Politikariak eta Kargu publikoak

Canovas del Castillo Vallejo, Antonio

Espainiako politikaria. Malagan jaio zen 1828. urtean eta Arrasaten zendu zen 1987an.

Hemeretzigarren mendeko Espainiako politikako pertsona nabarmena, Euskal Herriarekin oso estu lotuta dago bai gai profesionaletan, bai gai pertsonaletan, batez ere, Fermin Lasala y Colladorekin zuen laguntzari esker (Fermin Lasala y Urbieta donostiarraren, Madrilgo Gorteko euskal politikari ordezkarietako baten, semea). Canovas gaztea eta Fermin Lasala y Collado (Mandasko dukea izango zena) Madrilgo zirkulu akademikoetan ibili ziren 1845ez geroztik, eta orduan egin ziren lagun. Hain zuzen ere, 1897ko udan, Santa Aguedako bainuetxean Malagako politikaria hil arte izango ziren biak lagun.

Urte horietan, Historia, Zuzenbide eta Jurisprudentzian ikaslagun izateaz gain, tertuliako taldekide ere izan ziren. Hain zuzen ere Madrilgo XIX. mendeko berrogeiko hamarkadako kafetegiak eta Politika arloko beste berriketa-leku batzuk bisitatzen zituzten talde konpaktua osatu zuten.

Trebakuntza intelektual eta politikoaren garaia hori Antonio Canovas del Castillorentzat 1848 eta 1854 artean izango da. Bi data horietako lehenengoan, Cafe Suizo kafetegiko tertulia hasi zen; bertan, Mier anaiak, Fabie, Gutierrez del Alba, Fermín Lasala y Collado eta Antonio Canovas del Castillo bera ere ohiko hizketakide izango dira, garaiko Madrilgo beste kide intelektual batzuekin batera.

Tertulia horietako kide bati esker (Carlos Manuel O'Donnell, O'Donnell jeneralaren iloba), Antonio Canovas del Castillok 1845tik lortu nahi zuen aukera profesional handia lortuko du. Oraingoan militar horren artxibo pertsonala ordenatzeaz arduratuko da; izan ere, gaian aditua den norbaiten laguntza behar zuen, ilobaren ustez itzelezko lan hori egitea ezinezkoa izango baitzen bestela. Hala, Canovasek ibilbidea hasi zuen, jakintsu eta historialari gisa eta politikari gisa aldi berean, XIX. mende erdialdean Espainian dagoeneko lider nabarmenetakoa den haren itzalpean.

Hain zuzen ere etapa horretan hasiko da Antonio Canovas del Castillo Historiarekin lotutako jarduera intelektualarekin batera ibilbide politikoa egiten, batez ere Cafe Suizo kafetegiaz gain beste Madrilgo tertulia ugaritara joanda. Horietako batean, 1849an "La Esmeralda" lokalean (Madrilgo Montera kalean) egindakoan, Espainiako politika arloko gizon handi batzuek arreta jarriko dute harengan. Joaquin Maria Lopezek, alderdi progresistako liderrak, bileretara gordeka joaten zenak, esaterako, zalantzarik gabe esan zien gainerako kideei Malagako historialari gazteak egunen batean berak duela sei urte utzitako Gobernuko presidentearen aulkia hartuko zuela.

Iragarpena erabat zuzena izan zen, data horietan, Antonio Canovas del Castillok ibilbide politiko nekaezina egingo baitu, okupazio akademiko eta intelektualen emaitzak nabarmen markatuta, bestalde. 1854an, O'Donnellen alderdiko lerroetan gora egitea gero eta nabarmenagoa zen bitartean, bera aztertu duten espezialista batzuek egotzi dioten Espainiako iraganaren ikuspegi ezkorra ere sendotu egingo da. Ikuspegi hori batez ere lan historiografikoan ikus daiteke: Historia de la decadencia española, Felipe III.aren eta Felipe IV.aren erregealdietan oinarritutakoa. Lan horrek zehaztuko du 1854 (lehen obra hori argitaratu zen urtea) eta 1877 arteko bere jarduera politikoa, neurri handi batean.

Espainiako aukera politikoen gaineko ezkortasun menderaezinak mediatizatutako jarduera politikoaren sintoma nabarmenak dira ondorengo hauek: monarkiaren aldeko apustua (1868an "Gloriosa" izeneko iraultzak zabaldutako prozesuari bidea ireki zion Errepublikaren aurrean), bizitza publikotik ateratzea, Sandhursten itunean edo agirian azalduko den konspirazio-jardueran babestuta (horren bidez, 1874an Isabel II.a erbesteratuaren oinordekoari, Alfontsori, Espainiako koroa eta tronua eskaini zitzaizkion). Hain zuzen ere, Canovasek aukera horiek murriztu zituen, 1854tik, "Vicalvarada" izeneko garaipenaren ostean, eta horren ordez boterean Liberalismoaren joera moderatuen (O'Donnellen lidergoarekin orduz geroztik kide da bera) eta joera progresisten txandakatze baketsua egiteko aukera hartu zuen.

Proiektu politiko hori Manzanareseko Agirian eta Batasun Liberalean bertan ere ageri da. Manzanareseko Agiriarekin 1854ko altxamendu iraultzaile liberala justifikatzen da (normalean Canovas gazteari egozten zaio osorik, O'Donnellek sartutako xehetasun txiki batzuk izan ezik), eta Batasun Liberala jeneralak sortu zuen moderantismoko eta progresismoko elementuak biltzeko, eta horietatik aterako dira Espainiako kontserbadurismoaren irudi maximoetako batzuk, hala nola Canovas bera eta tertuliakide izandako Fermin Lasala y Collado.

Espainiako Historiaren ikuspegi ezkorrak kutsatutako programa politiko horrek eraginda, herrialdean izan daitekeen parlamentuko jarduera politiko oro Liberalismoaren adar ugariak (neurri txiki edo handian hitzartuta) boterean txandakatzera mugatzen da, eta hori nabarmendu besterik ez da egingo. Biurteko progresistaren garaian eta O'Donnellen mendeko Espainian, Canovas gizon politiko gisa hazten den heinean, ezkortasuna indartu egingo da. Azkenean, 1866an militarrak kargua utziko du alderdi moderatuaren presioaren ondorioz eta 1868ko iraultzarekin amaituko da.

Urte horietan, Canovasek hainbat gobernu-kargu izango ditu, garrantzi nabarmenekoak. Cadizeko gobernadore zibila izango da, esaterako, baita Gobernazio ministro ere 1864an, edo Itsasoz Haraindiko ministro ere, 1865an.

Azken kargu horretan gero eta joera kontserbadoreagoa duen pentsamolde politiko horren arlo gogorrenak erakutsiko ditu, eta ez du zalantzarik izango Kuban eta Puerto Ricon esklabotza mantentzeko, Europako beste potentzia batzuetako Manumisioaren joera orokorrari aurre eginda.

Neurri gogorra izango da, parlamentuko laguntza izango du; ez lehen aldiz, ezta azken aldiz ere, besteak beste, Fermin Lasala y Collado tertulietako agun zaharrak babestuko du. Bestalde, Fermin Lasala y Colladok data horietan Espainiako diputatuen Kongresuan bihotzetik egindako dolumin-diskurtsoa egingo du, Abraham Lincoln Estatu Batuetako presidentearen heriotza dela eta, esklabotzaren erabateko abolizioaren babesleen ordezkari, antonomasiaz.

1874an Borboitarrak berrezartzearen egile nagusietako bat izanik, Antonio Canovas del Castillok 1854tik itxura hartzen hasita zegoen bi alderdi liberalen arteko txandaketa baketsuko sistemaren saiakera praktiko eta erreala egin ahal izango du. Kasu honetan Sagasta liberala eta Canovas bera buru duen liberal-kontserbadorea izango dira. Uneko Europako politikaren ordezkari nagusietako batzuen ikuspegitik, horren emaitzak oso onak izango dira, eta hala adieraziko du Otto Von Bismarckek, sistema canovista horri laudorio egingo baitio. "Burdinazko kantziler" deitutakoak ez du zalantzarik izango, badaki Antonio Canovas del Castillok duen neurri politiko eta intelektuala dela eta, gai izango dela garaiko Espainia asaldatuari egonkortasun politikoa emateko. Izan ere, 1789an hasitako "Iraultzen aroa" izeneko garaian ohikoa zen aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialean sartutako Europako beste edozein estatu gainditzen duen alderdien borrokak aztoratzen zuen ordura arte Espainia. Konfiantza-keinu horren ondorioz, hain zuzen ere, 1877ko Alemaniako II. Reich-arekin hitzarmen diplomatikoa izango du, eta zehaztugabea izan arren, lasaigarria izango da, 1873an hirugarren gudu karlista hasi zenetik nazioartetik erabat isolatuta egon baita Espainia.

Horrelako hitzarmenei esker, eta Espainian monarkia konstituzionala ezartzeari babes argia emategatik, Canovasek, plataforma politiko sendotu horretatik, 1868an hasitako aldi iraultzaile eta errepublikazale laburraren ostean berrezarritako monarkiaren ordenamendu juridiko-politikoari dagozkion erabaki irmoak hartu ahal izango ditu.

Jarduera politiko horren adibide ikusgarrienetako bat (hauteskunde-iruzur masibo batean oinarrituta boterera sartzean txandaketa baketsuko sistema instituzionalizatzeaz gain) 1877an euskal foruak kentzea izan zen (ordura arte Espainiako ordenamendu konstituzionalarekin batera irautea lortu zuten).

Berriz ere Madrilen tertulietako kide izandako Fermin Lasala y Collado lagun zaharraren babesa izan zuen euskal probintzietan batere gogoa izan ez zuten neurria hartzeko. Batez ere "liberal-foruzale" deitutakoen artean haserrea sortu zuen, ezin baitzuten onartu foruak abolituta zigortzerik, azken iraultza karlistaren aurka modu erabakigarrian borroka egin ostean, bai iraultza garaian eta errepublika garaian, bai Sandhursteko agiriaren osteko Borboitarren berrezarpenean.

Beraz, Fermin Lasala y Colladok Espainiako parlamentuaren aurrean foruen aldeko diskurtsoa mugatu egingo du eta babes-jarrera hartuko du, aldez aurretik foruen aboluzioa saihesteko aukera oro galdutzat ematen baitu eta Espainia osoan orokorra baita karlisten etengabeko altxamenduen erruduntzat hartzen diren erakundeen aurkako aldarrikapena. Bestalde, Canovasi babesa emango dio, laguntasun-erakustaldi publikoak eginez, Donostiako jauregian udan ostatu emanez (Madrilgo Gortea Gipuzkoako hiriburura joatean), azkenean prentsa liberalen batek Malagako politikaria "Cristina-eneako idolo" gisa kalifikatu arte, eta hil osteko obra handia eginez (-"Última etapa de la unidad nacional: los fueros vascongados en 1876") bere jarrera eta Canovasena justifikatzeko foruen abolizioaren gaiarekin lotuta; testu horren arabera, gainera, Canovasek konpentsazio eta lagapen handiak egin zituen, esaterako "kontzertu ekonomikoa" deitutakoa.

Laguntasun luze eta estu horri esker, udan Gipuzkoara ohikotasunez joaten zen Antonio Canovas del Castillo, eta batzuetan historialari gisa landuko dituen gai batzuetan eragina izan zuen (adibidez, 1873ko data duten Los antiguos y modernos vascongados izeneko artikulua edo Juan Sebastian Elcanori eskainitakoa). Paradoxikoki, laguntasun horrexek ahalbidetuko du Canovasen aurka Michele Angiolillo anarkistak egindako atentatua; Malagako politikaria San Aguedako bainuetxean ur-bainuak hartzen ari zen bitartean, Arrasaten, 1897an, hainbat tiro eginda hil zuen.