Museoak

Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa. Gasteiz

Museoa jendeari hurbiltzen saiatzen da hezkuntzako zenbait programa eta aditasunen bitartez, banakako bisitariari zein taldeka doazen bisitariei zuzendutakoak. Helburua hauxe da: museo bisitatzen duten pertsonen gozamenerako eta hezkuntzarako tresnak sortzea eta, horrekin batera, museoaren bilduma zabaltzea.

Programazioa jarduera eta ibilbideetan oinarritzen da, bisita interaktibo eta tailerrekin. Horrez gain material didaktikoak diseinatzen dira, aretoetan eskuragarri daudenak, hala nola liburuxka monografikoak, orri didaktikoak eta gida txikiak.

  • Bisita interaktiboak.
  1. 1.Artea Erdi Aroan. Harria eta Enborra atalen bisita. Prerromanikoa, Erromanikoa eta Gotikoa aztertzen dira. Artelanak modu zehatzean ikertzen ditugu. DBH eta Batxilergoko taldeentzako proposamena da.
  2. 2. Artea Aro Modernoan. Aurrekoaren ezaugarri berak dituen bisita baina Errenazimenduan eta Barrokoan arreta jartzen duena, Taula eta Mihisea ataletan.
  3. 3. Harri bat, enbor bat, taula bat eta mihise bat. Museo osoaren bisita orokorra da, edozein hezkuntza mailari zuzenduta eta egokitua dagoena. Museoaren atal bakoitzeko areto bat ikusten da eta bertan topatu ahal den artelan mota aztertzen da (materiala, estiloa...). Lehen hezkuntza eta DBH.
  4. 4. Formen azterketa. DBH eta batxilergoko ikasleei zuzenduta dago eta zenbait artelan aztertzean datza, argia, konposizioa, materialak, kolorea, gaiak edo perspektiba bezalako elementuei erreparatuz. Horrela, artelan bat begiratzen ikasten da.
  5. 5. Sinesmenak formen bitartez. Gaietan, ikonografian eta artelan horiek egin zituzten pertsonen pentsamenduetan zehar egiten den ibilbidea. Erlijioko ikasleentzako aproposa.
    • Tailerrak
    1. 1.Santuak eta deabruak. Ongia eta Gaizkiaren arteko borroka gai unibertsalaren bitartez artelanak ezagutzean datza. Bi alderdi horiek ikonografia kristauko pertsonaien bidez sinbolizatzen dira, santuak eta deabruak. Tailerrean sorkuntza plastikoko jarduera bat proposatzen da: santu bat bere ezaugarriekin eta deabru bat egitea, bigarrena modu libreagoan eta irudizkoagoan, kartoiarekin, paperarekin, margoekin eta kolore eta egitura desberdinetako paperekin.
    2. 2. Erretaularen tailerra. Erretaulak euren osotasunean hobeto ezagutzeko aukera da. Museoaren erretaula garrantzitsuenetarikoak ikusteaz gain, rol joko bat prestatzen da, bertan, erretaula bat eratzeko prozesua antzezten da, erretaula baten puzzle erraldoia osatu behar duten artista eta artisau taldeak eratuz. Helburua da, alde batetik, lan konplexua dela ohartaraztea eta, bestetik, talde lana sustatzea.
    3. 3. Zilarraren tailerra. Liturgia objektuak ezagutzean datza: formak, materialak, teknikak eta erabilerak. Zilarraren saila ikusten da eta "manipulazio mahaia" izenekoan parte hartzen da. Hor, piezak zaintzeko segurtasun neurriak erabiliz, zenbait pieza ukitu daitezke eta xehetasunez begiratu ahal dira.
  • Museora joaten diren helduen ezaugarria heterogeneotasuna da, beraz, oro har kolektibo horretako bisitak talde bakoitzaren eskaera eta beharretara egokitzen dira. Horietako asko turistak dira eta, beste batzuk, ez dute museoa ezagutzen, joaten diren lehenengo aldia baita. Horientzako kontaktu bisitak antolatzen dira, ikuspen orokorra eta laburtua emate aldera. Beste heldu batzuk kurtsoak egiten ari dira edo behar zehatzak dituen elkarte batekoak dira. Hori dela eta, ibilbide eta eduki zehatzak prestatzen dira.

    Harreran edo telefono bidez eskatuz gero, nahi duen edonorentzat bisita iruzkinduak antolatzen dira museoan. Talde txikientzako bisitak dira, 2-10 pertsonako taldeentzat, kolektibo baten zati ez direnak eta pertsona horien interesetara egokitzen direnak.

    Taldeentzat edo banakako bisitariarentzat ere sarrerak egiten dira, museoaren ikuspegi orokorra emateko asmoz. Horiek atondoan egiten dira eta 10-15 minutuko iraupena dute.

    Azkenik, hirugarren adineko taldeentzat, eta bereziki egoitzetako eta eguneko zentroetako taldeentzat, Bisita interaktiboak zikloa sortu da. Mugikortasun edo arreta arazoak dituzten pertsonentzat diseinatu dira, hortaz, bisita motzak dira (45 minutukoak), hizkuntza erraza erabiltzen dutenak eta aulkiekin erosoago egoteko.

    Sei bisita dira: Katedrala, Harria, Enborra, Taula, Mihisea eta Zilarra izenekoak. Katedrala izeneko bisita eraikinean oinarritzen da eta gainontzeko 5ek museoaren 5 atalak jorratzen dituzte, atal bakoitzean bi areto bisitatuz. Bisita guztien helburua pertsona horiek estimulatzea da, iragana gogoratuz eta euren oroimena piztuz, bai eta artelanen bitartez gozaraztea ere. Bisita horiekin batera material didaktikoa ematen da azalpena aberasteko eta finkatzeko, hala nola, argazki zaharren albuma edo santuen pertsonaiak eta ezaugarriak biltzen dituen karta jolasa.