Biologoak

Echeandia Jimenez, Pedro Gregorio de

(1746-1817). Farmazeutiko eta botanikari ezaguna, Aragoiko botanika modernoaren lehen epealdi nagusian lan garrantzitsua burutu zuena irakaskuntza arloan. Iruñean jaio zen 1746ko urtarrilaren 4an.

Han hizkuntza ugari ikasi zituen (greziera, italiera, frantsesa eta latina) eta Teologia ikasketak burutu zituen hainbat urtez. Ikasketa horiek utzi eta Farmazia ikasi eta praktikatzeari ekin zion. Hala, San Cosme eta San Damian ikastetxeetan aritu zen. 26 urte bete zituenetik Zaragoza izan zen bere bizilekua. Han Zaragozako botikarien Ikastetxean sartzea lortu zuen eta 1772an hirian ziren bederatzi botaniketako bat esleitu zion aipatu ikastetxeak, hain zuzen, San Pablo kalean kokatzen dena.

1784tik aurrera Madrileko Erret Lorategi Botanikoko ordezkaria izan zen. Bere zeregina Aragoiko Erreinurako haziak, landareak, loreak, zuhaitzak eta zuhaixkak jasotzea zen.

1786an Pedro Echeandia Aragoiko Adiskideen Errege Elkarte Ekonomikoko (RSEAAP) kide izendatu zuten Antonio Ased medikuak aurkeztutako ekitaldian.

Francisco Otanorekin batera Madrileko Lorategi Botanikoko ordezkari izan zen Aragoin hazitako hazi, zuhaixka eta zuhaitzak biltzeko, eta lana burutzeko nahikoa baliabide ekonomiko ez zutenez, 1787an, urte horretarako botika-ikertzaile eta -bisitari gisa izendatuak izatea eskatu zuten. Arrazoi hori zela-eta Zaragozako Botikarien Errege Ikastetxeko alkate ikertzaile, Aragoiko Erreinuko botika-bisitaria, Madril eta Montpellierreko lorategi botanikoetako kide urgazle, eta RSEAAP elkarteko eta Sevillako Adiskideen Errege Elkarte Ekonomikoko merituzko kide izatea lortu zuen.

1796an bere burua eskaini zuen doan Elkarte Ekonomikoan botanika irakasteko eta Zaragozako Lorategi Botanikoa osatzeko hazi eta landare egokiak batu zituen. Horretarako, Aragoiko landare-materialak nahiz Valentzia, Sevilla, Madril, Bartzelona, Paris eta Amerikakoak erabili zituen. Urte horretako azaroaren 30ean katedradun izendatu zuten Ikastetxe Farmazeutikoan.

Bera izan zen Aragoiko Lorategiko lehen irakaslea eta 1797ko apirilaren 18an Lorategi Botanikoa eta Zaragozako Unibertsitateko Botanika eta Kimikako katedrak inauguratzeko ekitaldi publikoan "hasierako hitzaldia" berak eman zuen; urte horretan bertan lan bat argitaratu zuen eta hartako diskurtsoan agerian utzi zuen medikuntza, albaitaritza eta farmazia arloetako profesionalentzat botanikaren ikerketak duen garrantzia.

Hogei urtez aritu zen irakaskuntzan Independentziako Gerran jarduera hori aldi batez utzi arren. Urte horietan guztietan hainbat eta hainbat ikasle izan zituen, horien artean Mariano La Gasca Segura (1776-1839) nabarmendu behar da, garaiko botanikari garrantzitsuenetakoa. Horrez gain, azpimarragarria da Florencio Ballarin Causada (1801-1877) ere bere ikasle izan zela, gerora Naturaren Historiako katedradun eta Santiago Ramon y Cajal (1854-1934) ospetsuaren irakasle izan zena. Bere botika-atzea ere "katedra" bat eta solasaldiak egiteko leku aproposa izan zen. Han bere bizilagunei, Ganchoko parrokiako nekazariei, nekazaritzarekin lotutako botanika kontuak irakasten zizkien.

Zaragoza inguruko landareak aztertu zituen eta haiei buruzko katalogo argitaragabe bat utzi zuen, Flora Caesaraugustana izenburua zuena, izan ere, zoritxarrez katalogo hura galdu egin zen. Botanikaria hil eta ondorengo urteetan, bere ikasle Jose Gorriak lan hartako zatiak aurkitu zituen Zangozan, biltzeko paper modura erabili zirenak. Zorionez beste ikasle batek, Rudesindo Lozanok, laburpen edo aurkibide bat gorde zuen, 1861ean kaleratu zena Pardo Bartoliniren eskutik. Han 936 espeziei buruzko lokalizazioak eta loratze-garaiak adierazten ziren. Obra hartan ordura arte deskribatu gabeko hainbat espezie aipatzen ziren. Obra original horri esker, Aragoiko hiria izan zen bere florari buruzko katalogo bat izan zuen Espainiako lehen hiria; latinez zegoen, Carlos Linneoren sistemaren arabera idatzia, hau da, landarearen deskribapen osoa barneratzen zen, lokalizazioa, medikuntza-erabilera eta erabilera ekonomikoa jasota, halako lanetan Linneok eskatzen zuen moduan. Halaber, herbario eder bat osatu zuen. Pedro Echeandiaren lan argitaragabe eta zoritxarrez galdutakoen artean Comentarios a la materia médica de Cullen eta Sinonimia botánica lanak sailka daitezke. Zaragozako Lorategi Botanikoaren funtzionamendurako araudi bat idatzi zuen. Hura eta katedrei eusteko sortutako bitartekoak babesteko beste eskuizkribu bat RSEAAP elkartean ikusi zituen Hilarion Gimenok XX. mendearen hasieran.

Zailtasun handiak izan zituen arren, Pedro Echeandiak patataren laborantza barneratu ahal izan zuen Aragoin. Agronomia arloko saiakera garrantzitsu batzuk egin zituen hainbat espezie hartuta. Horri esker, sesamoaren, kakahuetearen, meloiaren, sandiaren eta gariaren laborantzan errendimendua hobetzea erdietsi zuen. Lorategi Botanikoan egindako saiakeren ondorio gisa Del cultivo del cacahuete en Zaragoza izenburuko lana aipa daiteke, 1800an argitaratu zena. Orobat, opio-belarra landu zuen opioa hazi eta inportazioa saihesteko asmoz. Ekonomia Elkarteko kimika-kabinetean hainbat lur eta elikagai ikertu zituen. Atzerriko goi-mailako zientzialarien teoriak hedatu zituen, esate baterako, Proust, Lavoisier, Baume edo Linneorenak, azken hori, gainera, biziki maite zuen. Horrez gain, William Cullen (1710-1790) eskoziarrak egindako Materia médica lanari buruzko aipamen batzuk egin zituen eta sinonimia botaniko bat taxutu zuen.

Bere testu gutxi gordetzen dira, horietako bat 1797ko monografia bat da: Memoria sobre el Maní de los americanos, Cacahuete de los españoles y Arachis hypogoea de Linneo.

Bere memoria betiko gordetzeko bere garaian eragin handiena izan zuen botanikariak, Casimiro Gomez Ortegak (1741-1818), Echeandia generoa osatu zuen haren oroimenez. Asfodeleas tribuaren hiru liliazeo amerikar barneratzen dira lan horretan. Horietako bat, Echeandia terniflora delakoa, Pardo Bartolinik Zaragozako Unibertsitatearentzat irudiztatu zuen laminan irudikatzen dena.

Zaragozako Botikarien Ikastetxean idazkari lanetan aritu zen eta gerora, baita maiordomo lanetan ere. Hala, jarduera korporatibo trinkoa garatu zuen eta hartako azken sasoia adostasun eta ebazpenen liburuan ikus daiteke. Aipatu liburua egun oraindik gordetzen den eskuizkribua da, zati batean Echeandia berak idatzi zuena eta Federico Vallesek aztertu zuena.

Azken urteetan Nafarroako botanikariak arazo ekonomiko larriak izan zituen. 1817an bere botika saldu eta San Lazaroko fraideek erosi zuten eta bere liburu eta eskuizkribuak enkante publikora atera ziren. Zoritxarrez enkante hartan haietaz jabetu zenak ez zituen behar bezala estimatu eta zaindu. Echeandiaren herbarioaren zati bat oraindik mantentzen da eta Aragoiko zaharrena izateaz gain, Espainiako lehenengotakoa da; 215 landare baino gehiago barneratzen ditu eta Zaragozako Aragoiko Adiskideen Errege Elkarte Ekonomikoan gordetzen da.

Bizi zela bere lanak ez zuen ia aitorpenik ukan. 1817an hil zen. 1856ko urtarrilean bere obra balioa hartzen hasi zen "La Unión Médica de Aragón" astekari profesionaleko lehen aletik; hilabete batzuk beranduago, aldizkari berean "Memoria sobre el Jardín Botánico de Zaragoza y su primer profesor" argitaratu zen. Biografia hori oraindik ez da hobetu, nahiz eta 1907an Aragoiko naturalistek berrargitaratu egin zuten Linneoren omenez osatutako liburuan. Sarrailh hispanista frantziarrak XVIII. mendeko bigarren erdialdean Ilustrazioko Espainian gehien nabarmendu ziren pertsonen artean kokatu zuen Echeandia.

Zaragozako Udalak hiriko semetzako izendatu zuen eta bere izena ipini zion San Pablo kalearekin bat egiten duten kaleetako bati; Borao errektoreak bere bustoa modelatzeko agindua eman zuen Lorategi Botanikoan jartzeko eta haren biografia osatzeko datuak pilatzeko eskatu zuen. Zientzia fakultateak areto nagusi zaharreko jakintsuen artean kokatzeko agindua eman zuen.