Abesbatzak

Donostiako Orfeoia

1896ko ekaineko egun batean, Abesbatza Elkarteko hogei abeslarik, Luzuriagaren agindupean, trena hartu zuten eta gero diligentzia Arrasatera iristeko; egun haietan Euskal Jaiak ospatzen ziren bertan. Donostiako Orfeoiaren talde aitzindaria zen, legez 1897ko urtarrilaren 21ean sortu zena.

Kronikek diotenaren arabera, hogei abeslari saiatu haiengandik sortu zen gaur egun arte iraun duen ideia: "euskal kantua zaintzea eta zabaltzea".

Luzuriaga eta Oñate dira lehenengo zuzendariak. Lehenengo bost urteetan, Orfeoiak oso errepertorio motza du: Brull-en Jota Navarra, Strauss-en Danubio Urdin Ederra, Muller-en Oh, Pepita, eta Boga, Boga herrikoia nabarmentzen dira beste hainbat lanen artean. Baina balantze artistikoa labur eta zehatz eginez gero, sortzaileei antolaketa-lan handia aitortzen zaie. Bosturteko horretan hogei kontzertu soilik eman zituzten, baina zuzendarien laurogeita hamasei bilera eta hogeita bederatzi batzar egin zituzten.

Lehenengo urteek taldea antolatzeko eta abesbatza-eremuan kokatzeko balio dute; laster, ordea, irizpideak bateratu eta helburuak ezarriko dituzte.

Orfeoiak ondo zehaztutako lau aldi ezagutu ditu bere historia luzean; aldi bakoitza bere zuzendariaren izaerak eta nortasunak markatu du: Secundino Esnaola, Juan Gorostidi, Antxon Ayestaran eta Jose Antonio Sainz Alfaro.

XX. mendearen hasieran ohikoak ziren abesbatzen lehiaketak, eta Donostiako Orfeoiak parte hartzen zuen, nola ez. Sari ugari dituzte garai hartakoak, eta 1906an iritsi ziren gorenera Parisko Grand Prix d"Honneur sariarekin.

1909an Esnaola maisuak garrantzizko erabakia hartu zuen Donostiako Orfeoiaren etorkizunerako: emakumeak sartzea eta ahots lodiko koroa koro misto bilakatzea. Horrek berekin ekarri zuen errepertorioa zabaltzeko aukera eta mundu sinfoniko-koralean zuzen-zuzenean sartzea. Ikusmin handiz, donostiarrek Bello Navíoren interpretazioa entzun zioten Donostiako Orfeoiari, lehen aldiz "andereñoak" zituela sopranoaren zatia abesten, haurren ordez. Arrakasta erabatekoa izan zen.

Esnaola maisuaren aldi horretan aipagarriak dira Donostiako Kasinoan Orkestra Sinfonikoarekin eskainitako emanaldiak, Arbós maisuak zuzenduta, eta baita Teatro Lírico-n eta Madrilgo Errege Antzokian eman zituzten kontzertuak ere.

Juan Gorostidi maisuari esker, Esnaolaren ondorengoa izan zena, abesbatzak nazioko eta atzerriko zuzendari handien eragina izan zuen, eta Europako nazioarteko jaialdi nagusietan aritu zen. Nabarmentzekoa da errepertorioa handitu egin zela; aldi hartan, zarzuelaren eta operaren eremura zabaldu zen.

Juan Gorostidiren heriotzaren ondoren, Antxon Ayestaranek hartu zuen abesbatzaren zuzendaritza, aurretik abesbatzaren zuzendariorde eta tenor izan zenak. Aurrekoen lan eskergari segida eman zion hark eta, gogo biziz, maila artistikoa etengabe hobetzea lortu nahi izan zuen. Harekin ugaritu egin ziren nazioarteko kontzertu-itzuliak eta, horren ondorioz, beste herrialde batzuetako entzuleen eta kritikaren aitortza lortu zuten. Haurren abesbatza sortu eta hari lehen bultzada eman zion; gaur bere izena duen musika-tailerra abian jarri zuen eta baita kantu-eskola bat ere.

Jose Antonio Sainz Alfarok hartu zuen Donostiako Orfeoiaren zuzendaritza 1987an, Ayestaran hil zenean. Baritono gisa sartu zen Orfeoian; 80ko hamarkadan elkarlanean aritu zen laguntasunean Antxon Ayestaran taldeko nagusiarekin -haren laguntzaile izan zen berehala- eta zuzendariorde izendatu zuten. Sainz Alfarok ahots gazteekin berritu zuen abesbatza, eta eutsi egin zion aurreko zuzendariek lortutako musika-maila altuari. Abian jarri zituen haurren abesbatza eta biolinaren eta biolontxeloaren ikasgelak.

Azken urteotan partitura berriak sartu dira Donostiako taldearen errepertorioan; besteak beste: Bruckner-en Meza Fa minorren, Enescoren Oedipe, Menotti-ren Brindisiko apezpikuaren heriotza, Stravinskyren Oedipus Rex, Gounod-en Mors et Vita, Rachmaninov-en Bezperak, Franck-en Redemption, Mendelssohn-en 2. Sinfonia edo Elgar-en Geroncioren ametsa.