Jaialdiak-Ekimenak

Antzuolako Mairuaren Alardea

Mairuaren Alardea Antzuola (Gipuzkoa) udalerriko errito nagusia da, urteroko euskal herri-errito tradizionalen artean jatorri erlijiosorik (ez dago dibinitate bati loturik) ez duten bakanetakoa. Herriko jaietan gauzatzen da, uztailaren hirugarren larunbatean. Koreografia konplexukoa da: armadunen eta musikarien desfilea, su hutsezko fusil tiroak eta kanoikadak, antzezpen bat, abesbatzak kantatutako bertsoak, herriko banderaren entrega, diskurtsoa eta antzezpen bat. Osagai bakoitzari dagokion janzkeraz agertzen dira partaideak, zaldizkoak eta guzti. Ondoren, Alardearen osagarri baina ez osagai, euskal folklorearen dantzaldiak burutzen du ekitaldia.

Konplexutasunak ez du apaltzen figura nagusiaren protagonismoa: preso dagoen errege mairua, berriro eraso ez duela egingo agindu ondoren aske geratzen dena. Gainerako elementuak antzezpenarenari loturik agertzen dira. Izan ere, Alardeak 920an Junkadia edo Junkariako (Moret historialariak XVII. mendean zioenez bertako euskaldunek hala deitzen zuten gaztelaniazko Valdejunquera) batailaren ondorioz antzuolarrek irabazi omen zuten borroka ospatzen du. Koreografikoki antzezpen, diskurtso eta desfilearen muinak, funtsean, ehun urte luze baditu ere (lehenagoko daturik apenas dagoen), frankismoaz geroztik ospatutakoarekiko pertzepzio-aldaketa gertatu da, bai eta koreografian islatu ere.



Osagai nagusia errege mairua protagonista duen antzezpena denez, aurreko eta ondorengo elementuak hari estu loturik daude: armadunen desfilea herriko kaleetan, musikariak aurretik, fusildunak ondoren eta artilleriakoak atzean doazela, zaintzapean eramandako errege mairua eta guzti; mairuei borrokan kendu omen zitzaien bandera; kapitainaren diskurtsoa, Antzuolako armarria eta bandera azaltzen dituena; errege mairuaren eta kapitainaren arteko solasaldi antzeztua, mairuaren askapenaz burutzen dena; mairuen aurka antzuolarren egitandiak ez ezik euskal foruak kantatzen dituzten Iparragirreren bertsoak, eta kanoi eta fusilen ohorezko deskargak.

Ekitaldi folklorikoari justifikazio historikoa diskurtsoak ematen dionez, pertzepzio historikoa aldatu ahala diskurtsoa ere aldatu da: Trantsizioan, erdarazko azalpen handi-manditik euskarazko bertsio labur eta soilagora, 2009an berriro aldatuta. Iparragirreren bertsoak 1978an txertatu ziren koreografian. 1980ko hamarkadan Alardeari, hots, armadunen desfileari, garrantzi gehixeago eskaini zaio janzkeran, musikan... beste euskal alardeen antzera. Alegia, frankismoaren ondoren eite belizista apaldu eta euskal kutsua areagotu zaio ekitaldiari. Halaber, mairuarekiko antzezpena ere gozatu, leundu egin da: astotik zaldira, arlote janztetik dotore janztera, aurpegiaren beltz zikina beltzaran bihurtzea, kapitainaren aurrean menpekotasun itxuratik (durbantea lurrera botatzea, ihes keinuak, belauniko, burumakur...) parekideen arteko solasera (2009tik euskaraz eta arabieraz erantzun, adibidez), eta abar.

Euskal Herriko Alarde folklorikoen jatorrian foru miliziak zeudelako teoria hedatua dagoen arren, baita Antzuolan ere, berez egitura eta osagaiak -eta alarde izena bera- Antzinako Erregimeneko beste prozesio eta desfiletan ere aurkitzen ziren, besteak beste, garaipen militarren ospakizunetan. Antzuolakoa da haietako bat. Ez dago historikoki frogatua antzuolarrek parte hartu zutenik Junkadiako borrokan, nahiz eta hala dioen 1745eko idazkiak, armarriaren -eta banderaren- jatorria azaltzen duenak. Tipologiaz Austriarren garaiko bandera mairuei kendutakoa zela sinestea ez da harrigarri, orduko ideologian. Azalpen horietatik ere ondorioztatu omen zen armarriko errege kateatua mairua zela.

Rosa Aierbe historialari eta heraldikan adituak ediren du Nobiliario de la Provincia de Guipuzcoa liburuaren eta 1745eko azalpenaren arteko lotura, armarrian errege kateatuarena argitzen duena: XVI.ean, Gipuzkoako armarrian erregea kateaturik agertu zen bolada batez (Aragoikoa, gipuzkoarrek preso hartuta). Ikonografia hark segidarik ez izan arren, hartan oinarritu zen Antzuolako armarria. Baina ez dago argi zer dela eta Antzuolan interpretatu zen errege mairua zela, 1745eko azalpenak ez baitzuen iradokitzen ere antzuolarrek parte hartu omen zuten borrokan inor preso hartu zutenik. XVI-XVIII. mendeen artean euskal folklorean dokumentaturiko kristau eta mairuen arteko jaietan oinarritu eta armarriarekin nahasi, ote? Edota borrokaren herri-tradizioa XIX.eko gerra kolonialen ondorioz mairuarekiko etsaigoaz sorturiko antzezpenetako batekin nahasita? Dokumentazioari jarraiki, ez dago jaiaren jatorria eta lehendabiziko bilakabidea argitzerik.

Alardeari buruzko aipamen zaharrena 1539koa da, hain zuzen Antzuolak Bergaran ez baina herrian bertan egiteko eskubidearena: udalerri ez ziren beste tokietan bezala, eginbehar militarretik harago, herri-nortasunaren adierazle. Alabaina, ez dago garbi haietatik eratorri ote zen zuzenean jaietako desfile folklorikoa, behin zentzu militarra galduta. Gutxienez 1881etik aurrera, alarde hitzez ezagututako armadunen konpainia batez gain, beste armadunen konpainia bat, diskurtsoa egin zuen kapitaina, dantzariak, bi kanoi, torero-koadrila bat eta mairu presoarena egiten zuen katez lotutako durbantedun soldadu bat ere gehitua zitzaizkion desfileari.

Zezenketarien agerpenaz gain, halaxe iraun du, funtsean, Mairuaren Alardeak gaur egun arte. Harekiko pertzepzioa, berriz, aldatu egin da urteen poderioz, batez ere Trantsizioaz geroztik. Antzuolarren partaidetza historikoa borroka hartan zalantzan jarri da, eta harekin batera, ospakizun osoa. Kezka, berriz, ez da akademikoa izan, dokumentatzerik ez dagoen gertakizuna delakoan, herritar balioen bilakabidea baizik: borrokaren ospakizunari darizkion balioak kuestionatuta -frankismoaren oso gustuko kristautasuna, espainoltasuna, mairuarekiko mespretxua edota militarismoa- , ospakizuna bera kuestionatu da. Intsumiso asko zegoen herrian eite militar handiko jaia ez zitzaion erakargarri gazteriari. Antzuolar komunitate-kohesioa ahuldu ahala ere (lo egiteko herria, kanpotarren proportzioa handitzea eta asteburuak kanpoan pasatzeko joera...) jaiak indarra galdu du: data finko bat ez izatea da horren adierazgarri. Hortaz, Trantsizio garaiko aldaketak eginagatik ere, jaiaren gainbehera nabaria izan da.



2009ko uztailaren 19an, formalki eta kontzeptualki eraberritutako Alardea antzeztu zen. Aldaketa nagusiak protagonistarengan eman dira: errege mairua duintasunez agertzen da desfilean, besteak beste, kapitainaren parekide ezen ez menpeko; garaipena eta porrota ez baina bakea eta bizikidetasuna dira hizpide, eta abar. Halaber, ekitaldi osoaren koreografia orokorra lehen baino itxurosoagoa da. Jende gehiagok parte hartu zuen, eta batez ere gazteak eta emakumeak gehitu ziren. Publiko gehiago ere agertu zen, ikusminez, eta berrikuntzak txalotu zituen.

Urte batzuk lehenago abiarazitako gogoeta eta lanaren emaitza izan zen. Antzuolako Udalak, Mairuaren Elkartearekin batera, Eusko Ikaskuntzari eskatu zion gaia aztertu eta hobetzeko proposamenak egin zitzan. Azterketak argi utzi zuen arazoa ez zela historiko edota folklorikoa; areago, alde horietatik erritoak zituen balio positiboak nabarmendu zituen, eta berrikuntzan azalerazteko proposatu, alde ezkorrak apalduz. Landa-lan antropologikoak, berriz, erritoarekiko pertzepzioak bildu, erkatu eta Alardetik abiatuta komunitate osoari buruzko diagnostiko bat eskaini zuen. Aldaketak egitekotan, herritarren arteko adostasunaren garrantzia azpimarratu zen.

Ikuskizunetik harago, komunitate-kohesioa indartu du berrikuntzak: lehen kritiko agertzen ziren batzuek parte hartu dute birsortze lanetan eta Alardean bertan, tradizionalki parte hartzen zutenekin batera, denen artean Alardea biziberrituz.

  • AYERBE IRIBAR, Mª Rosa. Sobre el REY ENCADENADO del escudo de Antzuola. Andoain: argitaragabea, 2011.
  • BULLEN, Margaret; KEREXETA, Xabier. Antzuolako Alardearen lehena, oraina eta geroa. Antzuola: Eusko Ikaskuntza (argitaragabea), 2007.
  • RAMIREZ TELLERIA, Iñigo. Antzuolako Alardea: Mairuaren Jaialdia. Antzuola: Antzuolako Udala, 1990.