Museoak

Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa. Gasteiz

Elizbarrutiko Museoa sortzeko ideia XX. mendekoa da; orduan hasi ziren Apezpikutza Jauregiaren bulegoetan biltzen bildumako lehenbiziko obrak. Harrezkeroztik hainbat lekutan egon da: 1923an Kontzilio Apaizgaitegian "Elizbarrutiko museoa; bertan, elizari dagozkion arte objektuak erakusteko, behar bezala sailkatuta" inauguratu zen. 1930 eta 1936. urteen artean, Elizbarrutiko Apaizgaitegi berrian instalatu zen eta, 1942 eta 1999. urteen artean, Arabako Etxea, Museo Probintziala eta Arte Ederren Museoa bezalako instituzioen funtsean sartu zen, Augustin Jauregian zeudenak.

Bilduma osatzen duten obren jatorriak honakoak dira: Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Gotzaindegia eta Elizbarrutiko elizak. Kronologia hurrenkeraren araberako bost ataletan banatzen dira eta material edo teknika nagusien arabera izendatu dira: Harria, Enborra, Taula, Mihisea eta Zilarra.

Museoa Katedral Berrian dago. Eraikin neogotikoa da eta 1907an hasi zen eraikitzen; 1914 eta 1946. urteen bitartean obra geldirik egon zen eta 1969an kontsakratu zen. Barrualdea gardena da eta garaiera handiko bost nabe ditu; Maumejean Etxeko beirate bikainek argitzen dituzte nabe horiek. Tenpluan espiritualtasuna eta museologia uztartzen dira, izan ere, girolako kaperak museoaren areto bihurtzen dira.

  • Harria.

1 eta 2 aretoak. Prerromanikoa eta erromanikoa estiloei dagokio. Sail honetan Arabako kristautasunaren aztarnarik zaharrenetarikoak daude. Aintzinako errituen adierazgarri dira hemen ikus daitezkeen hilobi, estela eta aldareak. Tenpluak apaintzeko eta fededunei irakasteko erabiltzen ziren kapitelak, leihateak, mentsulak eta harburuak ere badaude.

Sail honetako obra nabarmenak hauek dira: Bolívarko hilarria, 926 eta 928 urte artean datatua eta Arabako gotzaindegia frogatzen duena; Zirianoko eskultura zati erromanikoak; loculusak dituzten San Julian de Kripango aldare oinak; Korreseko hilarria; Galarretako hilarria; deabru bat irudikatzen duen Ilarduiako Beltzeburen mentsula; estilo erromanikoa duen Langara-Ganboako leihatea.

  • Enborra.

3 eta 4 aretoak. Egurrean landutako eskultura gotikoak biltzen ditu, belaunaldiz belaunaldi fededunek gurtu dituztenak. XIV eta XV. mendeko obrak dira. Andra Mariak, Kristo Gurutziltzatuak eta herritarren jainkozaletasuneko santuak ikus daitezke, egurrezkoak eta urre eta kolore biziz polikromatuak. Erdi Aroko pentsamolde eta sinesmenen ispilu dira. Halaber, ohol gaineko pintura ikus daiteke.

Obra asko dira aipagarriak direnak: Gazetako San Mikel, San Martin Toursekoa, San Anton Abadea eta tenplete baten zatia; katedral zaharraren titularra den Gasteizko Santa Maria eskultura bikaina, 1278-1280 artean egindakoa eta Andra Marien eskultura multzoen buru izan zena; Lermandako San Joan Bataiatzailea alabastro inglesa; Martiodako Andra Mari Sorospenekoa, Hurtado de Mendozatarrek eragindakoa; Torturako erretaulako taulak.

  • Taula
.

6 eta 7 aretoak betetzen dituen atal honek, Flandrian jatorria duten artea eta erretauletan adierazten den bertako artea biltzen ditu. XVI. mendeari dagokio. Museoan dauden Flandriako artelanak erabilera pribatuko luxuzko objektuak ziren: triptiko bilduma eder bat, Hamaika Mila Birjinen erlikitegi bustoak eta Malinaseko zenbait poupée. Gainera Frankfurteko Maisuak egindako Ama Birjina Haurrarekin, Santa Katalina eta Santa Barbararen triptikoa ere ikus dezakegu, Orduñatik ekarritakoa.

Fontetxako erretaula errenazentista, Labrazako taulak, Juan de Anchietak Gasteizko San Mikelen parrokiarako egin eta bukatu gabe utzitako erretaularen eskulturak, Beaugrantarren tailerreko Santa Marina, etab., gure inguruko erretaulagintzaren erakusgarri onak dira.

  • Mihisea.

8 eta 9 aretoek artista barroko nabarmengarrienetako batzuek pintaturiko oihal handiak biltzen dituzte. XVII eta XVIII. mendeko artelanak dira guztiak. Ibilbidea estilo manierista duen obra batekin hasten da (El Grecoren San Frantzisko) eta nazioarteko pintura barrokoarekin jarraitzen du, besteak beste, José de Riberaren San Petri eta San Paulo, Luca Giordanoren San Joan Bataiatzailearen Predikua, edo Gaspar de Crayerren Kristo Hilaren gaineko dolua daude erakusgai.

Gainera, Espainiako eskolak Alonso Cano eta Juan Carreño de Mirandaren Sortzez Garbiaren mihisetan daude irudikatuta, bai eta Luis Salvador Carmonaren San Tomas Aquinokoaren irudian eta Pedro de Menaren eskulturetan ere.

  • Zilarra.

10 eta 11 aretoetan zilargintza obrak daude ikusgai, gehienak zilarra bezalako material nobleetan eginak. Objektu liturgikoen bilduma deigarri bat dago bertan: Prozesioko gurutzeak, ekisainduak, kopoiak, kalizak, pixideak, krisma ontziak, nabetak, erlikitegiak... XIII. mendetik hasi eta XX.era bitarteko artelanak dira.

Sail honetan artelan nabarmenak daude: Samaniegoko ekisaindua, dorre formakoa eta Errioxar tailer batetan egindakoa; Kexaatik ekarritako Adatseko Ama Birjinaren erlikitegia, Avignonen 1331-1340 bitartean zizelkatutako zilargintza lan bikaina; Kexaako kopoia, XIV. mendearen lehen herenean Venezian sortutakoa; Manzanoseko mexikar zilargintza lanak.

  • Liturgia.

5. aretoan espazio erlijioso bat dago errepresentatua: kapera bat. Marmolez egindako aldare neogotiko batean objektu liturgikoak jarri dira erabilera eta eginkizunaren arabera, asmo didaktikoarekin. XVI-XVIII. mendeetako zilargintza eta beztidura sakratuak erakusten dira. Hauek belusarekin, urrearekin eta zetekin eginda daude.