Pintoreak

Cruzado Basañez, Luis

1902ko ekainaren 23an Gasteizen jaiotako pintore, marrazkilari eta eskultorea.

Nerabezaroan Baionan (Frantzia) bizi izan zen eta, itxura batean, Gerra Handia lehertu zenean han bizi zen familiarekin. Donostiako biztanle izan zen hainbat urtez eta, idatzi denez, 1931ean Voz de Gipuzkoa egunkariko marrazkilaria zen. Nicolas Mugica eta Mauricio Flores "Kaperotxipi" pintore euskaldunak ezagutzen zituen. Arabako Ajuria makinaria enpresak haren zerbitzu profesionalak eskatu zituen 1933an. Han, marrazketa industriala, diseinua eta maketazioa jorratu zituen.

Agerraldi publikoak apenas egin zituen, horrenbestez, bere obra artistikoa oraindik ez dute ezagutzen zale nahiz espezialistek. Garcia Diezek adierazitakoaren arabera, paisaia, erretratua eta, are, margolan historikoak lantzen zituen. Hala:

"Luiz Cruzadoren obra interesgarriena berehalakoa, azkarra, pertsonala eta fantastikoa da. Konposizio barrokoa erabiliz egindako pinturen artean, araua zorrotz betez landuak, gaiaren originaltasuna azpimarratu behar da, gai tradizionaletik oso urrun. Azken multzo horretan sartzen da Pascual de Andagoya arabarrari egindako erretratua, 1957koa; margolan horretan artista marrazkilari eta pintore arteko mugan ageri zaigu"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bere margolanetako bat, La Gaviota izenekoa, Arabako Pintura Garaikidea 1 (1960 arte) erakusketa antologikoan paratzeko hautatu zuten. Ofizialki, erakusketa kolektibo hura Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialaren San Prudentzio Aretoan inauguratu zen 1984ko irailean.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990, 285 eta 286 orr.