Arkitektura

Donamariako dorrea

Donamariako gotortutako dorrea, XIV. eta XV. mendeen artean egin zena, talaia bakun batean altxatzen da, leku pribilegiatuan, ibaia eta bide baten ondoan, eta isolatua edo bereizita dago. Oinplano angeluzuzena, ia karratua, dauka eta lau solairu ditu. Lehenengo bi solairuak harrizkoak dira; eraikuntza materiala kareharria eta harlanduzkoa da. Goiko partean agertzen den materiala, aldiz, egurra da, pagoa eta haritza, hain zuzen. Erremate gisa, lau isurialdeko teilatu batek koroatzen du multzoa.

Beheko pisuan, hau da, zoru mailan, sarbidea irekitzen da; erdizirkulo arkua dauka eta baogunea dobela handiekin inguratuta dago. Horretaz gain, gezi-leihoak, defentsarako, eta hainbat leiho angeluzuzen, ondorengoak direla dirudi, agerian daude. Gorputz honen izaera itxia da, irekidura gutxi baitauka eta, lehen aipatu den bezala, Erdi Aroko dorreen babes-egitura gordetzen da.

Harrizko gorputz honen gainetik nagusitzen den multzoa oholtza edo zurezko egitura da. Dorrearen osagai nabarmenena eta garrantzitsuena da, antzeko beste multzo batzuekin konparatuta hobeto gordetzen baita eta antzinako tradizioari, XV. mendearen aurrekoa, jarraitzen baitu.

Lehen esan den bezala, defentsarako izateaz gain, etxebizitxarako, hau da, bizileku izaera nabaria zuen eta, nahiz eta jatorrizko antolamendua ez mantendu, funtzio hau sumatzen da barruko partean.

Antzinako barneko antolamendua aztertzen bada, nekazari-zereginak bete dituela baiezta daiteke. Beheko solairua ukuilua edo abererako gunea zen. Lehenengo pisuari, solairu nagusia zena eta etxebizitzarako asmatuta zegoena, kanpoko eskailera gehitu zitzaion XVI. edo XVII. mendean, sarrera nagusia sortuz. Bigarren eta hirugarren pisuak, jatorrizko oholtza zegoen gunea, garautegia eta lastategia ziren.

Gaur egun, jatorrizko osagai batzuk, zurez egindakoak gordetzen dira, hainbat habe, oholtzaren armazoi atal bat eta lurra.