Jaialdiak-Ekimenak

Donostia Zinemaldia

Euskal zinegileen, euskal zinearen eta Donostiako Jaialdiaren arteko harremana estua izan da sariketaren historian zehar. Herrialdeko zineak ezin zion Donostiak eskaintzen zuen erakusleiho dirdiratsuari eta nazioarteko oihartzunari muzin egin. Euskal zine garaikidearen oinarri izan den Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen Ama Lur (1968) filma, jaialdian lehiaketatik kanpo aurkeztu zen Astoria zineman, ikuslegoak egiten zituen keinuak arretaz zaintzen zituzten poliziez inguratuta. Ikuslegoak txalo zaparrada zabal batez eman zion amaiera filmari eta zinegileek Gipuzkoako Ateneo Saria eskuratu zuten. 1973an beste euskaldun batek egin zuen jaialdiaren historiarako jauzia. Víctor Ericek Urrezko Maskorra lortu zuen El espíritu de la colmena filmarekin. Modu horretan, Espainiako film batek sari preziatua irabazi zuen lehen aldiz. 1977ko edizioan euskal zinegileek zentsuraren bazterketa eta askatasun giro berria baliatu zituzten. Euskal filmen ziklo bat eta "Euskal Herriko Zineari buruzko Lehen Elkarrizketak" antolatu ziren.

Halere, ekimen hau polemika batek bildu zuen, izan ere, zinegile batzuk Jaialdiari Euskadiko zinea baztertzea leporatu zieten, baina, kontuak kontu jardunaldi horiek aurrekaria izan ziren dudarik gabe Zinemaldian laurogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdiaz geroztik antolatzen den euskal zinearen maratoiak finkatzerakoan. 1979ko edizioan euskal zinea berriro ere protagonista izan zen El proceso de Burgos-Burgosko prozesua film polemikoarekin. Oraindik bizirik zirauten frankismoaren aztarnak filmaren proiekzioa debekatzen saiatu ziren, baina presio ugari jasan ondoren, Uribek bere lana erakustea lortu zuen. Bere kemenak izan zuen saririk, izan ere, dokumentalak Perla del Cantábrico Saria jaso zuen.

Laurogeigarren hamarkadaren lehen erdialdean, sariketak A maila galduta une latzenak igarotzen zituelarik, Donostia euskal zine modernoaren leherketaren lekuko pribilegiatu izan zen. La fuga de Segovia-Segoviako ihesa filmak ikusmin handia sorrarazi zuen 1981eko edizioan aurkeztu zenean. La conquista de Albania-Albaniako konkista (1983) filmaren estreinaldia 24 orduz atzeratu zen eta aurrezarritako programaketa moldatu egin behar izan zen, filma lehendakariak, Carlos Garaikoetxeak, ikusi ahal izateko. Eta Tasio (1984), Kalabaza tripontzia (1985), 27 horas-27 ordu (1986) edo Ke arteko egunak (1989) bezalako filmek sari ugari lortu zituzten laurogeigarren hamarkadan zehar. Baina laurogeita hamargarren hamarkada izan zen Donostian, Euskal Herriko zinearen urrezko aroa, izan ere, hiru euskal zuzendarik lau Urrezko Maskor lortu zituzten. 1990ean Montxo Armendarizek lortu zuen Las cartas de Alou filmarekin, erabaki eztabaidagarria izan zen, izan ere, Sail Ofizialean erakutsi zen Pelikula Onenaren saria jaso zuen Coen anaien Miller's Crossing filmari kendu baitzion maskorra.

Hurrengo urtean Juanma Bajo Ulloak lortu zuen saria Alas de mariposa-Tximeletaren hegoak opera prima bikainarekin. Azkenean, Imanol Uribek ere lortu zuen Urrezko Maskorra Días contados filmarekin 1994ean eta Bwana filmarekin (Gillies Mackinnon zuzendariaren Trojan Eddie filmarekin batera) 1996ean. Modu horretan, jaialdiak euskal zineak urteen poderioz eskuratutako maila bikaina aitortzen zuen. 2003an La pelota vasca-Euskal pilota filmarekin askatu zen polemikaren ondorioz, zinemazaleek Ama Lur edo El proceso de Burgos-Burgosko prozesua filmekin jasandako jazarpen politikoaren oroitzapen mingotsa berreskuratu zuten.

1997tik aurrera, herrialdeko zinegileen eskari gero eta indartsuagoaren eraginez, Euskal Zinearen Eguna barneratu zen jaialdiaren programaketan, horrenbestez, urteko euskal ekoizpena ikusteko aukera zabaltzen zen. Edonola ere, sariketa neurri handi batean Euskadiko kapitalari esker finantzatzen denez eta Euskadiko zineak urteen poderioz maila aipagarri bat izatera eraman duen aurrerapen nabarmena izan duela kontuan hartuz, oraindik ere, Donostiako Jaialdiaren barneko sail ezberdinetan euskal zinearen hutsunea nabaritzen da. Euskal zinearen kalitatearen eta sariketako sail garrantzitsuetan (Sail Ofiziala, Zabaltegi, etab.) duen presentzia eskasaren arteko desoreka, etorkizunean Zinemaldiak zaindu beharreko alderdia da. Gauzak horrela, harrigarri suertatzen da Donostiak Latinoamerikako (Zinema eraikitzen) zinemagintzaren ekoizpenari laguntza emateko sail bat izatea eta Euskal Herriko zinearentzat halako azpiegiturarik ez izatea.

57. ekitaldian (2009) oso urrats garrantzitsua eman zen nazioarte mailan euskal zinemagintza sustatu eta ezagutzera emateko Zinemaldia erakustoki egokia izan zezan. Betiko Euskal Zinemaren Egunari arreta berezia eskaini zitzaion eta horrela sail berezia sortu zen, hots, Zinemira-Panorama del Cine Vasco. Sail horren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, Zinemaldian euskal zinemagintzaren presentzia areagotu egin nahi zen. Zinemira jaialdiaren egitarau nagusian ageri da eta ekitaldi osoan barrena pelikulak eskaintzen dira. Zinemiraren egitarauan urte horretan euskal zinemagintzak kaleratutako pelikularik onenen artean hautatze batzordeak aukeratutako zenbait filma eskaintzen dira. Victoria Eugenia Antzokian Euskal Zinemaren Festa burutzen da eta Zinemira Saria ere banatzen da. Sari horren xedea euskal zinemagintzan nabarmendu den pertsonaiaren bat gogora ekartzea da. Lehen saio horretan Imanol Uribek izan zuen ohore hori.