Jaialdiak-Ekimenak

Hondarribiko alardea

Hondarribiko (Gipuzkoa) Alardea bertakoen autoafirmazio errito kolektibo nagusia da. 1638ko irailaren 8an, bi hilabeteko setio latzaren ondoren, frantsesek atzera egin izana ospatzen du. 1639tik aurrera 1997 arte urtero ospatu izan da, Udalak antolatuta, gerrarik-edo izan ezean. Emakumeei bertan berdintasunez parte hartzeko eskubidea aitortu dieten epai judizialen ondoren, Udalak Alardea antolatzeari utzi dio. Harrez geroztik "Herriaren Alardea" izenez, antolakuntza pribatuko ekitaldi baztertzaile bat antolatzen da, emakumea kantinera gisa (21 lagun) baino onesten ez duena. Gizon-emakumez osatutako Jaizkibel izeneko konpainia parekidea orduan sortu eta urtero parte hartzen du, nahiz eta ekitaldi pribatuan sartzerik ez duen izan.

Erritoaren jatorrian kabildo sekularrak eta eklesiastikoak garaipenarengatik Guadalupeko Ama herriko zaindariari esker oneko zina betetzeko prozesioa dago. Haren atzean zihoazen herritarrak; buruan, berriz, ohorezko salbak egitearren, berrogei bat su-armadun, ordena militarrean, agintarien menean, herriko banderarekin eta musikaren erritmoan. Ohorezko eskolta hark herriek bete beharreko alarde militarren antz formal handia zuenez, gerora hura ere Alarde hitzez ere izendatzen zen.