Pintoreak

Colin, Charles Henry Jean

Margolari paisajista, eskultore, poeta eta musikari, Ziburun (Lapurdi) jaio zen 1863an, eta udalerri berean hil 1950ean.

Gustave Colin margolariaren seme izaki, bere aitarengandik jaso zituen lehenengo eskolak, eta, gerora, Parisen zabaldu zituen ikasketak Humbert et Gervex akademian 1885 eta 1890 artean.

Euskal Herriko eszenak margotu zituen, bereziki Ziburukoak eta Donibane Lohizunekoak, itsasoa eta zezenketak. Ziburuko alkateorde hautatu zuten 1892an, eta, 1902an, Ezpeletako bake-epaile. 1922an Euskal Museoa sortu zenean, Art et Décoration batzordeko presidenteorde izendatu zuten. Musikari eta olerkari gisa, zenbait melodia, abesti, erlijio-abesti eta Gabon-kanta konposatu zituen, bai eta pastoral batzuk ere, Etienne Decrepten hitzekin (Amatchi, Leyorrian, Semetchia, Eginbidia, Etchezahar, Alaba, Etcheko Angerua, Maitena).

  • 1887: Paris; Course de taureaux à Saint-Sébastien aurkeztu zuen Salon des Artistes Français-en.
  • 1891tik 1908ra: Paris; erakusketa egin zuen Salon de la Société Nationale-n.
  • 1907: Pau, urtarrilaren 15etik martxoaren 15era; Métairie à Eyheralde eta Entrée de la Gorge de Banca lanekin parte hartu zuen "43e. Exposition de la Société des Amis des Arts" erakusketan.
  • 1923: Donibane Lohizune; erakusketa bat egin zuen Group des Neuf taldearekin (Arrue, Choquet, Domergue, Godbarge, Labrouche, Masson, Ribera eta Virac).
  • 1927: Baiona; erakusketa bat egin zuen Group des Neuf taldearekin, eta Coup de Vent, Temps d'ouest, Quite a la corrida, Les Bains de Ciboure eta La Plage de Ciboure aurkeztu zituen.
  • 1932: Baiona; formatu txikiko koadroen erakusketa batean parte hartu zuen Madim galerian Arruerekin, Elizagarekin, Labrouchekin, Massonekin, Riberarekin eta Veyrinekin.
  • 1933: Donibane Lohizune, Ducontenia etxea; bere lanetako batzuk aurkeztu zituen.
  • 1994: Donibane Lohizune; Colinen bi oliok, Partie de pelote au fronton de Ciboure eta Partie de pelote à Sare lanek, parte hartu zuten "L'Art et la Pelote" erakusketan.

Le Camarero dans la rue Pocalette (olioa kartoi gainean), Incendie à l'Opéra (Bonnat museoa), Jeune fille sur un muret (olioa zur gainean) eta La mer.

Etienne Decrepten Maitena pastoral lirikoaren musikaren egilea da; Bilbon argitaratu zen 1909an.