztuan, urteak eta urteak eztabaidan eman eta gero. Bilboko Aste Nagusiaren kasua kontrakoa da: festa berria denez, 1978koa, hartarako berariaz sortutako pertsonaia femeninoa eta guzti (Marijaia), hasiera-hasieratik da parekidea ordezkaritza instituzionalean, txupinera eta gizonezkoa izan den pregoilariarekin. 2012an, berriz, pregoilaria ere emakumezkoa izan da. Beste batzuetan, jai tradizionalen berrikuntzan, Antzuolako Mairuaren Alardean (Gipuzkoa) adibidez, ahalegin berezia egin da emakumeek gizonen pare parte har dezaten.

Jaiak edo koreografiak berriagoak edo oro har errito gutxiagokoak direnean, emakumeen partaidetza errazagoa izan ohi da; baina ez beti eztabaidarik gabe: Gasteizko San Prudentzio Danborradan , 2002az geroztik Udalaren jarrera erabakigarria izan zen emakumeek parte har zezaten, "ohiko" majorette eta kantinerez gain. Beste batzuetan, izendapenak berak salatzen du figura txertatu berria dela, sustraitutako figurarik ezean. Hortaz, Gasteizko Ama Zuriaren jaietan, brusen ohiko koadriletara gehitu dira "neskak". Antzera gertatzen da Hendaiako (Lapurdi) Bixintxo jaietako (San Bizente, urtarrilak 22) Danborradetan. Berri samarrak direnez, mistoak dira; Haurren Danborradan, mutikoak "kortsarioak" dira (bertako historiari estu loturiko pertsonaiak) eta neskatilak, berriz, "neskatilak".

Zuberoako maskaradetan eta pastoraletan, non paper guzti-guztiak gizonek jokatzen zituzten, emakumeak XX. mendeko 70eko hamarkadan parte hartzen hasi ziren, lehenik "femeninoetan" ("kantiniersa", anderea...) eta arian gainerakoetan, harik eta 1992an emakume hutsezko maskarada bat egin zen arte.