Dramaturgoak

Decrept, Etienne

Dramaturgo, pintore eta dekoratzaile lapurtarra, 1868ko azaroaren 1ean Baionan jaioa. Bidarten hil zen 1938ko maiatzaren 8an, hirurogeita hamar urte zituela.

Euskal gaia ardatz hartuta egindako Maitena operaren egilea da. Tamaina handiko obra handia da, ekialdeko Euskal Herriko aztura antzinako eta modernoak islatzeko xedea duen ziklo bateko parte dena.

Decrept Eskualzaleen Biltzarreko presidente izan zen 1912ko irailaren 28az geroztik (Donapaleu) eta Association des Amis du Basque elkarteko presidente ere izan zen 1920ko irailaren 30ean Uztaritzen egindako kongresura arte. Aurrez, Dekorazio-artea ikasi zuen Parisen. 1900. urtera arte bizi izan zen Frantziako hiriburuan.

Euskal Herrian eta Biarnon, besteak beste, elizak dekoratu eta berriztatzen aritu zen. Bere aita ere lan berdinetan aritua zen. Dena den, antzerki lirikoan nabarmendu zen batez ere. Maitena (landa-alegoria) 1909an estreinatu zen Bilbon. Bi ekitaldiko obra zen eta Charles Colinen musikaz beztitzen zen. Arrakasta handia ukan zuen debut horretan. Bilbon estreinatu ostean, Gasteiz, Iruñea eta Donostian ikusi ahal izan zen. Ondoren Hendaian (1913), Madrilen (1928), Hosseegorren (1930) eta Donibane Garazin (1931) antzeztu zen. Obra horren ostean Amatchi (nekazal munduko alegoria) etorri zen 1913an, hau ere Colinen musikarekin. Donostiako Orfeoiari eman zitzaion hura interpretatzeko enkargua eta, beranduago, Bilboko Koruari. 1936ko gerra zibilaren ondorioz, obraren prestakuntza eszenikoa bertan behera geratu zen. Azkenik, Leyorrian (kostaldeko alegoria) bigarren ekitaldia aldatzeke geratu zen. 1914ko gerran zehar, Semetchia ekoitzi zuen, orduan ere Charles Colinen musikarekin. 1921ean antzeztu zen Donibane Lohitzunen eta Gerra Handiko zoritxarrak arintzeko funtsak erdietsi ahal izan ziren hari esker. Egoerak baldintzatutako obra horren atzetik, Decreptek Lili (industria giroko alegoria) ekoitzi zuen, musikarik gabe geratu zena. Hil ostean ere bere hainbat obra agertu ziren: Eginbidia hiru ekitaldikoa, Mandozaña hiru ekitaldikoa, Etchezahar hiru ekitaldikoa, Alaba (amaitu gabe) ekitaldi bakarrean, eta Etcheko Angerua bi ekitaldikoa (bukatu gabea). Decreptek euskaraz sortu zuen, eta ez soilik antzerkigintzan, ipuinak ere idatzi zituen euskaraz, esate baterako 1913an Euskal Esnalea aldizkarian kaleratutako Pello.