Kontzeptua

Dance-a edo Makil Dantza

1978ko San Joan eguneko jaian, Nafarroako Erriberak berriki berreskuratutako makil dantzen saileko lehena estreinatu zen. XX. mendearen azken laurdenean berreskuratu dira dantza horiek, batzuetan bost mendeko antzinatasuna duten agirietan oinarrituta. Tuterako San Joanen Makil Dantza edo dance-a ospakizun konplexua da, eta, haren sortzaileen iritzian, kutuna eta perfektua. Jaian, honako hauek izaten dira: Estruendoa, Diana dantzatua, Erroskoaren Dantza, Santuaren harrerako Kortesiak, Prozesioa eta, azkenik, Makil Dantza. Dantza oholtza baten gainean antzezten da. Oholtza Robles Pintado kalean ipintzen zuten lehen, eta, gero, Berrinche parkean. Makil Dantzaren protagonista gehienak Tuterako Lourdes auzoko bizilagunak izaten dira, eta, horregatik, Lourdes auzoko Makil Dantza ere deitzen diote. Estreinatu zenetik, dantza beti San Joan egunean egiten da, santu hori baita auzo ospetsu eta gazte horretako zaindaria. Hiritar-itxura badu ere, Tuterako Dance-ak auzoan eta auzorako sortu izanari zor dio arrakasta. Dantza, beraz, jatorrizkoaren antzera birsortu da, eta haren oinarrizko arauetako bat betetzen du: ikuslea beharrezko, konplize eta partaidekide da beti.

Zortzi dantzariak, Artzainen Nagusia, Artzaina, Aingerua eta Deabrua ez ezik, makil dantzak beste pertsonaia batzuk ere sartu zituen: Tarambana, zeina bufoi maltzur baten antzekoa baita, eta auzoko zipotegato-en ahaidea; Alkatea, hau da, botere zibilaren ordezkaria, eta La Pepa, zeinak erantzun egoki eta zorrotzak ematen baitizkio hari, herri xehearen eledun eta ordezkari gisa.

Dantzak Tuterako San Joan Bataiatzaileko dantzari taldeak konposatu zituen, eta musika, berriz, Erriberako hiri nagusiko Udal Musika Bandaren zuzendari ohiari zor zaio, Mariano Hernández Magaña jaunari. Honela dago osaturik sail osoa: diana dantzatua, erroskoaren dantza (dantzariez gainera, hamabi neska aritzen dira hor), kortesiak, ezpatazko eta ezkutuzko prozesio-dantza eta, oholtzaren gainean, lehen makil dantza, arku dantza, bi piko (bakuna eta bikoitza) eta bigarren makil dantza, jota kutsukoa.