Kontzeptua

Dance-a edo Makil Dantza

Fustiñanako Makil Dantzaren azken saioa 1901ean egin zen. Jakina zen zortzi dantzariez gainera artzainen nagusia eta artzaina aritzen zirela, eta herritar batzuek gogoan zeuzkaten ateraldietako batzuk ere. Gainera, Agustina Arrondo andreak makilari jantzi bat zeukan gordeta. Txaleko hori bat zen, punta borobilak zituena. Aurrealdea ehunezkoa, eta bizkarra, satinezkoa, eta botoi txiki batzuk zeuzkan jarrita, apaingarritzat, urre koloreko bi xingolen artean. Botoientzat ez da zulorik. Txalekoak poltsiko bat du goiko aldean ezkerrean, eta estutzeko trabilla bat, atzean. Galtzamotzak arrosa margul batekoak dira: parpailak ditu, kaskabiloak (seina, hanka bakoitzean) eta xingola urdin brodatua, erremate gisa. Honako hauek dira jantziaren beste osagaiak: buruzapia, galtzerdi luzeak eta zintadun espartinak. Dantzen errepertorioa osatzeko, ondoko Talamantes herrikoa hartu zen eredutzat, ikusi baitzen gutxienez hiru doinu bat zetozela Aita Donostiaren Lekarozko artxiboan "Paloteo de Fustiñana" izenburupean gordeta zeudenekin. Ebro ondoko herriak San Justi eta San Pastor zaindarien jairako berreskuratu zuen makil dantza, 1979an. 1995etik, halere, ez da berriro egin.

Monteagudoko Dance-a 1989an birsortu zuten, Gamazadagatik eskaini zen antzezpen historikotik (Joselico Jarauta ospetsuaren bertsoekin, zeinak Jimeno Juriok ikertu baitzituen 1973an) mende bat eta bost urtera. Monteagudoko gazteek Tuterako Muga kultur elkartearen laguntza eskatu zuten. Elkarteak Moncayo mendiaren oineko herrietako dantzak aztertu zituen. Gero, partitura berriak eskatu zizkien Jose Luis eta Elena Fraile Iruñeko gaiteroei, eta forma eman zitzaien musikari eta koreografiari, beti ere Monteagudoko herriaren izaera kontuan edukita. Jantziak euskarri dokumental sendoagoa zeukan, eta egiaztatutako bi bertsioetan egin zen: beltzezko jantzia, dianarako, eta zuria, funtzio nagusirako (galtzamotzak, galtzerdi kalatuak, zinta gorridun espartinak, gona motza, gerriko gorria, alkandora, txalekoa urre koloreko ertzekin eta buruzapia). Kortesiez eta ibilaldiaz gainera, honako hauek dira dantzak: makil dantzak (quemao, sinfín eta palos modorros), pikodunak eta arku dantzak.

Inocente Aguado jaunak 1972an argitaratutako lana izan zen Murchanteko Makil Dantza birsortzeko abiapuntua. Lanak dantzen deskribapenak zituen barruan, eta partiturak, pertsonaien xehetasunak eta ateraldien bilduma. Funtzioa makil dantza batekin hasten zen. "Yéndome yo" zuen izena. Gero, parte dramatikoa zetorren, eta, azkenean, pikoak, arku dantza eta gaztelua. Pertsonaiak funtzioari dagozkionak ziren: artzainen nagusia, artzaina, aingerua eta deabrua. Aguadok aipatzen du dance-a kontratatua izan zitekeela inoiz, hau da, Murchantez kanpoko talderen batek antzeztua.

Berriemaile batzuen arabera, Ribaforadako Makil Dantza San Bartolomeren omenez egiten zen. Funtzioak hamabi dantzari zituen, ez baita ohikoa. Prozesioari laguntzen zioten goizean, eta funtzioa antzezten zuten, arratsaldean. Hor, artzainen nagusia, artzaina, aingerua eta deabrua aritzen ziren, eta udal bandak jotzen zuen musika. Artean joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, herritarrik zaharrenek gogoan zeuzkaten ezkutatutako elkarrizketen eta hitzaldien pasarte batzuk. Ribaforadan, dantza berpizteko ahaleginak beste zailtasun bat jasan zuen: gutxien dokumentatutako makil dantzetako bat zen. Halere, berrosatu eta 1975ean aurkeztu zuten. Makilariak zortzi dira. Hona haien jantzia: alkandora eta gona motz zuriak, gerriko beltza, eta satinezko zapi granatea, bularrean gurutzaturik. Prozesioko kortesiek eta Ribaforadako Jota berriak atea irekitzen diote emakumearen parte-hartzeari. Arratsaldean, funtzio osoa egiten da jendez betetako plazan. Hor, pertsonaien hitzaldiak entzuten dira, eta, horiekin aldizkatuta, makil dantzak (acelerao eta la vuelta), pikoak, arku dantza eta dorrea edo gaztelua egiten dituzte.